BELAR HOSTOAK 2023-2-25 Uhagon Kulturgunea (markina-Xemein)
Duela urte bete Bilboko Loraldia jaialdirako Txomin Artolaren “Belar Hostoak” (Xoxoa, 1978) disko mitikoa berrinterpretatu zuten haren seme Urbil Artolak (lap steel gitarra, dobroa) eta berak bildutako bandak: Jon Gurrutxaga (ahotsa), Dani Venegas (gitarra, mandolima, pianoa, organoa), Antxon Sarasua (akordeoia) eta Andoni Etxebeste (bateria, perkusioa). Emanaldi bakarreko proiektua behar zuena ekitaldi gehiagotan gauzatu zen, ordea, protagonisten sorpresarako.
Emanaldi haren arrakastaren itzalean, gehiago sortzen joan ziren azkenik diskoa berriz grabatu zuten arte. Konpaktu bikoitz honetan jatorrizko diskoa birmasterizatua eta berrikuspena bildu zituzten jarraitzaile askoren harridurarako. Kantuei aldaketa interesgarriak sartu dizkiote instrumentu berri batzuen erabilerarekin zein erritmo aldatu zenbaitekin eta bihotzetik egindako bete-beteko omenaldia gauzatu dute. Ekitaldi hau Uhagonera etortzea ia derrigorrezkoa zen, beraz, Markinarren zorionerako. Lagunarteko giro eta errespetuz betetako honetan, soinu garbi eta kalitatzekoa nagusi zela, goitik behera diskoaren zazpi kantuak jo zituzten; baita ia orden berean egin ere.
Txomin Artolaren folka ulertzeko modua ez zen zehazki Ez Dok Amairukoen ildokoa izan. Honela, haiek Chanson française eta katalunyako Noca Cançó mugimenduen intelektualtasuna eta aldarrikapena jorratu bazituzten, hondarribiarrak Amerikako Estatu Batuetako folkera (euskal tradizioa ahaztu gabe, noski) zeharka begira gauzatu zuen ere obra. Walt Whitman XIX.mendeko poeta izan zen arren, bere poesiak Artolaren idealismo hippyarekin era harrigarrian konektatu zuen; baita, bide batez, Kaliforniako rock azidoa eta San Frantziskoko Haight-Ashburyko mugimenduak lantzen zuen flower power ideologiarekin ere. Beraz, folk modernoan eta zergatik ez, nolabait rock progresiboan murgilduta ibili zen Artolak (gogoratu Haizea taldea) bere bakarkako bigarren disko luzerako Whitmanen poetak euskaratu zituen.
2022ko berrikuspen honek jatorrizkoaren joera akustikoa itxuraldatu du: batetik, bateriaren presentzia begi bistakoa da. Bestetik, instrumentazio anitzagoarekin zein ahots melodien indartzearekin beste aire bat eman diote lanari. Ez da lan makala izan horrelako disko baten kantuak aldatzera ausartzea eta maila honetara iristea, ez horixe. Txominen semea da, ziur aski, hori aurrera eramateko musikaririk egokiena. Gogora dezagun jatorrizko grabaketan ere hor egon zela, artean haurra zen arren.
“Abereen artean” mitikoarekin hasi ziren momentutik konturatu ginen aurrean izango genuenaz: seriotasuna, konzentrazioa eta magiaz betetako soinua. Guztiz profesionala. Jon Gurrutxagaren ahotsaren tinbreak kontraste handia egiten du Txominenarekin: nota altuagoak lantzen ditu lehenak, nahiz eta bere bakarkako ibilbidean baino era suabeagoan egin. Tonu hori ezin hobeto datorkie kantuoi. Ordurako konturatuak ginen gaixorik zegoen Andoni Etxebesteren ordez Uhagonen hainbat artista ezberdinekin jo duen Karlos Aranzegik joko zuela bateria. Nonbait, errepertorioa bi egunetan ikasi zuen eta batere entsegurik egin gabe taularatu zen! Kontzertu osoan era profesionalean jotzeaz gain, bere ukitua ere eman ziola uste dugu, eramaten dituen tramankuluak eta erakusten duen segurtasuna eta irmotasuna direla medio.
Bost protagonistak eserita eta gidoi bati segika aritu ziren. Gurrutxagak zuzendu zuen emanaldi osoa, aurkezpenak, narrazio forma duten zatiak eta ahots nagusia berak egin baitzituen, baina ez dezagun inoiz Urbil bera ahaztu: proiektu honen sustatzailea, ideologoa eta zuzendari musikala baita. “Abereen artean” magia kutsakorrez beztitu zuten eta amaierako txalo zaparradek argi erakutsi zuten ikuslegoaren onespena. “Ez naiz espazioa” bals erritmo mozkorgarri batekin egin zuten, bateria nagusi zela eta 3 x 4 tenpoak airean eramaten gintuela.
“Aintzira eta leku” jatorrizko unibertso akustikoan mugitu bazen ere, hiru eta lau ahotsetan egindako harmoniek eman zioten lilura. Proiektu honetan ia denek egiten dituzte koruak, betiere ahots nagusian Jon jaun eta jabe dela ahantzi gabe. Ezkerrean lehena Antxon Sarasua zegoen. Akordeoiaz gain teklatu bat ere jo zuen; gainera, oker ez bagaude baxua ere hiru eskutatik pasa zen: Jon Gurrutxaga, Urbil Artola eta Antxon beraren eskuetatik hain zuzen ere. Alboan, Urbil bere tramankuluekin: lap steelaren maisua denez gero, emanaldi osoan sarritan erabili zuen eskuartean, baita ordea dobroa eta whistle flauta ere. Erdian, Jon (ahotsa, gitarra, baxua eta shruti boxa, oso oker ez bagaude) eta bere ezkerrean Dani Venegas, beti bere lekuan eta gitarra eta mandolina jotzen. Ez zuen oraingoan, dena den, diskoan egin duen bezala pioanorik edo organorik jo. Eta oholtzan ia kabitu ezinik, eskuin ertzean Karlos Aranzegi bere bateria eta perkusio pieza zenbaitekin.
Kantuen ordenean aldaketa bakarra “Lur osoaren erasoak” abestiarekin etorri zen, “Baserriko ate zabalak”i aurreratu zitzaionean. “Lur osoaren erasoak” erritmo markatu horrekin egitean, aldiz, jatorrizkoaren xarma gainditu ezinik ibili ziren. Hori, noski, Txominen diskoaren meritua da eta ez banda honen ezina. “Baserriko ate zabalak” ere erritmo biziz egin zuten, rhythm & blues eta rock and roll primitibo baten klabean. Oso kuriosoa.
“Arrastirian hondartzan”, aldiz, bere zazpi minutuko garapen zoragarriarekin gailurrean jarri beharko genuke. Gurrutxagaren tinbreak dirdira berezia dauka hemen. Erritmo biziak geldialdi iradokitzailei lekua egiten zienean gertatu ziren momentu guztiz magiko haiek. Garapen hauek, geldialditxoek eta erritmo aldaketek rock progresiboaren lurraldera eraman zuten kantua. Azkenik, “Hator, esan zidan” kantuarekin, paisai akustikoak bisitatu zituzten akaso jatorrizko izpirituari keinu egiteko asmoarekin. Bestalde, Txomin Artola ikuslegoaren artean zegoen arren, oraingoan ez zen oholtza gainera errezitaldia egitera igo.
Eta horrela, etorri zen moduan joan zen boskotea. Ordubetera heldu ez zen emanaldia itzela izan zen arren, bertaratutakoek gehiago nahi zuten. Motz egin zitzaigun, kontzertu aski kalitatezkoa izan zenaren erakusgarri. Sortu den lantalde honekin, eta berriz ere Andoni Etxebeste gogora ekarri beharrean gaude, penagarria izango litzake bere horretan uztea. Egin duten lan hau beste disko batzuekin egin baitaiteke; ez dugu uste huts egingo zutenik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: