I.Atala: Lluís Llach Barañainen. Agur Euskal Herriari!

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2006-11-07 13:26

 

                        Nafarroan kontzertu saio intentsibo batera gonbidatzen zaituztet, estilo anitz eta leku ezberdinetako artistetaz gozatzeko: hala nola katalan, madrildar, euskaldun eta italiarrek astindu zuten Iruñea, eta inguruko herriak, Urriko azken asteburuan.

         URRIAK 27, Ostirala. 20:30. LLUÍS LLACH (Auditorio Barañain)        

                Iruñeari itsatsita dagoen herri jendetsu hontara goaz ostiral arratsalde polit hontan. Muturrak hausten, bozinaren txirrinaren gainean ia, iritis gara Lluís Llach, Vergeseko maisuaren emanaldira. Duela bi urte Usurbileko emanalditaz oroipen onak genituen. Orduan “Poetes” diska aurkeztera etorri zen. Oraingoan, Euskal Herriari agur esatera zetorren. Auditorioa oso txukuna da, eta sarrerako dekorazioa kasik inoiz ikusi dudan ederrena. Ikusmina nabaria zen jendearengan; gehientsuenak 50 urtetan sartuak zeuden. Argiak itzali eta leun leun, goxo goxo hasi zen emanaldia “Geografía”, 1988ko kantu ederrarekin. Gizon honen ahotsa kasik beste mundu batekoa da. Sentsibilitate goxoz, laztantzen zaituela dirudi. Bere pianoan eserita, hankekin mugimendu arraro horiek eginez. Ahots ederra: leuna batzutan, gogorra eta boteretsua bestetan. 2 orduz publikoa bere oinetan eduki zuen, benetan berak nahi zituen kantak bakarrik joaz, eta nahita militante garaietakoak alboratuz. Erabaki errespetagarria, noski, are gehiago haiek hainbeste jotzeaz zertxobait nazkatuta egon behar duela pentsatzean. 40 urteko ibilbide hontan, ordea, badauka nondik aukeratu, 29 disko argitaratu bait ditu, halajaina!

                 Lehen esandako abesti motak, “L’estaca” etabar (bikainak eta noski, enblematikoak), bere karrera hondatzeko zorian izan ziren, haatik. Emanaldiak ia mitinetan bihurtzen ziren eta publikoak azkenean musika bigarren mailan uzten zuen. Geroztik bere estilo propioaren bilaketan sakondu eta asko, asko erein du. Niri ere gustatuko litzaidake “El Bandoler”, “Vinyes verdes vora al mar” eta “Campanades a morts” oso osorik entzutea. Baina tira, egoera hau da, eta badu nondik heldu katalanak. “Maremar”, “Veritat i mentida”, “Roses blanques”...interpretazio bikainak, bere taldearen partetik ere: saxo eta bateria dotoreak, kitarra eta soinua, biolontxeloa e.a. “Verges 50” jo zutenean guztiz txundigarria izan zen, kanta instrumental perfektua (1980koa). Oraindik ez badaukazu, egiozu opari horixe zeure buruari. Portada ikusi eta diska entzun, ez zara damutuko.

                Kantaldira itzuliaz, Llachek uneoro jendearen txaloak eta animoak jaso zituen. Abesti tartean asko hitzegiten du, gaur egungo eta iraganeko gai askotaz iritzia emanez. Mugarik gabe, era naturalez eta beti badu anekdotaren bat jendeari barre eginarazteko. Baina hau ez da agure zahar baten sermoia inondik ere. Nahi izango balu, orduak pasako lituzke bere Frankoren aurkako borrokari buruz lekzioak ematen, zentsura, exilioa...baina hortik urrun dago. Guzti horretaz hitzegin zuen, baina bere buruari dominak jarri gabe. Bapatean, “Ítaca” (1975) eskeini zigun, inork espero izan gabe. Hura zen euforia! Ikuslegoa eserlekuetatik altxata eta aztoratuta, beste momentu askotan bezala. “No te vayas nunca” oihukatu zion gizon batek. Horixe zen, hain justu, beste guztiok pentsatzen ari ginena. Lluís Llach erretiratzera doa, bere zaleon disgusturako. Baina Barañaingoa eta gero, oroipen ezinhobea utziko digu betirako. Baina azkenik bueltatuko da eskenatokira, berak ezetz esan arren. Imagina al dezakezue gizon hau bere eserlekuan geldik? Nik ez behintzat!    

                  Amaieran, kotxea hartu, eta ziztu bizian Iruñeara, Sex Museumen kontzertua harrapatzeko asmoarekin. Hurrengo atalean, madrildarren Hard Rock lezioaz arituko gara. Rock foreveeeeerrrrr!!!!!!


Utzi iruzkina: