III.Atala: Piku Rock Jaialdia

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2006-11-10 16:31

 

           URRIAK 28. LARUNBATA. PIKU ROCK JAIALDIA (Irurtzun)

                Iruñerriari errepasoa eman ondoren, Irurtzunen genuen zain hurrengo abentura. Piku Rock jaialdia bezperan hasi zen, rock talde leihaketa bateko finalistak eta Stupenda Jonesen emanaldiarekin, polikiroldegian. Bezperan ez zen egongo, noski, larunbatean adina jende, non “aretoa” bete egin zen. Egia esanda, giro polita zegoen: euskaldunak batetik, makarrak bestetik...Baita heavy batzuk ere, Su Ta Gar ikusteko, ziur (“Iruñea es Heavy Metal”!). Skin bat edo beste ere ikusi genuen, noski, Banda Bassotti italiarren jarraitzaileak. Punki batzuk ere bazeuden, Etsaiak ikustera etorriak, baina Pies Negrosik ez eh! (Ez al dakizu Pies Negrosak neguan desagertu egiten direla?).

                Oraingo honetan, Etsaiaken emanaldia nahiko gustatu zitzaidan, jarrera aldetik oso ondo ikusi nituen, eta dudarik gabe Hatortxurocken baino askoz hobeto. “Presoak SOS”, “Demokrazi faltsua”, “Burrundada”, “Bakearen Guda” (denetik pixkat jo zuten) oraindik baliogarriak dira, eta funtzionatzen dute. Auo beti bezala, gora eta behera, bazterrak nahastuz. Iñigito “Txapelpunk” bere lekuan, eta Mikel eta Keu buruari eraginez, Paulek atabalak astintzen zituen bitartean. Lekeitiarren itzulera aurrera doan hala ez, denborak esango du. Aurrera egitekotan, diska berri bat laster kaleratu beharko lukete.

                Su Ta Garrena garantia hutsa da. Urteak joan, urteak etorri, eta lehen mailan jarraitzen dute. Azken lana bere kabuz argitaratuta, txoko guztietan zabaltzen ari dira udaberri ezkeroztik. Diska txar bat grabatzeak ezinezkoa dirudi beraientzat. Are gehiago, azken diska, “Jainko hilen uhartean”, zitalki da gogorra eta bere diskografiako onenetarikoa. Eta taulagainean bere autoritatea erakusten dute, euskal heavyaren nagusia nor den erakutsiz. Aitor Gorosabel maisua da, konposatzaile eta kitarrista moduan paregabea. Euskal rockeko kitarra solorik onenetako asko bereak dira. Bastida, “kanpanazko” galtza beltzekin aurkeztu zitzaigun, “Guitar Hero” posea eta hiltzaile aurpegiaz, itzela. Asier Osoro, baxuari eman eta koro agudo ederrak eskainiz, eta atabaletan, Borxa ahaztezina bada ere, bere ordez egon direnek ondo bete dute beraien papera, eta gau hontan ere hala izan zen. “Mari”, “Rotaflexa garrasika”, “Jo Ta Ke”, betiko klasikoek ez dute inoiz huts egiten. Baina disko berrikoak (6 edo 7 jo zituzten) ederki enkaxatzen dute errepertorioan. “Itxaropen hitza”, bonbazo bat. Saratogak grabatu izan balu, platinozko diska izango zen, ziur. Baina horrelaxeko injustizia jasan behar dute. “Etsairik ausartena”, Gure izaeraren bila” edo “Jainko hilen uhartean” bera, zuzenerako perfektuak dira, la ostia alegia. Taldea beti pauso bat aurrera dagoela dirudi. Inoiz ez naute zuzenean dezepzionatu, eta ez dute egingo honela jarraituta. Lehenengo lerroetan neska eta mutil oso gazteak zeuden. Jada 16 urte dira talde hau lehen aldiz ikusi nuenetik. Irurtzunen eskenatoki aurrean zeuden asko ez ziren jaio ere egin orduan. Urte guzti hauetan punta puntan izan ditugu Eibartarrak. Bere kalitateagatik balitz, eta gaztelaniaz kantatu ezkero, Espainia osoan Saratoga eta Warcryren ospea izango lukete, baina hala dago gauza, eta ez dut uste hizkuntza aldatzeko asmorik dutenik. Espainia aldean jendea kexatu ohi da ez dituztelako letrak ulertzen. Baina nik uste dut, eta ez naiz bakarra, euskara fonetikoki hizkuntza perfektua dela Heavy Metalerako.

               Amaieran, bafleetatik Thin Lizzyren “Whiskey in the jar” entzuten zen bitartean, lau taldekideak sorbaldatik eutsita, saltoka eta irribartsu ibili ziren, kantaren erritmoa jarraituz. Phil Lynotti omenaldia, hala Metallicari keinua? Agian bi gauzak batera. Aktuazio bikain baten amaiera. Ez zaitezte inoiz aldatu!

               Banda Bassotti, duela urte gutxi eskenatokietara itzuli zenetik, gurean sarritan izan dira, eta Esan Ozenkiren “Gora Herriak”i esker 90etan deskubritu genituenean bezala, euskal publikoarekin badute halako konexio berezi bat. Jaialdi mordoetan jo zuten aureko hamarkadan, eta honetan ere bide berdinetik doaz. Ska taldeetan ohi den bezala, jende asko oholtza gainean (9) eta metalen presentzia handia. Italiarrek jendea ska dantzatzen jarri eta “play back”ean italiarrez kantarazi zuten. Sobietar Batasuneko bandera eman zioten publikotik abeslariari, eta honek monitore batean ipini zuen.

               Ondoren berbena egon zen goizaldera arte “Tximeleta” taldearen eskutik. Gau osoan zehar, sonidoa, kiroldegi batean izanda, ez zen oso ona izan, baina kasik ohituta gaude pilotaleku edo kiroldegitara. Laburtuz, jaialdi polita eta giro ederra. Hurrengo zita Hatortxurockeko edizio berri batetan, Berriobeitin. Sorpresa handiak dauzkagu zain, gainera: Piperrak eta Anestesiaren agerpenarekin, besteak beste. Nafarroan rocka, egon badago. Puente La Reinako Gares azken bi urteetan lokartuta egon da, eta Lesakako Zambra pikutara joan da, baina Iruñerrian bi berri agertu dira: Atarrabiako Tótem eta Aizoaingo Artsaia, baita Burlatan Black Rose taberna eta Txantrean Akelarre taberna ere, Tuteran Noboo eta Lekunberrin 31 Aretoa, Elizondoko Lur ahaztu gabe. Iruñeako gabeziak inguruko herriek bete behar!


Utzi iruzkina: