Lluis Llaceh agurra (Bastero, Andoain) 2006-12-1

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2006-12-06 22:52

      Barañaingo emanaldiaren kronika ere idatzi nuenez, ez naiz hemen asko luzatuko. Bakarrik esan ez garela inoiz aspertuko Vergesekoa ikusteaz. Bera bezalakorik ia ez da geratzen: beste garai bateko gizona dirudi, baina era berean, modernoa da eta gaur egungo gizartea ezagutzen du. Beste garai batekoa, adierazpen askatasunik ez zegoenekoa, bere ama hizkuntzan kantatu ezin zuenekoa; baina bera izan da hain justu garai haiek atzean uzten gehien saiatu dena. Ostiral gau hontan berriz ere argi geratu zen hori: kanta gehienak 80.hamarkadatik aurrekoak jo zituen. Hortik atzera, gutxi batzuk bakarrik. Haien artean: “Encara” (1979), “Ítaca” (1975), “Que tinguem sort” (1974), eta “El día” ineditoa. Apustu ausarta, beraz. Bi ordu terdi taulagainean, eta benetan gogoak ematen dion musika jotzen. Zer esanik ez, berriro ere “sold out” izan zela gau hontan, Barañainen bezala. Hots, jendea kalean geratu zela sarrerarik gabe. “Geografía” “Un núvol blanc” eta “Maremar”, beti bezain politak izan ziren. “Verges 50”, bere haurtzaroko hainbat oroitzapenekin, eta instrumentazio pasarte ederrekin, berriz ere borobila irten zitzaion. “Alé” beste behin entzuteak (agian azken aldiz?) ez dauka preziorik. Halaxe ikusi zen, ixiltasun totala egon bait zen, ixiltasun sentitua, kanta amaitzean gaueko txalokadarik luzeenetako bat jaso zuelarik. Abesti berrienak berdin gozatu ziren, nahiz eta ziur asko ez oso ezagunak izan: “Tendresa” (1998) edota “Veritat i mentida” (2000). “Salvador” filmerako grabatu dituen abestietako bat ere eskeini zigun. Puig Anticen heriotza krudelaren oroitzeak “beste” garai haiek gogorarazi zizkigun. Makina bat aldiz atera behar izan zuen, jendeak hala eskatuta. Gaur jakin dudanez, Valencian “L’Estaca” jo zuen; euskaldunok ez genuen zorte hori eduki! Eta oraingoan bai, Andoaingo emanaldi hau euskaldunontzat azkenekoa izan zen. Martxoan emango du azkena, Manresan. Badoa, beraz, artista katalana, euskaldun kantautoreen anaia, euskaldunon anaia.

                Benito Lertxundirekin zenbait antzekotasun ikusten dizkiot (bakoitzak bere estilo propioa duela hasieratik argi utzita): Biek instrumentazio handia eskeintzen dute bai diskoetan zein kantaldietan. Diska kontzeptualak oso gustoko dituzte, eta hala erakutsi dute bere zenbait diskotan, hala nola “Zuberoa/Askatasunaren semeei” edo “Altabizkar/Itzaltzuko Bardoari” lanetan oriotarrak; “Viatje a Ítaca”, “Campanades a Morts” eta abarretan katalanak. Biek emankortasun harrigarria dute bere karreratan, disko mordoa atera dutelarik, eta azkenik, biek apustu arriskatua egiten dute, kontzertuetan klasiko zaharretago gutxi batzuk bakarrik joaz eta kanta berriei lekua eginez.

                Bestalde, pena da Lluísen belaunaldiko artista katalanak Euskal Herrira hain gutxi etortzea, zorte txarra dugu zentzu hortan. Raimon, Ia-Batiste, Sisa, Pau Riba, María Del Mar Bonet ikustea...Uf! Hori bai ametsa. Beno ba, kontsolatzeko Abenduaren 14an Joan Manuel Serrat ikustera joango gara Kursaalera. Hura ere gau polita izango da.

                    SET LIST:

            Geografía

            Un núvol blanc

            Tinc un clavell per tu

            Veritat i mentida

            Maremar

            Encara

            El día

            Alè

            Tendresa

            Jo hi sóc si tu vols ser-hi

            Verges 50

            Ìtaca

            Que tinguem sort

            Amor particular

 

              * Guztira 18 abesti jo zituen 2ordu terdian. Hemen 14 abesti ipini ditut. Beste lauen izenburua ez bait nuen lortu.


Utzi iruzkina: