Lotura "Erantzunaren zain" (Gaua Records)
2021eko “Automatak izan” lan luzearen ondoren, bueltan da Lotura taldea. Oraingoan lau kantuko E.P. batekin datoz. Lehen diskoaz gozatu zutenek pozik egoteko moduko argudioak izango dituzte berriz ere, taldearen oldarkortasuna eta indarrak bere horretan darraite eta.
Gitarra saturatu eta kañeroek kontrastea egiten dute batzuetan Iker Aginagaren ahots melodikoarekin (“Egunero” horren adibide), baina ahots ia guturalak ere ez dira falta lan honetan, batez ere “Hemendik ez” kantuan, baina azken honi buruz gero hitz egingo dugu. Gitarren boterea begi bistakoa da lan honetan, baita Ikerren ahotsaren egokitasuna ere (gero eta hobeto kantatzen du). Nu Metal estiloari egindako keinuak ere ez dira falta (“Galdetzeari utzi genion”, adibidez). Gainera, espero genuen moduan, oraingoan ere 90.hamarkadako Metal alternatiboa presente dago disko osoan. Aipatu azken kantuan zein beste batzuetan, ekaitza-barealdia-ekaitza formulak ezin hobeto funtzionatu du.
Zer aldatu da, orduan? Soinu orokorrak osotasun sentsazioa ematen du. Lan mardul eta boteretsu baten aurrean gaude eta pertzepzio hori iraunkorra da E.P.ak irauten dituen hogeita bat minutuetan. Baina batez ere Aitor Abioren teklatuek abestiei eman dien gorputza eta aberastasunak ezberdintzen du: aurreko lanarekiko eboluzio koherentea dela esan genezake, hobekuntza begi bistakoa dela azpimarratzeari utzi gabe. “Iparra galdu”n Aitorrek momentu jakin batean sartzen dituen teklatu bikoiztuek, amaierako pasarte motzek eta ñabardura zenbaitek lanari forma osatuagoa eman eta konposizioak borobiltzen dituela nabari dezakegu.
Gitarren tratamendua ere begi bistakoa da, filtroren bat pasa duten seinale. Guzti hau bere kabuz interesgarria izango litzake noski, baina “Hemendik ez” derrigor aipatu beharrean gaude. Orain arte egin duten lanik garrantzitsuena eta funts handiena daukana dugu, bere ia sei minutuetan ahots guturalak, gitarren eta erritmo basearen botereak, errezitatu raperoak eta teklatuekin atmosfera gorpuzteko nahi horrek beste maila batera eraman baitute. Kantu guztiak daukan koherentzia, osotasuna eta konplexutasuna zein intentsitate joku mozkorgarriak aurtengo Metal kanturik onenen artean sartuko dute ezbairik gabe.
Aitor Abio (Pi L.T., Matxura, Revolta Permament), beraz, aurreko lanean ekoizle izatetik teklatu jotzaile izatera pasatu da, taldeari aparteko bultzada emanez. Oraingoan, aldiz, ekoizlea Asier Zubelzu izan da nahiz eta berriz ere Fruizeko Gaua estudioan grabatu duten. Lotura boskote bihurtuta, ez dezagun ahaztu Aitor bera zuzenekoetan (teklatu jotzaile modura) jada bosgarren partaidea ere bazela. Zuzeneko talde oso oldarkorra, E.P. honekin eta batez ere “Hemendik ez” kantuarekin beraien ibilbidean armarri bat jarri dutenaren zalantzarik ez daukagu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: