Helloween "Giants & Monsters"

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2025-10-31 21:03

pyromanya@hotmail.com 1761946392800

                  TEKNIKA ETA INDARRA, PERFEKZIOA LORTU NAHIAN

Ba dira zortzi bat urte Kai Hansen eta Michael Kiske taldera itzuli zirenetik. Zazpikote bihurtuta, 2021ean Helloween izeneko diskoa argitaratu zuten, eta orokorrean teknikoki aipagarria bazen ere, oraingo honetan lortu dutena dezente suspergarriagoa da. Orain hiru abeslari dauzkate (lehen aipatu Hansen eta Kiske eta taldean hiru hamarkada daramatzan Andi Deris) eta txandaka batzuetan eta batera besteetan kantatu dute. Egia esan, Giants & Monsters disko on bat baino gehiago da eta taldearen zaleak asebetetzeko moduko ohiko ezaugarriak dauzka: Giants on the run kantu borobila da, ahots teknikoki landua, pasadizo akustikoa, leherketa prozesu dohakabea eta gitarra bikoiztuen festa orgiastikoa baitauzka. Abiadura ere benetan pizgarria da, eta akaso batzuetan (disko honetan ez da bakarra izango) Speed Metalera ere hurbiltzen da. Ahots nota altuen maitaleentzako Savior of the world ezin aproposagoa dugu (gainera, bukaera aldera bikoiztuak daude) eta A little is a little too much kantuak, nahiko arketipikoa den arren, bere funtzioa betetzen du. Horretaz gain, ahotsaren errepikak erantzuna dauka zati askotan eta gitarra soloa ere ezin ahantzi dugu, nahiz eta oraingoan apur bat xumea den.

Egurra barra-barra nahi dutenentzat, We can be gods zurrunbilotsua, bizkorra eta orgiastikoa daukate. Abiadura bizi horrek ematen die mota honetako taldeei prestigioa eta garra. Bestalde, Into the sun “power ballad” borobila da. Hasiera teklatua eta ahotsarekin bakarrik egina dago; gero, hazten doa errepika dirdiratsura iritsi arte, eta crescendo gutzi horri bukaera teklatuak ematen dio. This is Tokyo heavy nahiko arina da, baina ahots bikoiztuek eta errepika eraginkorrak maila altua ematen diote. Eta zuzenean diskoaren gailurrera iritsi nahi dutenek, zazpigarren kanta entzutea besterik ez dute, zortzi minututik gorako Universe (Gravity for hearts) guztiz lehergarria baita. Gitarren trosta power metaleroa, ahots hedakorrak, efektu koralak, gitarra zoroak eta koru orgiastikoak dauzkan pieza hau harribitxi bat dugu. Aldiz, Hand of dog-en errepika nahiko estandarra da, teknikoki fina eta heldua den arren. Under the moonlight erdipurdikoagoa dugu, ordea, eta errepikak ere ez du abestiaren lehertzerik lortzen.

Magestic zortzi minututik gorako beste pieza da. Ahotsaren hasierako errezitaldia, gitarra bikoiztuen festa, abestiaren erdi alderako geldialditxoa, ia a capella kantatutako pasadizoak eta noski gitarra soloak, pizgarriak dira zentzu guztietan. 5’28”ko berpiztea brutala da eta gero datozen ahots agudoek sentsazio ahalguztiduna sustatzen dute. Amaiera guztiz leherkorra, beraz, nahiz eta zerrendan azkena izateak plataforma digitaletan entzunaldi gutxiago izatea suposatzen duen. Helloween-ek bere estudioko hamazazpigarren lana ezin hobeto amaitu du, beraz, eta aurtengo Power Metal diskorik onenen zerrendako podiumera igo da, momentuz.


Utzi iruzkina: