JOSEINA ETXEBERRIA
Kexa bat jarri nahi dut, izan ere Joseinak musika onegia jartzen baitu bere irratsaioan. Kotxean noanean, eta CDa aldatzera noanean sartzen zait beldurra: Zer jarriko ote du orain, CDa aldatzen noan momentuan... Askotan planak izorratzen dizkit. CDa entzun gabe geratzen naiz, eta hurrengo egunerako utzi behar.
Joseinak estilo guztiak lantzen dituela esan liteke. Musika komertziala oso ondo ezagutzen du, eta gainera bere komentarioek sustantzia handia izaten dute. Efemerideak asko erabiltzen ditu; irratia horrela izan ohi da. Baina haiek aukeratzeko kriterioa eta gertakarien artean egiten dituen erlazioak dira kalitatea eta interesa ematen diotenak. Ez dugu ahaztu behar popa eta gaur egungo musika komertziala sakonki ezagutzen dituen arren, rocka, punka eta heavy metala ez dituela baztertzen. Bere programa entzuten deskubritu nuen Liher taldea, esate baterako.
Esatariak hamaika daude. Batzuek estilo jakin batzuetan espezializatuak daude. Beste batzuek nobedadeak jartzen dituzte, hauen deskribapen aseptiko eta aspergarriren bat gehituaz. Badaude urrezko gonbidatu zenbait ere, normalki adituak, beren pasioarekin buru-belarri estilo edo talde konkretu batean murgiltzen zaituztenak. Zuzeneko emanaldi akustikoak egiten dituzten saioak ahaztu gabe.
Gero, Euskadi Gaztea ere hor dago. Ez naiz ni oso zalea, baina Joseinak Euskadi Irratian egiten duen saioa atsegin dut. Ez da irrati formula saio bat, autore irratia da nolabait esateko. Askoz ere askeago nabari da bera formatu honetan, inposizio komertzialik gabeko formatuan. Euskal musika eta atzerritarra, garai guzitakoa, kriterio onarekin nahasten ditu. Askotan, bere komentarioak eta lehen aipatu loturek balio erantsi oso markatua txertatzen diote abestiari.
Efemerideena gutxienekoa da, noski. Niri askotan bost axola duela justu 47 urte lan bat argitaratu izana, edo artista bat bizirik egon balitz gaur 71 urte beteko lituzkeela... e.a. Interesgarriena datua da, edo anekdota, edo abestien balio kualitatiboa. Hainbeste urtetan zeregin hauetan aritu izanak (nik dakidala 30 urte izango dira gutxi gora behera) eman dioten esperientzia sobera nabaritzen da, egia esan aspalditik. Beste gauza oso garrantzitsu bat aipatu nahiko nuke, musika munduan ezinbestekoa dena eta diferentzia markatzen duena: musikarekiko pasioa transmititzen du, hori da abiapuntua. Beste guztia (ezagutza, kultura orokorra, ahoskera) garrantzitsuak diren arren, lehen aipatu dugun elementurik gabe ez lirateke berdinak izango.
Ordu hori (arratsaldeko 15:00etatik 16:00tara) musika saioena izan da azken urteetan, baina aurkezle gehiegi pasatu dira bertatik, denak oso onak (Itziar Alduntzin eta Fermin Etxegoien oroitzen ditut oraintxe). Irratia ez dut asko entzuten, egia da, eta seguru aski Euskadi Gaztean egiten duena ez nukeela era berdinean baloratuko, baina bere Euskadi Irratiko programa kalitatezkoa iruditzen zait eta aukeratu dudan musika entzuteko planak hankaz gora jartzen dizkit askotan. Hori da nire kexa, mesedez, abesti txarragoak jarri!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: