Ezezez Uhagon Kulturgunea (Markina-Xemein) 2024-6-1

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2024-08-19 21:52

pyromanya@hotmail.com 1724104118088

Larunbata. Eguerdiko ordubata. Eskema eta ohitura zaharrak desafiatuz, rock kontzertua daukagu gaur Uhagon Kulturgunean. Formatua berritzailea den arren, hainbat lekutan jada hasi dira ordutegi ezberdinekin probatzen. Oso urrutira joan gabe, Abadiñon bertan igandero ordu honetan egiten dira kontzertuak. Aldaketa guztiek finkatzeko denbora behar dute, eta ondorioak ateratzeko oraindik goiz bada ere, apustu interesgarria deritzogu. Ordutegi honek ahalbidetzen baitu, bide batez, Alvaro Olaetxea bateria joleak (duela gutxi hemen bertan Anonyme Popularrekin jo zuena) egun berdinean hiru kontzertu egin ahal izatea: lehenik Markinan, gero Anonyme Popularrekin Baionan, eta azkenik Hondarribian, Ezezez taldearekin berriz ere. Gainera, ikusleek egun berdinean bi kontzertu ikusteko aukerak asko zabaldu dira azkenaldian. Eta igandeetako formatuak ere fruitu onak emango dituelakoan gaude.

Euriagatik, kanpoko lorategi zoragarrian egin beharrean, areto barruan izan zen emanaldia. Bilbotar laukote honek daukan garra bereziki kutsakorra da; berehala sartzen diren kantu sorta horrek jendea erraz jartzen du dantzan. Adibide bat jartzearren, Rukula taldeak eragiten duen bultzada antzekoa lortzen dute. Nahiz eta azken horien kantuak instrumentalak diren, biek ala biek aretoak erraz girotzen dituzte beren eritmo dantzagarriekin. Gazte hauen ekimena adiktiboa ere bada, rock frenetikoa eta bizia lantzen baitute kantu askotan. Dariokdio aukeratu zuten emanaldiari ekiteko, hitz surrealistez beztitutako kantu sortari bidea eginez. Iaz argitaratu zuten Katuzaldia diskoari errepasu ona eman zioten, ia osorik jo baitzuten. Lehen diskotik (When I think something is funny I smile, 2022) bi bakarrik jo zituzten, nahiz eta bi pieza horien gogortasunak (Run run run eta Monster) abesti berriekin tartekatzeko arazo gutxi sortu zizkieten.

Gauzak horrela, ez dugu euskaraz atera duten diskoaren nagusitasuna ukatuko, komunikazio mailan ere jauzia handia baita. Arrantzalemarinero hazten doan kantu mota horietakoa da, sasi-reggae gozagarritik abiada handiagoko pasartetara, eta hortik erritmoen arteko joku zirkularrera. Aretoa berotzen hasia zen jada. Hirugarren kanturako (Dutxita) Unai Madariaga, kantatzeari utzi gabe, jada lurrean etzanda zegoen, mikroa eskuan zuela eta buruz gora. Lehen diskoko Run run run, esan bezala, txukun gelditu zitzaien, baina ondoren etorri zenak (Mutiko I eta Mutiko II) inpresio sakonagoa sortzen du: lehena, gardena, flotatzailea eta apur bat psikodelikoa; bigarrena, ziztada motz, bizkor eta gogoz erasokorra. Bien arteko jokuak, eta bata bestearekin elkartuta jotzeak, berebiziko efektua lortzen dute bai diskoan zein zuzenekoan.

Jarraian etorri zen bertsioa (Cher abeslariaren Believe super hita) sorpresa bikoitza izan zen: bata, aukeraketagatik beragatik, nahiz eta tarteka zuzenean kantatzen duten. Bigarrena, abeslaria Eneko Ajangiz gitarra jolea izan zelako. Enekok berez koruetan lan ona egiten du, baina hau bakarrik kantatu zuen. Orobat, bertsio nahiko biluzia eta minimalista izan zen, dena den. Kontrastea egiteko edo, lehen diskoko Monster boteretsua, crescendo bereizgarriaz gain eztanda oso eraginkorraren jabe baita. Zuzenean diskoan baino gehiago, dudarik ez.

Orokorrean, hitz surrealistak gailendu ziren, Txakurtxo-n gertatu zen moduan: “Lagun bat topatu dut, ispilu bat izan zitekeen. Bainan ez da. Benetakoa da, nahiz eta nire modukoa den”. Azken txanpa akzio film baten modukoa izan zen: Marmitako jostagarriarekin jandea pozez txoratu zen; dantzak taldearen onenetakoa den Zikin pizgarriarekin jarraitu zuen, eta olatu horretatik jaitsi gabe, taldeari izena ematen dion kantua, aurrekoa bezala sutsua, adiktiboa eta kontzertuari amaiera emateko bereziki aproposa. Ez dugu hiru ordu laurdeneko kontzertua motz egin zitzaigunik ukatuko, baina hori gustura egon ginenaren seinale da.

Mikel Irigoyen baxu joleak daukan garrantzia azpimarratzekoa da, kantuen espazio guztiak betetzeko daukan moduagatik, eta Alvaro Olaetxea, duela urte bete baino gutxiago Anonyme Popularrekin hementxe teklatua jotzen ikusi eta gero, atabal jole trebatua ere badela erakustera etorri zen. Bere kaxa kolpekada zehatzik gabe, guzti honek ez luke funtzionatuko. Unai Madariagak erakusten duen oholtza-goseak, emanaldia eta bere taldea sentitzeko daukan grinak eta lidergoa kudeatzeko moduak taldeari etorkizun oparoa ekarriko diola aurreikusten dugu. Baliteke gauza berriak eskaintzea gero eta zailago izatea, baina elementuak konbinatzeko moduak, freskotasunak eta gogo biziak sentsazio berritzaileak sortarazten dituzte. Mugitzen den musikaria, eta bide batez bere ikuslegoa, ez da inoiz eroriko.


Utzi iruzkina: