Euskal Herria Zuzenean 2024, kronika
EHZ. 2024ko ekainaren 29a EURIAK ZAPUZTU GABEKO JAIALDIA.
Bigarren egunez gazte mordoa bildu da Arberatze (Baxe Nafarroa) herriko lau agertokietan. Giro freskoa eta euria izan dira nagusi lehen orduetatik, aterune aunitz ere egon diren arren. Batez ere gazte jendea erakartzen duen jaialdia denez, etorkizunari begira itxaropentsu egoteko moduan gaude euskaltzale zein musikazaleok.
Ekitaldiak goizean goiz hasi dira, eta gune ezberdinetan ekintza kultural mordoa egon da: eztabaida gunea, “Bidasoa 2018-2023” dokukentalaren proiekzioa, bertso musikatuak eta abar. Kontzertuen bi gune nagusietan (“Arberatze” eta “Zilhekoa”) arratsaldeko bostetan hasi dira martxan. Jaialdira bidean Liberen atmosfera eta kantu sarkorrek lagundu digute: Pasadena taldearen ibilaldia amaituta, gasteiztarra bueltan da disko berri batekin, eta bere kantuen estiloa kontuan hartuta aretoetan hobeto dastatu daitezkeen arren, aukera polita izan da berarentzat jaialdi honetan jotzea.
Anarik ordu berean hasia zuen bere emanaldia pilotaleku irekiko oholtzan. Oso zaila egiten zen bera eta bere musikariak ikustea, jende andana bildu baita plaza osoa leporaino betez. Urrunetik ikus genitzakeen Xabier Etxeberri eta Ander, baita Anariren betiko musikariak ere. Anari bera ere ikusi dugu, eta konzentrazio maila gorenean mantendu du, jendearekiko komunikazioa eten gabe. Karma taldeak 17:45 inguruan ekin dio. Hirukote formatua ezin hobeto baliatzen dute rock gogorrari gupidarik gabe ekiteko. Iaz atera zuten bost kantuko E.P.a, eta gogortasunaz gain atmosfera flotatzaileek ere bere lekua badute errepertorioan, “Sotina” zoragarria kasu. Diskoko bost kantuak jotzeaz gain, berriak ere eskaini dizkigute. Laster beste disko bat egingo dutela espero dugu. Stoner musikan murgiltzen direnean ere, adibidez “Zilborraren ingurua”n emaitza oso erakargarri alortzen dute. Antton Araspin gitarra jolea eta abeslaria oholtzaren jaun eta jabe da, baina hiru ahotsetan egindako koruekin ere magia sortzen dute. Ondo bidean, laster hegoaldean izan behar genituzke, Hatortxu Rocken adibidez.
Iaz ikusi genuen lehen aldiz Peio Erramuzpe, hau da, Haira, oholtza gainean. Ziburuko euskal liburu eta disko azokan izan zen. Oraingoan, ordea, banda osoarekin etorri da.Ikuslegoaren maitasuna jaso “Goizeko ihintza” kantuarekin hasi den momentutik. Diskoko kantu ia denak jo ditu, eta zuzenean eman dien dimentsioa aberasgarria da oso. Elektronika munduan murgilduta jarraitzen duen arren, kontzertu formatua dugu hau dudarik gabe.
Euriak ez du jaialdia zapuztu, baina jende andanarik ere ez dugu nabaritu RTZ Kolektiboa hasi den arte bederen. Gazte jendeak hip-hopa maite du, eta arratsaldeko emanaldirik jendetsuena izan da, orain arte behintzat. Lokatzetan zikindutako zapatak, erropa bustiak eta laban batzuk egon dira, baina arrakastatsua izan da zentzu guztietan. Abeslaria ere mugitu da publiko artean, kantatzeari utzi gabe, eta harrera beroa jaso du iparraldeko zein hegoaldeko gazteen eskutik.
Frantziar Estatuan duten arrakasta merezita den edo ez jakiteko, Saintes (Frantzia) herriko Lysistrata hirukotea ikustera gerturatu gara. Post rocka modu oso intentsu eta teknikoan lantzen dute, eta erritmo batzuen konplexutasunak math rock estilora ere hurbiltzen ditu. Jendetza bildu da euriz eta lokatzez bustitako zelaian. Ingelesez kantatzen dute, baina gazteek hitzak ondo ulertu eta kantatu ere egiten dituzte. Sortu duten atmosfera kontuan hartuta, Azkena Rock Jaialdirako hautagai bikainak ditugu. Musika nota zenbait era konstantean eta tentsio bereziarekin mantentzeko moduagatik bakarrik merezi izan du bertaratzea. Gainera, indar oso berezia transmititzen dute.
Harat taldeak ere aukera polita izan du gaur. Berriro ere, taldearen tentsio berezi horrek areto baten akustika merezi duen arren, ziur gaude ondo aprobetxatu dutela. Ibai Gogortzak zuzentzen duen taldea ez da helburu komertzialei begira sekula egongo, horregatik da hain berezia proiektua. Kronika hau idazten ari garen bitartean jo dute. Ondoren, ekitaldia egon da, baita suziriak ere. Eta Gorka Urbizu jada hasia da bere emanldiarekin. Disko berriari errepasu polita eman dio. Ikuslegoak ongi ezagutzen ditu kantu berriak, eta Berri Txarraken garaietan bezain sutsuki sentitzen ditu. Katamaloren “Betazaleak erauztean” ere jo zuen, hau ere aski ezaguna. Peiremans + ere gogora ekarri zuten “Send flowers” kantuarekin. Azken txanpa horretan Berri Txarraken “Katedral bat” eta Itoizen “Hegal egiten” festa giroan jo zituzten. “Toki bat”-ek batik bat, baita akaso “Sute bat”-ek ere Berri Txarraken oihartzuna izan zuten hein batean, Gorkaren bakarkako diskokoak diren arren. Amaitzeko, Gorkak inoiz grabatu duen kanturik luzeean, ”Besterik ez”, bere sei minutu gozagarriekin. “Titanic-en orkestra hartan, geratu beharra nuen babestuko banuen. Besterik ez”. Zorionez, Gorkak atseden hartu zuen eta guztiz indarberrituta itzuli da.
Muturreko metalaren maitaleentzat, Suhuskuneko Kimule taldea bereziki aproposa dugu: ahots guturalak, bonbo bikoitz zigortzailea eta money riffak barra-barra. “Eskorgatra” diskoa goitik behera jo dute, baita beste pare bat kantu ere. Diskoko kantuen artean, brutalenek arrakasta izan dute lehen lerroetan, hala nola: “Bazka” zitala, “Suhuskune” (oihu aunitz barne), “Boga” edo “Muleta” (ahotsa asko goratu dute azken honetan). Diskoari izena ematen dion instrumentala era aproposean sartu dute hainbetse kantu bortitzen erdian.
Alboko oholtzan Su Ta Gar soinua probatzen hasiak ziren. Bi eszenatokiak elkarrengandik gertu zeudenez, leku batzuetan bien soinua nahastu egiten zen, nahiz eta batean kontzertua eta bestean soilik soinu proba izan. Errepertorio klasikoa landu dute oraingoan, nahiz eta lan berriko hiru kanta ere jo dituzten: “Enborra” eta “Alarma egoera” Thrash Metaleroak, eta “Infinitoan” balada heavy sentikor eta era berean boteretsua eta ildo berean, segidan “Itxaropena” hilezkorra. Ez dira “David eta Goliath”, “Mari”, “Jo ta ke” edo “Rotaflexa garrasika” falta izan. Gauari gorazarre egiten dion “Zure aurrean makurtzen naiz” ere eraginkorra izan da hasiera partean. Amaitzeko, “Begira” oldarkorra goian amaitzeko. Motza egin zaigu, baina Aitor oso gustura sentitu da eta antolatzaileei esker ona adierazi die birritan.
Nakar elektronikan murgilduko zela bagenekien arren, kontzertua bera oso oldarkorra izan da. “Hondakin artean bizi”, “Lore eta laban” edota “Z.G.B.” kantuekin jende mordoa dantzan aritu da, emanaldi borobila egin dute eta Jone Laspiur aktoresa, abeslari eta frontwomanak jarrera eta kalitatea erakutsi ditu. Gero, Josune Arakistainen proiektu berriaren estreinua izan dugu EHZ jaialdian: Süne izenpean Durangoko Azokarako argitaratuko duen lehen diskoko kantuak aurkeztu ditu, baita momentuz sarean bakarrik argitaratu dituen “Lau korapilo”, “Orainari” eta, amaitzeko, “Sunday” ere. Soinuari dimentsio berri bat emateko hasierako asmoa lortzeko bidean dela esan dezakegu: elektronika eta erritmo ezberdinek tradizioarekin uztartzeko duten gaitasuna agerian utzi baititu. Mikel Laboak “Bat-Hiru” disko mitikoan grabatu zuen “Haize hegoa”-ren bertsioa ere egin du. Emanaldiak elektronika bultzada izan du amaieran, eta momenturen batean kontzertuaren erdian erritmoa apur bat geldotu bada ere, bizi-bizi amaitu dute kontzertua. Sorpresa hartu dugu Chulería, Joder! punk taldeko gitarra jolea (Antton Carretero) Josuneren taldeko partaide dela ikusteak. Nahasketa mota hauek aberasgarriak dira oso. Goizeko ordubiak eta laurden aldera, eta laurak aldera arte Ke Lepo-k lehenengo eta Vox Low-k gero girotu dute lokaztutako zelaia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: