Krin. "Krin" diskoaren iruzkina
Hondarribiako Psylocibe Musika Elkarteak ekainean argitaratutako “V/A P30” bilduman “Zaldiak” kantua sartu baino lehenagoko diskoa dugu hau, hain zuzen ere martxoa aldera argitaratu zena. Kantu horrek disko honetan “Zaldi Beltzak” izena du, eta geldoagoa eta luzetxoagoa da. Irungo laukoteak batik bat giroa eta izpirituari erreparatzen dio bere kantuetan, modu errepikakorrean girotutako erritmoek entzulea sorgintzen duten arte. Gitarraren boterea eta Wah Wah efektuaren erabilera dira, gainera, hemen nagusi. Hitzek ez dute kantuen planteamendu nagusian garrantzi berezirik, nahiz eta askotan lagungarri bikaina diren. “Hortza hortz truk” instrumentalak ematen dio hasiera hamaika kantu eta berrogehi minutu gustagarri dauzkan lehen lan luze honi. Askotan, talde batek eman dezakeen mailaren erakusleak izan daitezke kantu instrumentalak, eta ia bost minutuko orgia honetan badago zer entzun eta zer gozatu, geroagoko bultzada lehergarririk gabe bada ere.
“Lehertu” ere, hitzak dauzkan arren, esentzian instrumentala da. Erritmo oso markatuko pieza, rock oso fuertea da zentzu guztietan. Errepikarik ezak eta pasarte batzuen indarkeriak noise rocka ere gogorarazten diguten arren, batik bat Garage Rocka lantzen dute, modu gordin eta erabatekoan gainera. Lehen aipatu dugun “Zaldi beltzak” kantuan harmonikaren erabilerak eman digu sorpresa, zikintasuna bere gordintasun osoan gailentzen den arren. Kantu honek badauka gero bere leherketatxoa, baina leherketetaz hitz egin behar badugu, festa “Do” gogorrarekin hasten da. Gitarraren pedalek bortxaz hartzen dituzte momentu klabe guztiak, eta ingelesez kantatutako beste bi kantuetan bezala (“Deathcramp” eta “I won’t run”) indar handiz beztitzen dituzte.
Alta, eta boterea zein kalitateaz hitz egin behar badugu, badira pareko gutxi dituzten hiru pieza: “Gorrotoa” amorratua (ekaitza-barealdia-ekaitza formula eta ia post hard-core grina daukana), “Energiak” gitarzale, tentsiodun eta guztiz dantzagarria (Ezezez eta Rukula taldeekin hirukote ona osatuko luke Krin-ek dantza egiteko pentsatutako jaialdi batean) eta Wah wah efektua bereziki modu ikusgarrian erabiltzen duen “Gaueko ahotsak” markatzailea. Bateriaren kaxa guztiz lurrazpikoa eta iluna da ia disko osoan, erritmoak setati eta itzaltsuak, eta hori gutxi balitz arlo psikodelikoa sakonki landu dute disko osoan. Retrobidaiatzat hartuko dute batzuek diskoa, baina gaurkotutako izpiritua gailentzen dela uste dugu. “Nitik at” kantuaren gantxoa eta erabatekotasuna azpimarragarria da gainera, bakerik ematen ez duten hiru minutuetan entzulea guztiz murgiltzen duten pieza horietakoa baita, Man Or Astro-Man? estatu batuarrek egingo luketenaren moduan. Errepikei nahita ihes egiten dien disko honetako atmosferen nagusitasuna borobiltzeko, lanari amaiera ematen dion “Munduaren ertzetik” dakarkigute, ahotsaren urruneko efektua eta iluntasuna gailentzen diren lau minutuetan. Orobat, kalitatezko lan anitza dugu, gaztetxeetara, aretoetara zein Azkena Rock bezalako jaialdietara eramateko aproposa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: