Karma "Dirudienez"

Eboluzio sakona nabaritzen da Karmak atera zuen lehen grabazioarekiko; abiadura biziko kanta gutxi daude hemen, eta orokorrean aurrekoak baino askoz ere Stoner gutxiago dauka. Heldutasun handia lortu dute denbora gutxian, eta orain arteko jarraitzaileok kaña pixka bat gehiago faltan somatzen dugun arren, zale berriak egingo dituztela uste dugu. Berri Txarraken aire bat daukate Zepo bakarra melodikoak zein Eta oharkabean biziki gogorrak. Ondoren, sorpresa dezente dauzkagu zain: Plastikozko oasian sofistikatu eta neurri batean poperoa, zuhurtziaz eraikitako Itzala bezain aske (amaiera instrumentalak gogortasun pixka bat ematen dion arren)... Ezusteko gehiago: Eskean Kristöko Pello Artaberen kolaborazio sutsua (Asetzen ez dena gozagarrian), Burutik eskuetara-ren gitarra punteoak eta garapen instrumental baliotsua edota Zoin Muga-ren gitarra mardulak. Kontraste joku horretan nortasun berri bat sortu dute, melodikoagoa eta landuagoa, nahiz eta lehen EPko dohain zenbaitek hor jarraitzen duten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: