Joseba Irazoki eta Lagunak & Petti "Split" (Bonberenea Ekintzak)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-01-11 17:55

pyromanya@hotmail.com 1673456496217

Bi erraldoi hauen elkartzeak gauza handiak besterik ezin zituen ekarri. Hamabi hatzbeteko E.P. erakargarri honek Josebaren alderik jostagarri eta esperimental/psikodelikoena eta Pettiren adierazpenik sendoenak eskainiko dizkio erosleari. Josebaren marka dagoeneko oso nabaria da gurean, estilo propioa baitauka aspalditik. Egia da Joseba Irazoki eta Lagunak taldearekin arrakasta puntu handiago bat lortu duela eta partaideen ekarpena ere kontuan hartu behar dugula. Joseba Irazoki eta Lagunak JIEL bihurtu zen hirugarren LPa grabatu zutenean (III, 2021), arrakasta eta laukotearen lehergarritasunean pausu handi bat emanez. Jaime Nieto (baxua), Ibai Gogortza (gitarra) eta Felix Buff (atabalak) Josebaren osagarri ez ezik JIELen nortasunaren parte garrantzitsua direla ere esan daiteke.

Estudioan zein zuzeneko ikusgarrietan antzeman daiteke energia hori, berehalakoan gainera. Josebaren izaera jostagarria eta surrealista “Azken aldia” kantuan era naturalean nabaritzen da. Zentzu batean artelan bat bezala ulertu genezake; gure aurrean eraikitzen ari den eskultura edo margo bat bezala, alegia. Entzuleak, bestalde, badaki nonbaitetik etorriko dela magia eta sorpresa. Felixen bateriak martxan jartzen du prozesu artistiko-musikala, Jaimeren baxu sarkorrak eta berehala Josebaren ahots eroak ekaitzaren erdian sartzen gaituelarik. Ibai Gogortzaren sustengua azpimarratzekoa iruditzen zaigu. Zuzenekoetan, gainera, parametru hauetan moldatzeko artista hutsa izan behar baita. Hiru minutu baino gutxiagotan esaten duten guztiarekin aztoratuta utzi dezakete entzulea.

Suzanne Vegaren “Luka” mitikoaren bertsioa baino gehiago, moldaketa sakon bat egin dutela esan behar dugu. Kantuaren hainbat zatitan jatorrizko bertsioa identifikatuko dugu; ez askotan, ordea. Lau minutura ailegatzen ez zen pieza sei minututik gorako batean bihurtu dute. Erritmo eta melodiei emandako bueltak Beratarraren unibertsora garamatzate berehala. Zurrunbilo guzti honen erdian blues ilun eta oso potente batean murgilduko gara. Suspensearen maisua dugu Joseba; badakigu kolpea joko digula, baina ez noiz eta nola egingo duen. Rock esperimentala da berea; sortutako egitura egin eta desegingo du, baina kantu konbentzionalak egiten ikasia du aspaldi. Horregatik uste dugu bere momenturik onenean dagoela, ez bakarrik teknikoki, baita sormen eta irudimen aldetik ere. Lehenengoa duten asko daude; bigarrena behar da, ordea, historiara pasatzeko.

B aldea jarri bezain pronto bere potentzia guztiarekin datorkigu Petti. Ahots hori entzute hutsak zirrara sortzen du. “Gerra bakoitzaren ondoren” errezitaldi luze eta intentsu bat izatetik gertu dago. Gitarra trazak presente daude kantu guztian, baina atmosfera solemne horren laguntzaile hutsak dira. Egia da koruek eta efektu txiki batzuek asko janzten dutela pieza hau, baina berriro ere Pettiren boterea azpimarratu nahi dugu. Azken zati luzea bereziki eraginkorra da elementu guzti hauek batzean.

“Dizdira hori” rock and roll kementsua dugu. Sergio Gonzalez nabarmentzen da atabalak astintzen, gitarra distortsionatuak bezala. Pettik oraindik era basatiagoan astintzen gaitu, bere bertsiorik oldarkorrenean eraso eginez. Sei minutuko zartada hau adiktiboa bihurtzen da minutuak aurrera doazen heinean, bereziki zati instrumental luze eta indartsuan. Lou Reed erasokorrena ikusiko dute batzuek agian, akaso Petti beraren Etxeko Uzta bandaren luzapen bat besteek. Edonola ere, denontzat era zabalean gozatzeko moduko pieza mardula eta zuzenekoetarako dinamita. Petti bakarra dago, ahaztu beste dena. Konturatuko al gara behingoz daukagun altxorraz?


Utzi iruzkina: