Gorka Urbizu Jane Jauregia (Ugao) 2021-5-29 Hitzaldi musikatua
GORKA URBIZU JANE JAUREGIA (UGAO) 2021-5-29 HITZALDI MUSIKATUA
Gorkaren bakarkako emanaldi hau sorpresa handia izan zen berria plazaratu zen momentu berberetik. Berri Txarraken zurrunbiloan murgilduta 25 urte pasa eta gero behar-beharrezkoa zuen (duen) deskantsua hartu zuen 2019aren amaiera aldera. Sarea Sound System kolektiboak, hau da, Ugaoko musikazale elkarteak, urte batzuk daramatza saio bereziak egiten, zeinetan hitzaldiak musikarekin konbinatu ohi dituzten. Kolektiboak antolatutako Olatz Salvadorren kontzertuaren kronika ere https://www.badok.eus/musika/olatz-salvador-ugao-2021-03-26/ Badok-en argitaratu genuen martxoan.
Ez da meritu txikia izan Gorka Urbizu oholtzara bueltaraztea. Egia da 6 egun lehenago Oiartzunen jo zuela, baina hura beranduago hitzartu zen, Ugaon joko zuela iragarri eta gero. Geroztik Gorkak eskaintza mordoa izan du, baina itxura denez bati ezik beste denei ezezkoa eman die. Horrek, noski, Ugaon bizitutakoari oraindik balio handiagoa eman dio.
Aurkezpen motz baten ondoren hasi zen Gorka gitarra astintzen. Hasteko, gainera, sorpresa handi bat eta esklusiba totala eskaini zituen, hain zuzen ere Berri Txarraken “Dardara” dokumentalean ateratzen den Gorkaren kantu berri bat: “Mihise zuri bat”. Filmean zatitxo bat ateratzen dela kontuan hartuz gero, hitzaldi musikatu honek eman duen altxorretako bat izan zela esan genezake zalantza handirik gabe. Kantu ederra, sentibera eta biluzia, Gorkaren zigilua daramana. “Hitzen oinarri ahula”, “Denbora da poligrafo bakarra” disko hirukoitz hartako erakuslea izan genuen bigarrena, Goio Ramos (antolatzaileetako bat eta hizlaria) bigarrengoz etorri zen arte.
Jarraian datorren kronikan elkarrizketa ahal den neurrian bere horretan mantentzea erabaki dugu, han bizitu genuen giroa zuei biziarazteko. Esan behar Gorkak daukan karisma eta umiltasuna, nahita egindako isiltasun momentuekin konbinatuta, ikuslegoaren barre algarekin lagunduak izan zirela. Elkarrizketan barre algara horiek ia guztiz ezabatzen saiatu gara, baina galdera osteko isiltasun txikietan gertatu zen sarritan.
Bertaratutakoak jarraitzaile sutsuak ziren: errenkada luzea egin zuten sarrerak lortzeko, eta hiru ordu laurdenean agortu zituzten. Aurkezleak galdera potolo eta interesgarriak egin zizkion Gorkari, eta honek soiltasun handiz eta umorea maisuki erabiliz ikuslegoaren aurrikuspenak gainditu eta esklusiba bat baino gehiago eskaini zigun. Gorkak bi pase egin zituen: bata eguerdian, eta bigarrena, gu egon ginena, arratsalseko 6retan. Besterik gabe, zuekin Gorka Urbizu.
Goio Ramos: Abisatu behar dugu bazkaltzetik gatozela. Badakizue: kafea, kopa eta beste... ea goizean bezain ondo ateratzen dugun aurrera.
Gorka: Hobeto. (ikusleen barreak)
G: Saiatuko naiz elkarrizketa hau Berri Txarraken ez zentratzen. Zu zeu, euskal kultura, zure letrak... eta abar aipatuko ditugu, baina Berri Txarrak ekidin ezineko kontua da. Berri Txarrakekin egin zenituen azken kontzertuetan milaka pertsona egon ziren, besteak beste B.E.C.en, Kobetamendin edo Nafarroa Arenan. Eta gaur, gitarra eskuan, hemen 60 pertsonen aurrean zaude. Zer sentitzen duzu?
Gorka: (...) Ezberdina eta berdina da. Ezberdina, noski, lekuagatik eta batez ere ez baitaukat distortsioak ematen didan babes hori. Diferentea da baina gertutasun horrek ere badauka bere puntua. Baina Berrirekin ere bageneukan aukera toki ezberdinetan jotzeko: Primavera Sounden jo genezakeen, baita Larrabetzuko Hori Bain (gaztetxean) ere, eta gero Kobetamendin. Egokitu behar izaten da, eta hor uste dut azkenean jarrera edo espiritua zela dena batzen zuena. Pentsatu nahi nuke hemen ere horrelako zerbait dela, baina hau elkarrizketa bat da eta horrek urduri jartzen nau.
G: “Honetarako jaio nintzen ta honengatik hilko naiz. Denok gaude nazkatuta silikonazko kantuez. Ardi txuria sentitzen garelako artalde beltzean. Ardi beltza sentitzen garen moduan, artalde txurian. Mezu bat dugu zabaltzeko”. Horiek dira “Jaio.Musika.Hil.” kantuko letrak; ederki definitzen zaituzte, ezta? 25 urte oholtza gainean, toki askotan jo duzu, baina ikuspegi pertsonaletik zer suposatu du Berri Txarrakek, labur esanda?
Gorka: Jo, hasteko bizitza erdia, edo osoa. Plataforma bat izan da nire beharrizan artistikoak plazaratzeko. Kide aldaketak egon dira... 14 urterekin sortu genuen Nahi Ta Nahi Ez izeneko taldea, eta gogoan dut, gainera, handik bi urtetara sortu genuela Berri, eta garai batean dobleteak egiten genituela Berri Txarrak Nahi Ta Nahi Ez-en telonero gisa. 13-15 kontzertu egin genituen horrela. Gitarra hartzen nuen, Aitor Gorosabel izan nahi nuen, eta oso trakets, sekula ez bainaiz oso gitarra jole ona izan, baina tira. Musika oso azkarra zen Su Ta Garrena, oso teknika handia eskatzen zuena, eta guztiz kontrakoak ginen. Uste dut gure soinua moldatu dugula, hain zuzen ere Aitor Gorosabel ezin dugulako izan. Egin dugu gero musika rockeroagoa eta poperoagoa ere. Kristoren bidaia aluzinantea izan da, gainera aukera izan dugu mundua ezagutzeko. Gogoan dut hasi ginenean... niretzako geografia ikasgai izugarria izan da talde batean egotea. Noski, bizimodu hau aukeratzeagatik gauza asko bazterrean utzi dituzu. Ez da ohiko ogibidea, eta koadrilakoek bizi izan dituzten gauza asko zuk galdu egiten zenituen, baina zu igual ostegun batean zeunden ez dakit... trapagako jaietan edo Altzürukun jotzen eta haiek ez zekiten non zegoen ere. Gerora, mundu mailan ere aritu ginen. Mundua ezagutu dugu taldeari esker, eta pasada bat izan da kanpoan jotzeko edo grabatzeko aukera izatea.
G: Progresioa ikaragarria izan da, eta jarraitua. Lagun koadrilan jotzen hasi, gora, gora, eta hortik euskal musikaren gailurrera. Eta akaso Estatu mailako eta nazioarteko musikaren gailurrera ere. Argian duela bozpasei urte argitaratutako elkarrizketa batean esaten zenuen erdi zahar erdi gazte sentitzen zinetela. Gaur egun, zu erreferente izanda, horrela sentitzen zara oraindik?
Gorka: Gazte, gero eta gutxiago. Erreferente, ez dakit. Begi bistakoa da gure kantuek egin dutela ibilbide bat. Gehienetan talde bat sortzea itsasora botatzen duzun botila bat da, eta guk zortea izan dugu norbaitek botila hori ireki eta mezua irakurri duelako. Gu sartu gara jendearen kotxeetan, logeletan... esan nahiko nuke bihotzetan ere sartu garela. Batzuetan tentazioa daukat kexatzeko, musikaren mundua zenbaitetan gogorra baita. Gero diot: “ez zaitez kexatu, jendearengana iristea lortu duzu eta”.
G: 25 urteko ibilbidea, 9 disko, 1.000 kontzertu, hainbat bira munduan zehar, baina momentu batean gelditzeko unea zela sentitu zenuen. Etenaldi mugagabea dela esan zenuen, akaso zuk azaldu beharko diguzu zer den. Aipatzen zenuen nekea, higadura emozional eta fisikoa, ikasten segitzeko nahia... Guzti horiek pisu berdina izan dute, ala badago besteak baino pisutsuagoa denik?
Gorka: Ez dakit zer esan, nahasketa bat da, eta denaren batuketa bat. Ez nuke jakingo esaten bakoitza zein portzentaietan. Zenbaitetan gehiago izan da higadura. Bestalde, disko-bira zikloan gehienetan sentitu izan dudana... hor aurrean ikusten duzunean hurrengo urratsa (kontzertua prestatu, sortu, grabatu)... birak, azken urtetakoak bi urtekoak edo bi urte eta erdikoak ziren, eta Eberesta igo duzunean, neke bat etortzen zaizu. Gero hasten zinen saltseatzen, kantuak egiten, eta berriz espiral horretan sartzen zinen. Momentu batean iruditu zitzaidan bukle batean sartuta nengoela: lokaletik furgonetara, furgonetatik hotelera. Horrela beste 25 urte jarraitu genezake gutxienez... Milagarren kontzertua Zelanda Berrian jo genuenean pentsatu nuen: “eta orain zer?”. B.E.C.en jo genuenean, munduari buelta eman diozunean... Niretzako rock and rolla ez da sekula izan, asko miresten ditut hortan dauden taldeak, baina oso argi neukan uzteko aukera neukala. Batzuetan ezin duzu aukeratu uztea: gertatzen da jendeak ahaztu egiten zaituela, edo haserratu egiten zarela edo horrelako zerbait. Momentu on batean uzteko aukera ikusi nuen. Aukera on asko egon dira, baina 25 urteak betetzean ikusi nuen huraxe zela momentua eta paradigma aldaketa bat, niretzako ziklo aldaketa etorri zela. Sentitzen nuen hazten joateko behar nuela motxila hori kendu. Min handiz, ze oso gustura geunden, baina erronka berriei heusteko garaia zen. “Dardara” pelikularako idatzi nuen, uste dut hor nahiko ondo azaltzen dela. “Bidean asko ikasitakoa: ezjakina, harritua, estutua, maitatua, gainbaloratua, isildua, zaharregia, gazteegia...” (Hemen Gorkak Dardara pelikulan irakurri zuen testua errezitatu zigun).
G: 25 urte haietan beste proiektu batzuk ere landu zenituen: Katamalo eta Peiremans +. Profesionala izanda ere, horrelako proiektu xume eta alternatiboetan murgildu zinen. Zer eskaintzen zizuten lagunen arteko talde horiek?
Gorka: Batetik, proeiktu nagusitik aldegiteko eta pausa sakatzeko, arnasa hartzeko tartetxoak ziren. Proiektu bakoitzak oso izaera ezberdina zeukan. Poesia betidanik irakurri izan dut, eta ez dira zertan elkartu behar, baina batzuetan bien arteko lotura edo nahasketatik sortzen dira gauza politak, Katamalo bezalakoak. Eta banuen asmoa eta gogoa horrelako zerbait egiteko. Hasieran tabernetan jotzeko zerbait zen, baina diskoa grabatzen bukatu genuen. Erantzuna ere pasada bat izan zen. Eta Peiremans +-en asko miresten dudan musikari eta letragile batekin, Imanol Ubedarekin, lan egiteko aukera izan nuen. Betidanik izan naiz Deabruak Teilatuetan eta Bide Ertzeanen zale. Dibertimendu bat zen, pixka bat bai hitzei bai denari traszendentzia kendu nahiaren ondorioa, eta besterik gabe pop kantu gitarrero batzuk sortu eta hiru minutuko goxoki batzuk eskaintzeko asmo hutsarekin egina, inongo pretentsiorik gabe. Musikarako tartea etorri zen ondoren: Bigarren kantu saioan Katamalo talde poetiko-musikal zoragarri hartara lehen jauzia egin zuen: “Iruntzi dana”, Gotzon Barandiaranen hitz disdiratsuak eta Gorkaren arratsalde honetako biluztasunak jantzitakoa. Peiremans + taldeari lehen keinua, aldiz, “Send flowers” bizigarriak egin zigun, eta talde berdinarekin jarraituaz, “Radiomaría”ren magia itsaskorra. Baliteke ikuslegoa oraindik bigarren zatian bezain sutsu egon ez izana, baina horrek onena zain geneukala besterik ez zuen esan nahi. Horrela, elkarrizketaren bigarren zatia ere heldu zitzaigun.
G: Esan beharra dago eguerdiko publikoak ez duela behin ere txalo egin, gutxi kantatu duela... beraz, ea oraingo publikoak maila igotzen duen. Gorka, azken aldiz aipatuko dugu zure etenaldia azaltzeko oharra, baina horretan Berri Txarraken etenaldiaz ari zinen, ez zure etenaldiaz, eta nik uste dut hemen gauden guztiok zer edo zeren zain gaudela. Zer eskainiko die Gorka Urbizuk Berri Txarraken zaleei?
Gorka: (Isiltasuna eta publikoaren barreak)
G: Eta kontuz, prentsa dago eta...
Gorka: Sentitzen dut, baina ez daukat esklusibarik emateko momentuz. Nik beti diot sortzaile radar hori ez dela guztiz itzaltzen. Beti arrantzan gabiltza ideia noiz etorriko, eta banabil saltsan etxean, baina nik behar izaten dut grabatzeko data bat, eta momentuz ez dut halakorik. Hor nabil borrokan, baina ez daukat presarik. Aitortzen dut nire beldurretako bat bazela taldea itzali eta handik bizpahiru hilabetera zuzenekoak egiteko sekulako gogoa edukitzea eta haiek faltan somatzea. Mundua hankaz gora jarri zen (pandemiaz ari da), baina horretaz aparte berretsi dezaket benetan geldialdi hori behar nuela eta oholtza momentuz (tira, hori esanda hemen nago...) ez dudala faltan somatzen. Horrek arrazoia ematen dit, benetan beharrezkoa baineukan pause botoia sakatzea. Baina sortzeko geldialdi bat ere bada, eta espero dut aurten ez bada datorren urtean zerbait berria aurkeztea eta serio hastea berriz, baina ikusi behar zein formatutan, nola, norekin eta zergatik.
G: Geldirik ere ez zara egon. Hor daude kolaborazioak: Unidad Alavesa, Monte Del Oso, Ane Luki... eta lehendik dauden guztiak. Esan behar da berdin diola zein hizkuntzatan kantatzen duen taldeak edo musikariak: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, katalanez... zuk beti ekarpena euskaraz egin duzu eta hori eskertzekoa da. Baina, ez al duzu featuring Gorka Urbizu bihurtu denaren sentsazioa? Halako marka bat kantuak ezagutarazteko edo bultzada emateko? Kantu batek youtuben hainbeste ikustaldi eduki, eta aldiz Gorka Urbizurekin kantu bat atera eta hauen igoera begi bistakoa izan ohi da.
Gorka: (Isiltasuna). Batez ere bideoan ez banaiz ateratzen, ez?
G: Azkenengoan agertzen zara. Oso idilikoa, basoan eta... (elkarrizketatzailea Ane Lukirekin kantatutako “Lisboa” kantua eta bideoklipaz ari da)
Gorka: Hori izan zen tranpatxo bat, liada bat... teorian ez nuen nik atera behar. Gustatuko litzaidake pentsatzea nire musika edo kantakera gustatzen zaielako dela. Guretzat, egile bezala, kolaborazio gutxi izan ditugu baina egindakoek beti zeukaten arrazoi bat: asko miresten genuelako, edo laguna delako. Egia da urtetan ez dudala kolaboraziorik egin, hain zuzen horregatik, pentsatzen nuelako jada toki askotan nengoela eta “kolaborazioen gogaikarria” nintzela, eta iturria erabat itxi nuen. Nik egiten nuen banekielako, beste aldean ere egon naizelako, eta Berri Txarrakekin eta beste proiektuekin, sekulako ilusioa egiten dizu miresten duzun norbaitek zure diskoan parte hartzea. Adibidez Mcllrath-ekin (oharra: Tim Mcllrath, Rise Against taldeko abeslaria eta gitarra jolea, “Denak ez du balio”n parte hartu zuena) edo Deabruak Teilatuan taldeko Aritz Mendietarekin... edo maketa atera genuenean, hor ibili ginen Aitor Gorosabelen atzetik, telefono-aurkibidea hartu eta Eibarko Gorosabel guztiei deika. Aitorrek ezin zuen, eta azkenean Urtzeko Xabik abestu zuen gure maketan. Lehengora bueltatuaz, pentsatu nahi dut ez dela bisitak lortzeko izan. Nik behintzat horrela sentitu dut. Orain, taldea itzalirik dagoela, erabaki nuen, tira, eskaintza piloa jaso dut, baina aspaldi egin gabe nagoenez pixka bat ireki dut. Pare bati baiezkoa eman eta berriz ere atea itxita dago.
G: Argia aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean komentatzen zenuen ez dagoela euskarazko mainstreamik, herri txikia garelako. Nik uste dut badaudela nolabaiteko geruzak edo mailak. Adibide bat ipintzearren, orain zoritxarrez itxita dagoen Bilboko Kafe Antzokian euskaraz aritzen diren taldeak multzo nabarmen bitan banatzen dira: alde batetik berrogehi-hirurogei lagun eramaten dituztenak, eta hor tartean Bide Ertzean, Don Inorrez, Rafa Rueda... daude; hau da, kalitate eta eskarmentu handiko jendea. Eta bestetik, zuek bezalakoak, edo Gatibu, Zetak... behin, bitan edo hiru aldiz sold out egiten duzuenak. Ez dago euskarazkoan tartekorik: goian daudenak, edo behe-behean geratzen direnak. Zein izan daiteke arrazoia? Komunikabideek zer ikusirik ote dute horretan?
Gorka: Galdera potoloa da hori. Gauza guztiekin dauka zerikusia. Hezkuntzak ere nik uste hor zeresana daukala. Engranaje eta pieza bakoitza da ezinbestekoa eta garrantzitsua transmisioan eta ikusgarritasunean. Mainstreamari buruz, iruditzen zait halako beldur, ez dakit, barregarri ez dut esango, baina aintzinako estereotipoetatik datorren zerbait dela. Nire ustez euskaraz sortze hutsarekin halako erresistentzia edo erresilientzia moduko batetan sartzen zara. Niretzako euskal mainstreama oximoron bat da, militar inteligentzia bezala. Ados nago esan duzun horrekin: betidanik egon dira jendea mugitzen duten taldeak eta jenderik mugitzen ez dutenak. Eta egia da baita ere klase ertaina, deitu diezaiogun horrela, hau da, 100 lagun sartzen dituzten talde oso gutxi daudela. Ez dakit ez ote garen erori halako Kiss FMmismo batean: betiko izenak ikusteko grina, eta talde berriek oso zaila daukate, nahiz eta sare sozialak eduki, eta gainera uste dut algoritmoak Kiss FMmismo horren alde egiten duela, eta horri nolabait aurre egin behar zaiola. Ikusgarritasuna gure arazoetako bat da, eta hor ezinbestekoa da sortzaileen erreferentzialtasuna, komunikabideen garrantzia. Esan nuen, eta hala sentitzen dut, zinez gure hizkuntzak entzule aktiboak behar dituela; euskaldunok beti azken poxpolo horrekin jolasean gabiltzala beti, eta horregatik, dudatan baldin bazaudete eta hemen sortzailerik badago, hartu eta bihar entsegua. Hala sentitzen dut. Baina ez bihar post, bihar entsegua! Martxan jarri. Batzuetan kulturaren ordez followerrak nahi ote ditugun dirudi. Agian aukeratu egin beharko genuke.
G: Hainbat kontu, hainbat lelo jarri dituzu mahai gainean belaunaldi berrientzat: bihar entsegua, ez dadila haria eten, ikasitakoa desikasten ikasi... Beteranoak garenon imaginario kolektiboan “bakean utzi arte”, “mucha policía, poca diversión”, “euskalduna naiz eta harro nago”... zeuden bezala. Horren harira, zure letragintzan sartuko naiz. Lehenengo diskoko “Zauri irekietako herria” kantuan hala zenion: “Metafora bidez idatzi nahi nuke/zauri irekietako herri honen oinazea/baina hortarako poeta jaio behar da/eta gutxi omen dira lumadun ederzaleak”. Helburua lortu duzu? Poeta zara?
Gorka: Poesia zalea bai, baina ez naiz poeta inondik inora. Letra egilea naiz hala tokatu zaidalako. Baten batek abestu behar du taldean, eta normalean abeslariak hartzen du hitzak egiteko ardura hori. Egia da gero saiatzen zarela tajuzko gauzak esaten. Garrantzitsua da zerbait esatea. Hitzak baino ekintzak dira garrantzitsuagoak agian, baina uste dut badaukagula ardura bat eta ezin duzula edozer gauza esan. Aldi berean, idatzitakoa irakurri eta batzuetan ez nator bat Gorka Urbizurekin. Oso sentsazio arraroa da hitzak testuingururik eta musikarik gabe irakurtzea. Batzuk mantentzen dira eta beste batzuk indarra galtzen dute guztiz.
G: Solasaldia amaitzeko eta musikari tartea emateko, sare sozialetan galdera bat zabaldu genuen: zer galdetuko zenioke Gorka Urbizuri? Hainbat erantzun dauzkagu, lehen saioan ere egin dizkizute beste batzuk. Orain beste bost galdera eta mezu bat. Lehena bai errepikatuko dut, eguerdian komentatu dugun arren: Anariren elkarrizketa baten harira Gaztea Irratiak titular moduan jarri zuena: Gorka Urbizu emakumea izan balitz, lortu duzuena merezimenduz eta borrokatuta izan bada ere, emakume izan bazina paper bera jokatuko ote zenukeen edo iritsi zaren tokira helduko zinatekeen.
Gorka: Bat nator Anarirekin hein batean. Estimu handian daukat Anari eta ez da edonor hori esaten duena. Denok irakurketa bat egin beharko genuke; nire ustez borroka hori geldiezina da. Autokritika egin beharko genuke. Ohituta gaude besteen autokritikara, baina barrura begira ere egin beharko genuke. Ez dut gauza handirik esan nahi, hor guk ere bai baitaukagu zer hobetu eta zer hausnartu. Irudipena daukat oholtzan eta oholtzaren inguruko ogibideetan ez dela ez parekotasunik ez berdintasunik lortu, eta denok egin beharko genukeela bultza. Emakumeek badaukate halako... emakumeen egia esaten da: azkarregia, punkiegia, ausartegia, lodiegia... eta hori apaldu edo deuseztekoa dugu.
G: Lau galdera gehiago: Atzera bueltatzea izango bazenu, zer edo zer aldatuko zenuke zure ibilbide musikalean?
Gorka: Izena agian. Gauza bat eskertzen dut: ez dela boom edo leherketarik egon, kantu baten arrakasta handia eta gero apaltzea. Nahiko goranzkoa eta aurreranzkoa izan da bidea. Kantu batean genion: “atzera goaz aurrera ez bagoaz” eta horretan itsuki sinetsi dugu. Nahiko progresiboa izan dela iruditzen zait, beti aurreranzko filosofiarekin. Jarrera horri eutsi diogula uste dut, eta horrek ekarri dituela bere fruituak.
G: Hirugarrena: zein izan da zure bizitza guztian aldatu ez den erreferente bat musika munduan?
Gorka: Badago egile bat: David Bazan, Pedro the Lion taldekoa. Nire ustez badauka halako abilezia bat nire bihotzean halako klik! bat egiteko. Bere kantu guztiek hunkitzen naute, eta hori ez da aldatu. Modu oso xumean egin du bere ibilbide guztia. Euskal Herrian ere izan dira eta Anari bera adibidez niretzako erreferente bat da. Lisabö, bere estiloan, munduko talderik onena dela uste dut, zurrunbilo ekaitz hori inork ez baitu hobeto egiten. Horrelako harribitxiak badauzkagu euskal eszenan.
G: Laugarrena: Eskertzen duzu gaur egungo euskal musika formula eta bide berriak esploratzen ibiltzea?
Gorka: Bai, baina esango dizut niretzako hori ez dela berrikuntza. Hori betidanik egon da; badago nire ustez paradigma aldaketa bat, ziklo aldaketa bat. Belaunaldi aldaketa dator, konsumitzeko moduarekin oso lotua datorrena (sare sozialak e.a.), baina bestalde beti egon da Euskal Herrian halakorik. Beste gauza bat da gehiengoak zer entzuten duen, baina beti egon da ertzeko musika eta gaur egun munduan egiten den musika euskaraz egiteko grin hori, eta hala izan behar duela uste dut.
G: Amaitzeko, esandakoa: mezua. Instagrameko erabiltzaile batek mezu hau bidaltzen dizu: “Gorka, nola izan zaitezke horren berezia?”.
Gorka Urbizu! oihuaren ostean ekin zion Gorkak bigarren zatiari, minutura iristen ez den “Eskuak” kantuarekin. Hain denbora gutxian hainbeste esaten duten kantuak gustatzen zaizkiola onartu eta gero, minutu t’erdiko beste harribitxi bat jo zigun: “Zertarako amestu”. Publikoa bere oinetan eduki zuela esatea ez da esajeratzea. Kantuan aritu ziren bertaratutakoak, gero eta ozenago. “Min hau”k jaso zuen esku zarta ere aipagarria izan zen. Peiremans +-entzat tartetxoa ere ezin falta zen bigarren zati honetan, “Zuretzako hitz ederrak” hunkigarriarekin. Katamaloren errepertoriora azken jauzia jarraian, “Betazalak erauztean”en eskutik. Jarraikortasuna eduki zuen fase guzti honekin, hau da, 7 kantu jarraian egin zituenarekin, etorri ziren (oraindik) txalo beroagoak eta maitasun erakustaldirik adierazgarrienak. “Maravillas” jatorrizko bertsio boteretsuan ezagutu dugu; baina akustikoan ere eskertzen den kantu hilezkorra dela esaten badugu ados egongo gara denok. Gorkak sartu zituen armonia aldaketa txikiak kantua handitu egin zuten, eta horri hitzen gordintasuna eta kontatutako istorioaren dramatismoa gehitzen badiogu, badauzkagu hitzaldi musikatu honetako momenturik zirraragarrienetakoak. Amaieran mikrotik atzera urrundu eta erarik gordinenean abestu zuen Gorkak, emozioak mila aldiz biderkatuz. Agurtzeko, eta akaso Berri Txarraken nostalgia areagotzeko, “Katedral bat”. 20.000 pertsonen aurrean emandako kontzertu hura, edo B.E.C.ekoa edo Nabarra Arenakoa burutik ezin kendu egon ginela esango nuke. Aldiz, hemen genuen Gorka, 60 pertsonen aurrean, pasio berdina transmititzen. Bera eta gitarra bakarrik. Ikuslegoari erreparatuta, edozein formatutan ere haien bihotzera iristeko ahalmena duen musikaria dela konturatu ginen. Handia da Gorka, eta bere umiltasunak handiago egiten du. Honetarako jaio zenez, honengatik hilko baita.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: