Lotura "Automatak izan" (Gaua Records)
Ez dugu Metal taldeez jositako eszena daukagunik esango. Haatik, euskal eszenak jario xume baina amaiezina isurtzen darrai, arazoak arazo. Heavy Metala ez dago modan, garai batean hala izan bazen ere. Euskal Herri zabalean, baina, han eta hemen kalitate handiko taldeak sortu dira azken urteotan ere. Lotura taldea Durangoko Azokako Ahotsenean ezagutu genuen, hain zuzen Plateruena aretoan. Zuzeneko zital hark eta partaideen jarrera oldarkorrak eraman gintuen disko honetara, eta entzunaldiak ez digu hutsik egin. Indarra lau haizeetara zabaltzen duen proposamen horietakoa dugun arren, gitarra riffei arnasa hartzen uzten diete, eta bultzada mota ezberdinen konbinaizoek freskotasuna mantendu arazten diote; entzunaldia, hortaz, aski atsegina egiten da. “Zaunka” kantua izan zen diskoaren aurkezpena, bideoklip eta guzti.
Aurkezte aproposa, diskoko errepikarik esanguratsuenetakoa daukana. Bikoiztutako ahots joko hori bera antzeman genezake “Zenbat aukera”n ere. Metala dantzagarria izan bada, batez ere sonoritate hauek nagusi izan ziren garaian izan zen. 90.hamarkadako testurak eta jarrera dira nagusi hemen. Bortizkeria mota hark kontraste joku interesgarria egiten du ahots melodiekin, eta hainbatetan Nu Metalaren lurraldea zapaltzen dutela ere begi bistakoa da (“Berriro” eta “Batera isolaturik”, adibidez). Gitarra riff etenak ere presente daude “Ispiluaren bestaldean”, eta rap fraseatze zenbaitek ere hamarkada hartako hip-hop eta heavy metalaren arteko hibridazioak gogora ekar ditzakete. Erritmo hiltzaile eta etena ere nagusi da “Borrero eta urkatua”n, azken hau koska bat oldarkorragoa den arren. Kantu hauek entzutean, zuzenekoetan egin dezaketenaren irudia guztiz erreala dela frogatu dezakegu, gainera. Zortzi kantuko lan honek intro eta owtroa ere hartzen ditu bere baitan.
“Izan” izeneko owtroa nabarmenduko genuke: Minutu t’erdiko harribitxi hilezkorra, guztiz instrumentala eta sentimendu flotatzaile intentsuen jabe ere bada, eta hori batik bat gitarra doinu malenkoniatsuak bultzatzen du. Hemen ere, disko osoan bezala koltxoi moduan bada ere, Aitor Abio ekoizlearen teklatuak presente dauzkagu. Aitorrek produkzio lanak egin bazituen ere, Durangon taldearekin jo zuen, beraz elkarretaratze hau finkoa izango denaren esperantza mamitsuak dauzkagu. Ez dugu uste Euskadi Gaztean asko jarriko duten lana izango denik, baina mundu hau sorpresaz beterik dago, eta gutxien-gutxienez etorkizun hurbilenean jarraitzaile multzo trinko bat lortzeko moduan daude. Orain behar dutena errodaje moduan balioko dien kontzertu sorta lotzea da, eta hortik gauzak finkatzen joango dira. Anestesiaren telonero izateko hautatuak izan ziren, eta birusaren ondorioz kontzertu hori egingo ez den arren, maiatzerako iragarrita dago emanaldia. Adi, beraz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: