Lamiak "Itzalak, argiak"
Norabide bakarra, goranzkoa
Donostiako hirukotea bueltan da; egia esan, ez da inoiz joan, baina azkenaldian sarean argitaratutako abestiei berri batzuk gehituta, hamar kantuko disko interesgarria osatu dute. Baliteke lan berriak aurrekoak (“Itsuen aroa”) baino gatz gehiago edukitzea eta sonoritate apur bat gogorragoei lekua utzi izana ere. Ez dugu, haatik, eskema aldaketa sakonik somatuko, ahotsaren leuntasun gehiegizkoa nagusi baita kantuotan. Ñabarduretan dago lorpenik handiena, hala ere, baina oraingoz azaldu dezagun Lamiaken zutabe izaten jarraitzen duen klabea: melodien apaltasuna, leuntasuna, goxotasuna... nahi duzuen bezala azaldu. Aldiz, atzetik datorrena sostengu instrumental sendoa da, oraindik ere Stonerraren traza batzuk mantentzen dituena.
Guzti honek rock alternatiboaren lurraldera daramatza, eta Berri Txarrakekin dauzkaten antzekotasunak begi bistakoak dira hala pasarte instrumental zenbaitetan nola ahotsaren tratamenduan zein melodien egituran. “Eskerrak” eta “Kaioletan loreak”ekin hasiera-hasieratik argi geratzen dira argumentu guzi haiek. Egia da “Bigarren mundu bat”en melodia polita eta hedakorra dela, eta gainera (zorionez) tonua altxatzera ausartu direla, era nahiko umilean bada ere. “Krokodiloen malkoak” pisutsuagoa da, Stoner Rockari era intentsuago batean ekiten dio, melodia hobea dauka eta gitarraren jolasak irudimentsuak dira. Gitarra joku pizgarriak “Argiak” kantuan darrai, era sinple eta erakargarri batean gainera. Ahots monokordea eta instrumentazio boteretsuaren arteko kontrastea begi bistakoa da, haatik, era oso nabarmenean gainera.
Bigarren erdiak eta bost kantu haietan erakutsitakoak planteamendua errotik aldatzen ez badute ere, parametro ezberdinetan kokatzen dute azken emaitza. “Otsoak” amorrazio handiagoarekin hasten da, eta gainera pasarte erdiakustikoak eta geldialdi motz batzuek borobiltzen dute. Kantu hori “Orbainik ez” motz eta zitalarekin lotzen dute, taldearen bertuteak biderkatuaz. Gainera, azkenik, ahots tonua apur bat gorago altxatzen dute. Beste kantu motz batek (“Gure izena”) apustua igotzen du. Gogorra, zikina eta azkarra, hirukoteak eman dezakeenaren adierazle azpimarragarria dugu. Gainera, koruen gatza eta piperrak dena borobiltzen du.
Horregatik nabaritzen dugu beherakada “Amildegira begira” kantuaren hasieran, azken abestiekin lortutako guztia moteltzen baitu, amaiera aldera daukan sorpresa zoragarriak (koru magiko haiek!) pultsazioak igotzen dituen arte. Eta azkenik, “Isiltasunean” top zerrendetako arrakasta izateko hautagai mardula dugu. Doinu polita, hasiera lasaiari jarraitzen dion crescendo guztiz argitsua, intentsitate eta erritmoen arteko joku eta elkarrizketa pizgarria... Eñaut Gaztañaga ekoizleak lortu dezakeen grand finale epiko horietakoa dugu, melodikoki aparta, eta soinu eta atmosfera hunkigarriak dakartzana. Disko honetan erakutsi dituzten bertute guztiek hirugarren disko handiago bat ekarriko dutelakoan gaude. Zuzenekoetan, hori bai, egurra bermatua dagoela ziurtatu dezakegu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: