LAUMONO "UMEZURTZAK JUPITERREN"
Berri onak rock/hard/blues zaleontzat, hamaika urte itxaron behar izan dugun arren, indar betez itzuli baita mutrikuko laukotea. Akaso euskal eszena haien faltan egon da urte guzti hauetan, erakusten duten erraztasun eta musika-jario mota hori apenas existitzen baita gurean. 70.hamarkadan daude Laumonoren sustraiak: dezibelioz bustitako blues rock aske eta bizigarria, askotan Hard Rock egitura zenbaitekin borobildutakoa; Ricard Garagarzaren ahala, nota zinez altuak aski erraz harrapatzen dituena (zenbatek kantatzen dute horren altu?), eta Jon Iturrinok gitarrarekin erakusten duen asmamena. Ezaugarri guzti horiek berezi egiten dute Laumono. Ricarden ahotsa, haatik, kantuen zerbitzura dago uneoro, eta ez du erakustaldiak egiteko intentzio berezirik erakusten. Aldiz, momentu egokia aukeratzen du goranzko bidea hartzeko, eta horrexegatik da hain lehergarria.
Ixiltasunen kudeaketa eta kantuei arnasa hartzen uztea da emaitza hain desiragarri egiten duena. Iturrinok egiten duen riff festa etengabea da lan osoan, eta erritmo aldaketak konstanteak bezain aberasgarriak dira. Laumonok hirugarren lan honekin lortu du bilatzen ari zen soinu garbi eta indartsu hura, eta Axular Arizmendik AME estudioan egindako lanak zer ikusi handia izan du horretan. Etendako erritmoak, intentzioz jositako aldaketa hiltzaileak, eta hitzak: gai sakonetan murgildu ordez, estiloarekin bat datozen paisai dibertigarriak, batzuetan pikanteak eta zenbaitetan kostunbrismo trazadunak proposatzen dizkigute. Diskoa boteretsua da lehen bost kantetan. Soinu indartsua, han-hemenka gitarra soloak, errepika garbiak, heavy rock trazak... “Alkolitxua”, bideoklipa ere badaukan lehen kanta, esan dugun horren adierazgarria da. Koruak aipatu ez ditugun arren, presente daude disko osoan, bi ahotsetan baita batzuetan hiru ahotsetan ere. Gainera, “Gaueko Lainotan” edo “Andramostrua” piezetan erakusten duten feelingak kontzertuak berotzeko bereziki egoki bihurtzen ditu.
Bigarren erdian gertatzen da, ordea, leherketa nagusia. Bapatean, kantak jario berezi batez bustiak dirudite. Era oso natural eta bizian, “Bare bare”, “Dizdira” edota bereziki “Aske nahi det” pizgarriarekin (Laumonoren kanturik onena?), errepika gogoangarriak, koru dirdiratsuak eta klasikoen zaporea dira nagusi. Rory Gallagherren magia sentiarazten digute, baina Whitesnakeren lehen etapak hobeto definitzen du laukotearen artea. Azkenerako, beste sorpresa bat: “Jupiter” izeneko bost minutuko orgia instrumental landua, arrapaladan datorren Iron Maiden estiloko trosta, crescendo kartsua, eta baxuarekin bikoiztutako gitarra. Rock musika dantzatu ezin daitekeela esaten duten horiei erregalatzeko moduko diskoa. Kasu egin.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: