KASKEZUR "Sonic Youth beti daukagu buruan"

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2019-12-13 21:29

fucktotum 1576346106789

 

“Ihesi doaz animaliak” (Mukuru) argitaratu berri du Baztango laukoteak, formazio berriarekin egin duen bigarrena, eta hartutako maila nabarmen gelditu da, are gehiago ekoizlea bera ere (Ibai Gogortza, Borrokan taldekoa) berbera izan denean. Talde oso berezia dugu, soinu neurtua, atsegina eta itxuraz monotonoa (itxuraz, esan dugu) landu dezakeena, baita baita erritmo aldaketa bortitz eta kanta azkarrekin uztartu ere. Oldarkortasun momentuak badauzkate han eta hemen, azken emaitzari interes bortitza ematen diotenak.

Berako Atala estudioan grabatu dute, eta Miren Narbaiza “MICE”-ren kolaborazioa izan dute kanta pare batean, baita Joseba Irazokirena ere, bere “Euria ari du” (hemen soilik “Euria” izenarekin) kantaren bertsioan. Taldearen sorreratik jarraitzen duten bakarrak Ion Mindegia eta Iñigo Belzunegi dira, gitarra jole ata kantariak biak ala biak.

Disko borobila osatu duzue, era dotorean ekoiztua; planifikazio baten emaitza dirudi. Horrez gain, erritmo aldaketak nabarmenak dira (“Gora!” edo “Eta gero zer”-en adibidez) hainbat piezetan. Orain arteko diskorik zentratuena eta era berean anitzena da hau?

Mila esker. Zentratuena ez dakit, baina baliteke bai anitzena izatea. Ez dugu diskoa edo osatzen duten kantuak plano bakarrean landu nahi izan, baizik eta aniztasun hori indartu. Kantu gehientsuenek ez daukate erritmo bakar bat; haustea eta berriz konpontzea izan da helburua. Xumeki saiatu gara horretan.

Ibai Gogortza (Borrokan) zuen grabazioetaz arduratzen hasi denetik (aurrekoa, “Azpisugeak” 2017koa) asko zentratu zaretela ikusten da. Zuen soinua erabatekoa da orain, osotasun bat dauka nahasketan eta azken emaitzan. Arrakastatsuena ere izango delakoan nago.

Bai kantua konposatu eta egituratu ondoren hasten gara beti Ibaiekin lanean. Berak ematen digu ahots inpartziala eta bere iritziaren arabera birmoldatzen edo aldatzen ditugu zatiak. Batzuetan gertatzen da aldaketa txikiak daudela; besteetan, zerotik hasten gara berriro kantuarekin. Gero nabari da osotasun horretan, zuk erran bezala, baita kolore eta dinamika orokorrean. Arrakastatsu izatearena ez dakigu, ahalik eta jende gehienek entzutea ongi dago, baina arraroegiak gara. Arrakasta hitza potoloegia da guretzat.

Abesti azkarrak egoteko abilezia berezia duzue, nahiz eta gero geldiune puntualak egin hainbatetan. Bateriaren soinuak erritmo guztiak asko markatzen ditu, bereziki kaxak.

Milaka buelta ematen dizkiogu kantuei entsegu lokalean, harik eta partaide bakoitzak barneratu arte. Gure arteko sinbiosia bilatzen saiatzen gara, bat bezala soinua egin dezagun. Eta Mikelek maite du pila bat jazz-a, baliteke hortik etortzea kaxarena.

Gitarrek 90.hamarkadako talde esanguratsu batzuen eragina daukate ezta? Nahiko nabarmena da Sonic Youth-en eragina, baina ziur beste askok ere inspiratu zaituztetela (Pixies eta The Cure aipatu izan dituzue).

Sonic Youth beti daukagu buruan, hori seguru. Disko honetarako aunitz aditu dugun beste disko bat, betitik etxean eduki izan duguna baina azkenaldian milaka entzute izan dituena, Wilcoren "A ghost is born" izan da, nola lantzen dituen ekoizpenean Jim O'Rourkek isiluneak eta aldi berean soinu edo asots eztandak. Jim O'Rourke bera Sonic Youth partaide izandakoa da.

Miren Narbaiza MICEren laguntza izan duzue “Gora!” eta “Buztinezkoa” kantetan. Bigarren hori guztiz bibrantea da; zuen kanta azkar horietako bat da baina badauka gantxo oso berezi bat. Rock brutala da!

Mila esker. Guretako ohore bat izan da Mirenek parte hartu nahi izana. Orain dela urte pare bat ezagutu genuen elkar eta ordutik beti izan dugu buruan. Aurreko diskoan "Azpisugeak" diskoan badago gainera "Arantzez josita gaude" kantua, berari irakurritako elkarrizketa baten harira suertatu zena. Eta grabazioan ere egon zen, Joseba Baleztenarekin etorri zen estudiora eta orduztik ezagutzen dugu elkar. Bere musika arras gustoko dugu betitik, bai Napoka Iria eta baita noski MICE-rekin egindakoa ere.

“Euria” ere aipagarria da, benetan limurtzailea eta harrigarriki borobila. Zuen diskoaren aurrerapen kantua izan da, beste kantekin zerikusi berezirik izan ez arren. Kuriosoa da, baina Joseba Irazokiren bertsio (oso librea, hori bai) bat da. Gainera, Josebak berak gitarra jo du bertan!

Bai alde batetik musikarekin hasi ginen bueltaka. Letra sartzeko orduan, hasi nintzen kantatzen entseguetan Joseba Irazokiren "Euria ari du" kantaren letra eta borobila gelditzen zen. Ematen zuen gure musikarendako egina zegoela letra. Ibaik, Joseba Irazoki eta Lagunak-en partaide denez, aipatu zion Josebari eta gerora, idatzi genion erranez. Berak baietz eta oso kontent gainera, baita Dani Irazokik ere. Dani Joseba bezala Beratarra izateaz gain, letraren egilea da. Estudiora etorri zenean Joseba Irazoki handia gure musikaren gainean bere gitarra soinuak sartzen ikustea brutala izan zen.

“Keinuak” kantan, adibidez, ahotsaren goxotasuna oso nabarmena da. Atzetik entzuten den erritmo monotonoa eta ohiko intentsitate igoerak trantze moduko egoera bat sortu dezake... Zuzenekoetan hau bezalako kantak eta “Buztinezkoa” edo “Pasokoa”ren arteko kontrastea ikusgarria izan liteke...

Bai, hori nahita bilatzen dugu. Diskoaren polarizazio hori, gero zuzenera eramaten duguna. Egia esateko, kanta horretan Jim O'Rourke bera izaten saiatu nintzen, bere erara kantatzen, super natural eta super normala. Beldur pixka bat ematen digu entzutean, horrela efekturik gabe ahotsa, baina espero gainontzekoei gustatzea, kar-kar.

Ibai Gogortza kontroletan, Iñigo Irazoki teknikari lanetan, Joseba Irazokiren parte hartzea, Atala estudioan eginiko grabazioa... Ondo baino hobeto lagunduta egon zarete. Gero nola nahi duzue jendeak Bera Rock City hitza ez erabiltzea? Kar-kar. Berako faktoriak ba al dauka limiterik? Liburu bat idazteko adina artista atera dira bertatik.

Beran dagoena da izugarrizko maitasuna musikarekiko. Ez dira musikazaleak bakarrik, musika maitaleak dira. Badago hor Katakuren inguruan biltzen den jende mordoxka bat, jende oso jatorra eta musikarekiko konpromezu handia duena; bai entzule, bai egile bezala. Gu Baztandarrak izaki, oso gustura gaude Beratarren artean. Luxu bat da guretako Iñigo eta Ibaik gurekin egiten duten lana, adibidez.

Jon eta Iñigo, biok kantatu eta gitarra jotzen duzue. Nork kantatzen du gehien, eta zein kantuetan? Ahotsak oso neurtuak daude. Kontzeptuari lotuta eta nolabaiteko leuntasuna bilatu duzue? Ez al duzue momenturen batean oihu handi bat botatzeko tentaziorik izan?

Ia neurri berdinean eta kanta kopuru berdintsua kantazten dugu. Hain dira ezberdinak gure ahotsak. Iñigorena leuna eta atmosferikoa eta Ionena zuzena eta garratza. Kantu bakoitzak eskatzen duena momentu bakoitzean. Eta lasai kantatzearena, ez dakit, horrela otu zaigu hontakoan. Natural eta libre kantzea, dramatizaziorik gabe. Bota ditugu oihuren batzuk hala ere, kar-kar.

Zuek biok zarete hasieratik jarraitzen duzuen bakarrak. Baina aurreko diskoko formazioa mantendu duzue, eta horrek azken emaitzan eragina izan duelakoan nago. Mikel Santxez da bateria jolea eta Imanol Zubieta baxua. Nongoak dira haiek, eta bide batez, nongoak zarete Jon eta Iñigo, eta aurreko taldekideak?

Taldea Elizondon sortzen da orain dela urte pila bat, Iñigo eta Ion, biok, Elizondokoak garelako. Orduztik egon gara guztira 8 pertsona, eta denak gara Kaskezur nolabait errateko. Denak ingurukoak gara; Lander Santamaria Elizondokoa, Phillippe Santamaria bezala, biak lehengusuak eta biak bateria joleak. Luismi García Doneztebekoa, Eko4 taldean ezagutu genuen elkar. Ainara Ibarra Sunbillakoa da, eta hasieratik egon da orain dela 5 urte arte baxua jotzen. Mikel gurekin hasi zen "Azpisugeak" grabatu baino 4 hilabete lehenago, Phillippe mitikoaren bizkarreko arazoak medio, pena handiz baina taldea utzi behar izan zuelako, eta ematen diguna da indarra, limiterik gabeko energia eta musikarekiko pasioa. Imanol 2014an hasi zen Kaskezurren. Ainarak berak proposatu zuen Imanoleri deitzea berak uztean eta lehendabiziko egunetik sinbiosia brutala izan da. Beti ilusioa topera dauka eta taldeari ematen dio hezurdura eta egonkortasuna. Kaskezurren estilorako baxujolerik hoberena da. Biak ere Kaskezur dira orain 100%-ean.

Zuen ibilbideak momentu tragiko bat bizitu zuen Lander Santamaria bateria jotzailearen heriotzarekin. Hark maketa grabatu zuen 2005ean, eta lehenengo diskoan (2008) jada Luismi Garcia entzun dezakegu atabaletan. Noiz jazo zen Landerren heriotza eta nola eragin zizuen?

Lehenik eta behin laguna zen, taldekide baino lehen. Txikitatik ezagutzen dugu elkar, batez ere Iñigok, berebiziko lagunak baitziren, eta elkarrekin musika jotzen aritu baitziren 12 urtetatik. Kolpe ikaragarria izan zen guretako, lehenik eta behin lagun handi handi bat joaten zaizulako, bere irria, bere bizipoza. Handia zen Lander eta musika maitatzen zuen pila bat. Taldeak momentu horretan ez zuen garrantzirik, egingo genuen zerbaitere eta listo. Laguna zegoen lehen. Hala ere, ordutik egindako kantu guztiak, beretako izan dire. Badakigu gustatuko litzaiokeela bere taldeak egin duen ibilbidea.


Utzi iruzkina: