Bidache Metal Festival (Bidaxun, Lapurdi) 2024-3-30
URTEAN BEHIN, METALAREN EUSKAL HIRIBURUA
Hogei urtetik gora bete ditu Euskal Herriko Metal jaialdirik beteranoenak. Aurtengoan zortzi taldek jo dute ia hamar orduz. Puntakoen artean, aurtengoan abiada bizian egindako musika izan da nagusi, Speed Metala eta Hard-core basatia direla eta. Gauzak horrela, eta heavy jaialdietan gertatu ohi den moduan, anaitasuna eta kodigo propioak izan dira nagusi.
Espainiako Mortal Maze segobiarrak izan ditugu aurten, eta Frantziako Heckel & Jeckel eta Crazy Hammer. Hegoaldetik, Ad Eternum bizkaitarrak igo dira oholtzara, eta beste laurak iparraldeko taldeak izan dira, arrakastarik handiena ukan dutenak, bide batez. Horien artean, The Hellectric Devilz baionarrek Thrash Metala eta punkaren erregaia erabiltzen dituzte. Iritsi ginenerako amaituta zuten beraiena, ordea.
Jaialdira iritsi ginenerako Tarbeseko Crazy Hammer Heavy Metaleroak hasia zuten bere emanaldia. Boterea erakusteko duten moduak (izan ere, kide guztiek elkarrekin lortzen duten koordinazioa eta soinu ahalguztiduna azpimarragarriak baitira oso) iritsitako lehen zaletuak piztu zituen. Amaiera ere goiaren goian egin zuten All for one, Pray for good eta Land of fire oldarkor eta zitalekin. Errepiken nagusitasunak eta taldekideen profesionaltasun osoak sentsazio oso onak sortu zizkioten bertaratutakoei.
Jarraian, Euskal Herriko bigarren Heavy Metal talderik beteranoaren txanda: Killers Bardozetarrek 1982an hasi zuen beraien ibilbidea, hortaz Angeles del Infiernoren hurrengoak dira hierarkia horretan. Diskografia anitza eta maila altukoa badute ere, ia ezezagunak dira hegoaldean, tristea den arren. Frantzian eta Europan errekonozimendu handiagoa dute hala ere. Horretaz aparte, kontuan har dezagun Bruno Dolheguy gitar jole eta azken urteetan abeslaria ere badenak euskara ikasi zuela duela urte batzuk, eta hori gutxi balitz, euskaraz ere kantatu eta grabatu dute. Lehen bi disko lehergarriei egurra eman zieten (Killers, Le fils de la haine edota Maitre du Metal kantuekin, adibidez), eta azken diskoa oraingoan set list-etik kanpo utzi zuten. Euskaraz, eta dezibelio festa amaigabean, Gorka Knörren Azken agurraren negarra eta Guk taldearen Arrantzale ere jo zituzten. Azken bi kantuetan, Killersen abeslari izandako (egun Titaneko abeslaria) Patrice Le Calvez mitikoa izan zuten bidelagun. Ikuslegoaren erreakzioak argi utzi zuen Patriceren karisma eta sortzen duen giro ona.
Beteranoa da Hazparneko Aggressive Agricultor boskotea ere. 1986an hasi ziren bere hard-core basatiarekin bazterrak astintzen. Baserritar (Agricultor) jantzita taularatzen dira, eta teknika aparta edukitzeaz gain, errukirik gabeko errepikak eta oldarkortasun berezia darabiltzate. Gitarra joleen punteoek abiada bizian eraman gintuzten Léon le gros porc, Longue vie au bétail edota Ma charrue n’avance plus bezalako pieza motz eta basatiekin. Gaur egun Euskal Herrian daukagun talderik lehergarrienetakoa da, zalantzarik gabe.
Lehen Patrice Le Calvezen taularatzea aipatu dugu. Nola diren gauzak, hain justu emanaldi hau da Titan taldearekin eman duen azkena. Killers 1982an sortu bazen, Titan 1986an hasi zen egurra ematen, beraz gure metalaren historian aintzindarien ohorezko lekua eduki behar lukete beraiek ere. Speed Metalaren zaleentzat luxuzko emanaldia izan zen: Accept taldearen abiadura, ostia txarra eta garraztasuna mantentzen jarraitzen dute, baina akaso Blind Guardian-en lehen garaietara ere asko hurbiltzen dira. Killersek ez bezala, azken diskoari protagonismo handia eman zioten, hartatik zortzi bat kanta jo baitzituzten. Dena den, lehen disko mitikoko bost pieza ere jo zituzten, zorionez. Egia da azken laneko kantuak leiendaren maila mantentzen dutela: Marche, No more gods, Les fous de dieu horren lekuko. Beteranoen zorionerako Ultimatum eta L’irlande au coeur dotoreak lehenengo, eta Resurrection eta Rage et haine borrokalarien ondoren, Popeye le road eta La loi Du Metal ereserkia jo zituzten, gero. Segidan, taldeko abeslari berria izango den Peio Cachenaut igo zen, eta kanpora doan Patrice besarkatu eta gero, Accept taldearen Breaker garratzari ekin zioten, txandaka lehenengo eta biek batera geroago. Peioren motibazioa aipagarria izan zen. GI’s Heritage ereserki zaharrean bi gitarristen arteko jokuak eta berriro ere abiadura hiltzailea nagusitu ziren, eta azken agurrean, Killers eta Titan taldeko guztiak elkartu ziren momentu historiko hura argazkietan islatuta geratu zedin. Patricek bere motorzale/metalero eskularrua kendu zuen, eta sinbolismo handiko azken ekintza horretan, ikusle bati erregalatu zion. Patricek eskularruak kendu ditu, lau hamarkadaren ondoren.
Bizkaiko Ad Eternum-ek lan zaila zeukan: Titan-en ondoren jotzeak, eta gainera jaialdiko azken taldeak izateak ikusle gutxiagoren aurrean jotzera kondenatu baitzituen. Ez dugu jaialdian jendetza bildu zenik esango, baina Titan-ek amaitu eta gero asko nabaritu zen hutsunea. Santurtzikoek profesionaltasun eta gogo biziz ekin zioten bere gazteleraz kantatutako piezei, metal epikoa eta oso teknikoarekin ekin gainera. Bere bi diskoetako abestiak tartekatu zituzten kontzertu osoan, hala nola Armaggedon, Caballero inmortal, Dueña de tu vida, Dogma... Patxa abeslaria saiatu zen ikuslegoarekin zubiak eraikitzen, baina gazteleraz hitz eginez lan zailak zeuzkan. Euskara jakin izango balu ere, zoritxarrez bertaratutakoek ere ez zekiten askorik, salbuespenak salbuespen. Dena den, giro polita eta umoretsua sortzea lortu zuten, eta goranzko bidean amaitu zuten: Chica mala eta batez ere Sigo aquí eta Seducción izan ziren lan zail hori arrakastaz bideratu zutenak. Amaitzeko, Rivel dantzagarriarekin giroa (orain bai) pil-pilean jarri zuten, baina goizaldeko ordubata jo zuenean argia moztu zioten. Bateria joleak, baina, ez zion bere instrumentua jotzeari utzi eta parrandak aurrera jarraitu zuen minutu pare batez, azkenik erretiratu ziren arte. Lorpen handia izan zen, aurka zeuzkaten faktoreak zeintzuk ziren ikusita.
Bidaxunen, iraganak eta orainak bat egin zuten: bertan parte hartu zuten lau taldek 80.hamarkadan ekin zioten jotzeari, eta beste laurek 2016 eta 2018 artean egin zuten. Lau talde beterano haietatik hiru lapurtarrak dira, ordea, 1982 eta 1986 artean sortuak, eta kalitatezko ibilbide oparoa eraiki dutenak. Horregatik zaila egiten zaigu hegoaldean hain ezezagunak direla onartu behar izatea. Gainera, maila honetako jaialdia, eta hainbeste urtetan ospatu dena, ia ezkutuan dago Bidasoatik behera.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: