Itoiz "Musikaz blai" (1983, Elkar)
Itoizen diskografia osoa apartekoa den arren, hauxe da niretzat haien lanik osatuena eta perfektuena. Taldea oso gustura gelditu ez bazen ere, euskal rockaren gailurra jo zutela uste dut. Tino Azores, Mecanoren lehen bi diskoetan produkzio lanetan ibili zenak, sekulako lana egin zuen hemen: Abestiak, berez borobilak zirenak, beste dimentsio batetara eraman zituen.
Dena da ikusgarria hemen: Gitarren soinu boteretsua, JC Perezen ahotsa modulatzeko modua, Jean Marie Ecayen riff harrigarriak, perkusio festa amaigabea, bata bestearen gainean pilatzen diren erritmo eroak… Makinak emandako zehaztasun matematikoa, printzipioz toke inpertsonala eman liezaiokeena, paradisu bihurtzen dute "Happenning baserrian", "Larunbaten azala" (benetan flipantea), "Safari" edo "Flash begi batean" gaindiezinetan. Sinpleki esanda, beste planeta bateko piezak.
Melodia magikoak, teklatuak han eta hemen, saxoa… guztia abesti ez hain luzeetan konprimituta. Dozenaka elementuko orgia instrumental hau, esan bezala, milimetrora kalkulatua dago. Ezin da hain minutu gutxian lan honetan bezainbeste gauza esan. "Marea gora", "Lo egin", "Ustela"… positiboak eta txundigarriak dira denak. Lan guztiz modernoa izan zen hau, mundu anglosaxoian egiten zenaren parekoa. Gutxitan batzen da hain era nabarmenean kalitate musikala eta komertzialtasuna.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: