Ixabe "Zure estoldetan" (Uso Pop)
(Berria egunkaritik)
Iluntasunetik abiatuta eraiki du Ziburuko seikoteak bere bigarren lana. Girotzeak eta kantuen izpiritua bide horretatik doaz, nahiz eta progresioen bultzadak diskoari bere marka ematen dion. Sakonetik datorren musika edo trantze moduko egiturek emaitza interesgarria lortzen dute. Hazten doazen kantak dira; adibide pare bat jartzeko, Mirambo eta Txinparta kantuak. Dramatismo puntu bat ere badaukate Gauenara eta beste hainbatek. Nick Caveren itzala ere nabari da pieza askotan, baina batez ere Etzidamu ederrean. Murgi taldeko Tristtan Mourguy-ren ahotsaren tonua ere gogora ekartzen dizkigute sarritan hainbat pasartek. Zure estoldetan da ederrena, iluna den arren polita ere baibaita, eta gantxo handiko errepika baitauka. Trantze moduko sentsazio horrek azken kantan ere badirau. Alegia deus ez-ek, nolabait esateko, eskema konbentzionalagoak lantzen dituen arren.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: