Fu Manchu "The return of tomorrow" (At The Dojo Records)
Desertuko doinuak eta grabitazio sentsoriala
“Clone of the universe” diskoa argitaratu eta sei urtera iritsi da, azkenik, kaliforniarren lan berria. Ohi bezala, kalitatea eta konposizioen pisua bereziki zaindu dituzte hamairu kantu eta hiru ordu laurdenak aise gainditzen dituen lan honetan. Orange Countykoen zaleek Fu Manchuri eskatzen dizkion elementu guztiak biltzen ditu lan honek: Stoner Rock pieza mardulak, gitarra efektuak, indarra soberan eta kantu sorta bereziki gomendagarria.
Dehumanize eta Loch Ness wrecking machine kantuekin argi eta garbi markatzen dute beren eremua Scott Hill (gitarra, ahotsa eta taldearen etapa guzietan egon den partaide bakarra) eta bere hiru taldekideek. Brad Davis baxu joleak, adibidez, 30 urte daramatza Hill-en alboan, eta partaiderik berrienak (Scott Reeder bateria joleak) jada 23. Beraz, laukotearen elkar hartzea eta soinua guztiz konpaktuak dira aspalditik. Stoner pieza borobil eta boteretsuek ere laster egiten dute lehen agerpena. Aurreko biek ere hala egiten duten arren, Hands of teh Zodiac kantu itzela dugu, zale guztientzat erregalu aparta. Polikiago eta astunago ere erasotu dezakete, bai gitarra soloa pedal efektu bereziarekin lantzen duen Haze the hides geldoarekin, zein Roads of the lowly oraindik astunago eta sabbathikoarekin.
Aurrekoei bi minutuko kontrapuntu azkarra eta zuzena ematen die (Time is) pulling you under kiskalgarriak. Gogortasun sendo eta bloke baten modukoaren bila dabilenak nekez topatuko du Destroyin’ light baino egokiagorik, errepikaren gantxoa eta wah-wah efektua ahantzi gabe. Lifetime waiting-ekin berriz ere erreboluzioak jeisten dituzte, erritmo polikiagoak astuntasunean inolako atzera pausurik ez dakarren arren. Dantzagarria hau ere noski, meritudun gitarra soloa ahantzi gabe. Diskoaren momenturik onenak datorzkigu berehala, ordea: erritmo pisutsuak, afinazio grabeak, gitarren pedal efektuak, kantu geldoak zein azkarrak aipatu ditugu orain arte. Goazen orain Stonerra eta dessert rock delakoaren beste osagai garrantzitsu batera: psikodelia, space rock kutsua, giro barnerakoi, azido eta bidaia kosmikoetara.
Solar baptized flotatzailea da, dantzagarria izateari utzi gabe erritmo eta errepika kutsakorrak edukitzeaz gain. Bukaera parteko gitarra soloa ere oso erakargarria da. Kontrasteen jokua maisuki lantzen abilak, What I need azken garaietako Fu Manchuren kantarik onenetakoa dugu. Bidaia azido bat, lehen zati indartsu batek girotzen duena, baina azken hiru minutu guztiz liluragarrik aupatzen duena. The return of tomorrow, diskoari izena ematen dion kanta, erritmo ebakortz pizgarri baten jabe da, baina daukan garapen instrumenatala gailentzen da. Liquify errepikakorra, jostagarria eta pieza dantzagarria da. Eta psych rock eta oldarkortasun festari errematea emateko, High tide outro instrumental zoragarria. Black Sabbathen Solitude liluragarriaren tradiziorik onenean, amets gozo eta tranzendentala da, kosmikoa eta unibertsala, Stonerraren elementu garrantzitsuenetako baten erakusgarria.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: