BLACK SABBATH “13” (VÉRTIGO, 2013)
Black Sabbath itzuli da! Zorionekoak gu, metalzaleok!! 35 urtean Ozzy Osbournerekin grabatu duten lehen estudioko diskoa da hauxe. Ekoizle lanak egiteko Rick Rubin aukeratzeak polemika ekarri badu ere, Sabbathen jatorrizko soinu potolo eta astuna ezin hobeto lortu duela uste dut.
Horrela, "End of the beginning" hasten den momentutik gure eskura dauzkagu hainbeste maite ditugun giro ilunak eta gitarra monolitikoa. "God is dead?" eta "Loner" bide horretan sakontzeko diseinatuak daude, nahiz eta berehala ohartzen garen zati askok abesti zahar hau edo hura gogorarazten digutela. "Zeitgeist" taldearen astro-bidaia mitiko haien aparteko ordezkaria da, beste mundu batera eramaten gaituzten atmosfera eta hitz misteriotsuez hornituta.
Gainontzean, abesti oso luzeak dira (gehienak 7 minututik gorakoak), baina garapen instrumental oso interesgarriak dauzkagu guztietan. Alde batetik, "Age of reason" ildo horretatik doa. Bestalde, "Live Forever"-ek sortzen duen inpresioa ere sekulakoa da; eta, azkenik, "Damaged soul" are kitzikagarriagoa eta, zergatik ez, beldurgarriagoa da. Ziurrenez, denetatik onena. Hori duk soinua gitarrarena, Iommi jauna! Black Sabbath itzuli da. Iraganetik ideia batzuk kopiatu dituzte, bai, baina itzulera hau sekula ikusiko ez genuela uste genuenontzat, nahikoa eta sobera.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: