Kashbaden itzulera
KASHBADEN ITZULERA
Jada ofiziala da: 13 urteren buruan Errenteriako taldea bueltan da, 2001ean desegin eta gero. 2007an berriz elkartu zirela egia da, 3 kontzertu emateko soilik izan bazen ere. Orain, 2014ean, bere historiako lanik onenarekin itzuli dira: “Arrakala” (Bonberenea Ekintzak). Lan honetako “Malabareak” eta “Arrakala” bera, adibidez, aurtengo abestirik onenen artean egongo dira, ziur.
Guzti honen gauza bitxienetako bat, taldeak elkarrizketarik ez ematea erabaki izana da. Nahiz eta azkenean Berriari aukera hori eman, finean, komunikabideekin hitz egitea inoiz gustatu ez zaiela esan daiteke. Oholtza gainean azaldu nahi dute beraien talentua. Eta diskoetan noski, disko dotore eta berezietan, azken honetantxe bezala. Momentuz ikusmina nahiko handia da, eta lan berria, apirilaren 30ean argitaratu zena, entzuten duen orok sentituko du.
Disko honetan, hain zuzen, lortzea oso zaila den gauza bat erdietsi dute: abesti guztiak maila oso altukoak izatea. Eta ez hori bakarrik, aniztasun harrigarria eta mila koloretako momentuak aurrera ateratzea. Hainbat momentutan, 90. hamarkadako rock alternatiboa ekarri dezakete burura (“Arrakala”, “Nor gehiago”…), besteetan hardcorerik basatiena (“Erraiak” eta “Zuen eskaparateetan), eta beti (“Okila” eta “Hortaz gu”) edertasun zirraragarria. “Malabareak” bera, diskoa irekitzen duena, edonor hunkitzeko gai da. Beste hainbeste esan genezake “Aita urrea” eta beste guztiez. 7 abesti berri eta iraganean konposatutako biak (“Zuen eskaparateetan” -2001- eta “Okila”, iaz, baina beste abestiak baino lehenago) bilduma ikusgarria osatzen dute.
Urte guzti hauetan, taldekideak hainbat saltsatan ibili dira: Sorkunek bakarkako ibilbide ikusgarria egin du (nahiz eta azken urteetan musika mundutik apur bat aparte egon), Fermin Muguruzarekin hainbat bira eta grabazio egiteaz gain. Txiki bateria jolea eta Gorka Sesma (gitarra jolea) Lau Itzal taldean ibili ziren, eta Gorka Lazkano baxu jolea, adibidez, Trumbo talde gasteiztarrean, Kandarekin batera.
Maiatzaren 3an, Hazparneko Ttattola gaztetxean aurkezpena egin ondoren, hauek dira, oraingoz, datozen kontzertuak:
Maiatzak 16: Bonberenea (Tolosa)
Maiatzak 17: Gasteiz (Gaztetxea) ( +Tutan Come On)
Maiatzak 22: Bilbo (Kafe Antzokia)
Maiatzak 31: Atarrabia (Big Star, Totem) (+ Tutan Come On)
Ekainak 6: Bergara (Txoznak) (+ Glaukoma… e.a.)
Ekainak 7: Orereta (Niessen aretoa) (+ Libe)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: