Ezezez "Kabrakriba"

Iazko Bilbao BBK Live jaialdian jo zuten, eta aurten Azkena Rock Jaialdian izan dira. Beraz, taldea areto txiki batean (Uhagon) zein azken jaialdi horretan ikusi ondoren, bultzada garaiezin horretan arerio gutxi dauzkatela ikusi dugu. Aurreko diskoa (Katuzaldia, 2023) kalitate handikoa zela onartuta ere, oraingoan lortu dutenak gailurrean jarri ditu, 2025eko udaberri/uda honetan. Man Or Astro Man? taldearen bultzada geldiezina dauka Puntofinal kantuak, eta hortik aurrera mailak ez du behera egiten. Tentsio mota horrek, Unai Madariaga front-manaren jarrerak eta Zorozelai edo Noraezean bezalako kantu jostalariek oso kutsakorra egiten dute disko osoa. New York edo 108.00 FM kantuek patxada apur bat ematen duten arren, Kalekume-ren astuntasunak zein Nohaypescau-ren genialtasunak erreboluzioak igotzen dituzte berriz. Laberintoclub artelan kutsakorra da, eta Hipake-ren geldialditxoaren ondotik dator grand finalle-a: Babesleku hasieran apala eta gero crescendo handia dakarrena. Lan aparta, beraien onena eta gorantz egingo duena.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: