Mirari eta Aintzane "Geuretik"
Bigarren diskoa dute jada Mirari Azkune (trikitixa, ahotsa) Markinarrak eta Aintzane Agirrebeña (panderoa, ahotsa) eibartarrak. Plazetan daukaten esperientzia grabazio honek daukan freskotasunaren arrazoietako bat izan daiteke. Bertsioak zein kantu propioak dauzkan lan honetan, pare bat instrumental animoso ere badaude, baita Mirariren birtuosismo erakustaldi zenbait ere (Korrika kantu apartan, adibidez). Maila handiko teknika izateaz gain, ahotsen jokua bereziki erakargarria da. Mirariren bikote musikala izan zen Zaloa Zenarruzabeitiak hiru kantutan kolaboratu du. Bertsioen artean, eta hiru ahotsekin lortu dezaketenaren adierazgarri gisa, Billy Joel-en Piano man kantuaren bertsio bereziki ederra. Baxua eta bateriaren erabilera ere nahiko zabala da, mexikoko doinuen kutsua ahaztu gabe, baina kantu propioen balioa azpimarratu behar dugu. Walter Tuzzeo ekoizlea eta baxu jolea diskoa amaitzeko gutxi falta zela zendu zen, eta hari eskainia dago.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: