Iñaki Eizmendi "Gureak ez diren kale ixileen bi milagarren samina" (Kardantxa-Movieplay, 1977)
Harrigarria eta modernoa, Andoaindarraren lehen lan luzea berebiziko altxorra da. "Gure jakintsuak", "Odol zaharra" edo "Gernikari" abestietan, adibidez, ukitu malenkoniatsu oso nabarmenaren gainetik ahots erregistro oso dotoreak dauzkagu. Ironia eta metaforen erabilera, gainera, disko osoan antzeman dezakegu (“Euskal Herria neska balitz”, “Gure herria andere zabala da”…). "Euskal Herria neska balitz" bizia eta martxaduna dugu, era oso originalean egina. Pieza honetan lortzen duen intentsitatea ikusgarria da benetan. Eta intentsitateaz ari garela, atabalek lekua hartzen dutenean, jazz kutsu handia duten abestietan gailurra jotzen du.
"Larra erdian", bere ezagunenetako bat, adibide oso ona da. Iñakiren ahotsa nostalgikoa eta kexatia da batzuetan, baina teknikoki bikaina da eta notarik altuenak harrapatzen gaindiezina. Zer esan "Ene maitea nauzu" klasikoari buruz? Ez dut hau baino abesti borobilagorik ezagutzen. Melodiak, baxuak, teklatuek, erritmo frenetikoak eta Iñakiren ukitu magiko horrek zuzenean Euskal Kantagintzaren onenen parera daramate.
Baina gozamena ez da hemen bukatzen: "Gure herria", kalitateari dagokionez, aurrekoaren parekoa da, estilo ezberdinekoa ordea. Baxu elektrikoaren nagusitasuna Iñakiren ahotsarekin nahastu, eta geroago jazz rock bakanalean atabalak sartzen direnean, beste mundu bateko abestia dirudi. Borobiltzeko, eta abestiaren momenturik gorenean, Iñakiren ahotsaren luzimendurako tarte luzea, hiru urte beranduago Itziar Egileorrek Itoizen Ezekielen ikasgaia ahaztezinean egingo zuenaren antzera. Zirraragarria. Amaitzeko, "Kanta zaharra" iradokitzailea, zoragarria. Finean, inork sekula egin ez duen disko mota grabatu zuen, 43 urte beranduago orduan bezain garaiezin eta hilezkora izaten jarraitzen duena. Ah, azken ohar modura, CDan sekula argitaratu ez den enegarren klasikoa dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: