Konfinamendu aurreko oroitzapenak.

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2020-11-27 19:00

pyromanya@hotmail.com 1606473285787

Duela urte bete inguru izango zen. Kontzertuak nahi beste ikusteko aukera genuen. Lekuak eta artistak aukeratu, ordutegi eta tokien arabera eguna planifikatu eta egun berean pare bat kontzertu ikusteko moduan izaten ginen askotan. Zenbaitetan Bilbon bertan ia ordu berdinean bizpahiru kontzertu egon zitezkeen, eta ordutegien kontuagatik hainbat emanaldi galdu ere egiten genituen. Logikoa, noski. Orain konturatzen gara zeinen ondo bizi ginen. 2020Ko azaro honetan ondoko herrira bakarrik mugitu gaitezke, eta udan kontzertu mordoa egon den arren (askortan ikusi ditut egun berean pare bat kontzertu, beti herri ezberdinetan) beherakadatxo bat nabari da. Gainere, Plateruenak agur esan digu: abenduaren 31n itxiko ditu ateak. Ia barneratu ezinik gabiltza. Nola arraio pasa da? Non egon gara ikusleok? Antzoki dotorea, handia, hiri handi bateko tamaina eta zerbitzuekin... Pikutara.

Hau dena pasako da, eta gure kantagintzak aurrera egingo du, baina kontua da bidean zenbat geratuko diren. Aretoak, soinu, argiztapen, produkzio eta garraio enpresak, diskoetxeak, banatzaileak, jaialdiak, aldizkariak... Jende asko oso gaizki pasatzen ari da, eta guzti honen ondorioak kalkula ezinak dira momentu honetan. Disko askorenargitaratzeak eta zer esanik ez, aurkezpenak, bertan behera geratu dira. Azpiegitura sistema guztia (sistema hori egon, bai baitago, bere gabezia guztiekin) kolokan jar daiteke. Disko eta liburu dendak garai honetara egokitzen saiatzen ari dira, baina jasotzen ari diren egurra latza izaten ari da.

Duela urte bete gauzak ezberdinak ziren. Esaten nuen moduan, pare bat kontzertu egun berean ikustea nahiko erraza zen, batez ere kotxea izanez gero. Hiru ikustea, zaila den arren, egin daiteke zorte asko edukita. Baina egun berean lau ikustea sekula egin ez nuen afera zen. 2019ko azaroaren 28an, osteguna, lau kontzertu ikusi nituen Bilbon, eta hurrengo egunean beste bat, baina horrek ez dauka garrantzirik. Eguerdiko 13:00ak ziren Joseba B. Lenoir Power Records disko dendan bere lan berriaren aurkezpena egiten hasi zenean. Mikrofonoa hartu eta “Instroak vol. 3” lan berriari buruzko azalpenak ematen hasi zen. Zein gauza ederra, euskal artista bat bere sormen berria aurkezten ikustea, begietatik ilusio dirdira dariola. Aurkezpena amitutakoan lan berriko pare bat kanta jo zituen bertaratu ginenontzako. Kontzertua baino gehiago aurkezpena izan zela onartzen dut, baina emanaldi musikala ere aurkezpen horren parte izan zen.

FNACen egiten diren kontzertuek artistei baino gehiago FNACi berari egiten diote mesede gehien. Horregatik askok ez dute aurkezpen mota horietaz ezer jakin nahi. Batzuetan lau katu egoten dira haiek ikusten; bestetan, aldiz, lekurik gabe gelditzen gara jende andana bildu delako. Beste batzuetan (Savia eta El Drogasen kontzertuak oroitzen ditut) tranpa egiten digute. Kontzertu normal bat bezala iragarri eta gero diskoa erostera behartu kontzertu gunera sartzeko. Bilboko FNACen taberna egon zen hainbat urtetan, duela hiruzpalau urte kendu zuten arte. Noski, jendea gehienetan kontzertua ikustera joaten da, ez kontsumitzera. Azaroaren 28 hartan, arratsaldeko 19:00etan Tania García izeneko artista bat zegoen programatuta. Ez dut askorik gogoratzen: ahots oso ederra eta teknika handikoa zeukan, eta kantuei buruz, gazteleraz amodio, desamodio eta gai erromantikoak lantzen zituela oroitzen dut. Nire estilotik urrun nabaritu nuen, eta bere abestiak gantxo askorik gabeko saiakera ahulak.

20:00etan izango zen seguru aski Pettiren emanaldia. Erronda kalean dagoen BIRA Kulturgunean izan zen. Taberna izateaz gain, kontzertu eta emanaldiak antolatzen diren elkargunea ere bada BIRA. Gogoratzen dut apur bat berandu hasi zela eta ikusleen artean Goizalde Landabaso zegoela. Pettik bakarrik jo zuen, baita areto osoa bete ere bere ahots sakon eta sentiberarekin. Bakarka indar handia erakusten duen artista dugu. Bluesa ulertzeko daukan erak berehala konektatzen du ikuslegoarekin, eta tarteka egiten dituen ahots erakustaldiek txalo zartada mordoa jaso zuten. Berandu hasi zen, eta amaitu baino lehen, pena handiz izan bazen ere, alde egin behar izan nuen.

21:00etan Kafe Antzokian kartel bikoitza genuen zain: Olatz Salvador eta Sua taldea. Lehena Olatz Salvador izan zen, talde konpletoarekin gainera. Bere “Zintzilik” 2018ko disko onena izan zen niretzat, eta horrela hautatu nuen bai Mondo Sonoro zein Badok webgunerako egiten dizkiguten galdeketetan. Zuzeneko itzela izan zen, non estudioan lortutako magia oholtza gainera hain modu fidelean eraman izanak txunditu ninduen. Banda aparta eta nortasun oso berezia daukan protagonista gure aurrean. Oso tarteka agertzen dira maila honetako artistak. Ondoren, Maruri-Jatabeko Sua taldea. Orduan berri berria zen beraien lehen lan luzea, “Ordu beltzak”. Gainera, 2019an bertan atera zuten lau kantako lana urteko euskal E.P.rik onena izendatu zuten Zarata/Mondo Sonoro aldizkari eta webgunean. Zuzenean ematen duten egurra eta bi nesken boterea (Ane Barrenetxea abeslaria eta Janire Lopez baxujole, teklatua eta bigarren ahotsa) erabatekoak. Hunkigarria izan zen han ikusitakoa: teknika eta soinu ona erakutsi zuten, baina guztiaren gainetik musikarekiko pasioa eta kemena azpimarratuko nituzke.

Egun konpletoa izan zen, beraz. FNACeko kontzertuan izan ezik beste guzietan argazki mordo atera nuen eta haietako batzuk sare sozialetan argitaratu. Hemen bat bakarrik jarri daitekeenez, aukeratu behar izan dut. Normaltasunez bizitzen genuen bizitza kulturala eta beste guztia. Orain, gauzak aldatu diren arren, kultura eta batez ere euskal kultura lagundu eta babesteko gauza asko egin ditzakegu. Instiruzioek ere esku hartu beharko dute auzi honetan, baina ez gaitezen beti haien zain egon, bestela jai baitaukagu, eta bultzatu dezagun gehien maite duguna: gure kultura, gure artea, gure biziraupena. EROSI euskal liburuak, diskoak, filmeak, aldizkariak, egunkariak. Joan gaitezen gure herrian edo albokoan gure artisten emanaldietara, eros diezaiegun han bertan beraien azken lana eta irribarre eta animoak eman gure bardoei. Hor erabakiko baita beraien etorkizuna; gure biziraupena.


Utzi iruzkina: