Atzar Hadi (Errobiri omenaldia) Sara, 2024-9-11
ATZAR HADI + HIRURI HERRIKO PLAZA (SARA) 2024-9-11
Euri jasa ia geldiezina izan genuen, arratsaldean zein gauean, emanaldiak iraun zuen ia denbora osoan. Bertan behera gelditzeko aukera asko zeuden arren, azkenean, gure harridurarako, ez zen suspenditu eta ekitaldiak aurrera egin zuen. Atzar Hadi proeiktuaren amaierara iritsi gara, beraz, azkena bezala iragarrita zegoen kontzertu honekin. Errobi taldeari bihotz-bihotzez gorazarre egiteko sortutako egitasmo interesgarri honek guk nahi baino askoz ere lehenago esan digu agur. Polemika punttu bat egon denik ere ez dugu ukatuko, inor gutxik espero ez zuen arren Atzar Hadi martxan jarri eta gero Errobi elkartu baitzen. Alta, zaleok bietaz gozatzeko aukera izan dugu: Omenaldi sentituaz eta Errobi beraren itzulera garaileaz.
Euriaren ondorioz, Sarako Plaza ia hutsik egon zen kontzertu osoan. Jendea tabernetan eta ahal zuen arkupe guztietan babetsu zen, eta handik kontzertuaz gozatzen saiatu ziren. Bazen, ordea, karpa txikitxo bat non arratsalde-gau partean Hiruri laukoteak bere emanaldia egin ahal izan zuen, euria bai baina oraindik eguna argi zelarik. Laukotea Lapurdikoa da; hiru abeslarik osatzen dute: Sebastien Goutenegre, Miren Tristant eta Amaia Hirigaraik. Karma taldeko Antton Araspin gitarra jole eta abeslaria da laugarren partaidea. Bertsio mordoa jo zuten, hiru ahotsetan eta Anttonen gitarrak lagundurik, hala nola: ETSren “Heldu da garaia”, Manex Pagolaren “Ardiak lerro lerro” delikatu eta zoragarria (Anje Duhaldek “Astiria mendian” izenarekin 1989ko “Nahas-Mahas” diskoan argitaratu zuena), Maixa Ta Ixiarren “Iluntzean” sentitua eta beste hainbat klasiko.
Karpan bertan ura sartzen zen sabaiko zenbait zulotxotatik. Gainera, euria ere barneratzen zen karpatxoaren lau bazterretatik. Oraindik ez zuen hotzik egiten, baina karpapeko goxotasunak kanpoko ekaitzarekin kontraste handia egiten zuen. Karpa esan dugu, baina toldo soil bat zela argitu behar dugu, paretarik gabeko sabai bat alegia. Musikariei dagokionez, gazte hauen ahalmena begi bistakoa da. Naturaltasun osoz kantatzen dute, etxeko salan baleude bezala, baina jendaurrean serio eta profesionaltasun osoz. Idoiaren “25.artikulua” ere kantatu zuten, jatorrian Eñaut Elorrietarkin bi ahotsetan kantatua, hemen hiru ahotsetan berriz ere dotore geratu zitzaiena. Oso oker ez bagaude, gero Xiberotarrak taldearen “Andozeko ibarrean” jo zuten. Talde honek 2019an argitaratu zen “Lürrama” (Elkar) diskoan grabatu zuen, nahiz eta Pier Paul Berzaitzena dela uste dugun.
Emanaldiak bertsio andana izan zuen arren, disko berria prestatzen ari omen dira, beraz pentsatzen dugu kantu propioak ere etorriko direla. Elvis Presleyk kantatzen zuen “Can’t help falling in love” ere modu xume eta oso ederrean egin zuten. Bukaera aldera, Txomin Artolaren “Aberriaren mugak” edota “Nola bizi, hala kanta” biziki ederra. Lapurdiraino joan, eta hasiera batean etxera esku hutsik bueltatuko ginela pentsatu bagenuen, talde berri bat deskubritu genuen bederen, eta Durangoko Azokarako hadi egongo gara lehen diskoa abendurako aterako duten edo ez ikusteko.
Honen ondoren, itxaronaldi arraro batean egon ginen denbora luzez. Kontzertua bertan behera geratzekotan zen, euriak ere tregoa gutxi ematen zuen, baina ez zen han oholtzako instrumentu, bozgorailu eta beste tramankuluen desmuntatzerik egon. Azkenean, eta inor gutxik espero zuenean, gaueko hamarrak laurden gutxiagotan eta jada ilunduta zela, Atzar Hadi egitasmoaren azken kontzertua hasi zen. Errepertorioa errepasatuz gero, Errobiren lehen bi diskoak goitik behera jo zituzten, “Ametsaren bidea” eta “Agur t’erdi” guztiz alde batera utziaz. Ikus-entzunezko muntaia xumea izan zen, beraz Oialumen egin zuten emanaldiarekin alderatuta formatu dezente txikiagoa izan zela esan dezakegu.
Dena den, musika da garrantzitsuena hemen, eta horretan bereziki abilak dira taularatu ziren zazpi musikariak: Xabi Pery (Itoiz taldearen azken etapako gitarra jolea), Jojo Bordagaray eta Patxi Etcheverry abeslariak, Mikel Artieda baxu jolea, Javier Perez de Azpeitia teklatu jole mitikoa, Xabi Albistur gitarra jolea, eta osasun arazoengatik etorri ezin izan zuen Patrick Calveten ordez, Ander Zulaika bateria jolea. Lehen diskoa oso osorik jo zuten lehenengo, eta segidan bigarrena. Kantuen ordena pixka bat aldatu bazuten ere, ia ia diskoen berdina izan zen. Estraineko diskoko lehenengo hiru kantak diskoko azken hirurak izan ziren, hortik aldaketa. “Euzkadi”, “Aitarik ez dut” eta “Hi” kantuekin hasi zuten kontzertua, beraz, eta gero “Kanpo...”-tik aurrera egin zuten, “Andere haundi”rekin amaitu arte. “Aitarik ez dut” rockeroaren pultsazioak jaso zituen “Kanpo...” pizgarriak, “Gure zortea”-rekin pixka bat erritmoa jeitsi eta “Perttoli”-rekin martxa dezente sartzeko.
Atertu egin zuen orduantxe, eta su artifizialen momentua iritsi zen, hain justu atertu egin zuelako (edo hori uste dugu). Herriko bestek aurrera egin zuten gero kontzertuaren berrabiaraztearekin. “Nora goaz?” bereziki aproposa izan zen lan horretarako. Dena den, egun beltza izan zen. Laster hasi zen berriro euria eta ia kontzertu osoan plaza hutsik egon zen. Mozkor pare bat bueltaka eta aterkidun pertsona ausart gutxi batzuek egon ziren plazan, ahal izan zuten bitartean bederen. Soinua ere, seguru aski eguraldi txarragatik, ez zen onena izan. Bozgorailuek ez zuten behar bezalako indarra transmititzen, nahiz eta orokorrean soinuak hobera egin zuen. Atabalak soinu-masa arraro bat ateratzen zuen hasieratik. Bonboak dena estaltzen zuen, platerek ez zeukaten dirdira askorik eta baxua eta gitarren boterea ez zen behar bezala plazan islatzen. Rock kantuetan teklatuak ere ez ziren oso ondo entzuten.
Musikarien lana goraipatzeko modukoa izan zen, eta esan bezala, emanaldiak aurrera egin ahala itxura hobea hartu zuen denak. Fokuek, ordea, taldearen atzetik aurrera bakarrik argiztatzen zuten. Beraz, musikarien aurpegiak ia ez ziren ikusten, masa beltz bat baizik, eta argazkiak ateratzea ia ezinezkoa bihurtu zen, ia kontzertu osoan, gainera, ke ugari bota baitzuten oholtza gainean. Gauzak horrela, eta guzti hori egia izanda ere, maila honetako errepertorio batekin gozatzeko momentuak ez dira falta inola ere. “Zuretzat” delikatua eta ederra eta “Andere haundi” iradokitzailearekin eman zioten lehen diskoaren errepasoari amaiera.
Ikus-entzunezko zatiek bere garaian “Gu Gira” bilduman eta Kursaaleko lehenengo zuzenekoan (2009) izan zenaren kontzeptua landu zuten, ideia, irudi, argazki eta testu ezberdinekin. Dani Velezen zuri beltzezko irudiak, Frantxoa Tellagorriren 70.hamarkadako afixak eta Daniel Landarten testu batzuk osatu zuten alor hori, kontzertuan barreiatutako hainbat pasarte motzetan. Dena den, pantaila txikia zen eta berriz ere, ikuslegoa oso urruti zegoen. “Gure lekukotasuna” diskoari izen bereko kantu ahaztezinarekin eman zioten hasiera, jatorrizko diskoan bezala. Lan osoa interpretatu zuten orden berean. Bertsio indartsua izan zen, baita Xabi Peryk egin zuen gitarra riff apur bat ezberdina eta txundigarria ere. Aparta. “Ez deat erranen” Errobiren kontraste guztien lekuko izan zen, taldearen pasarte elektro-akustikoen adierazlea (oraingoan akustikoa) eta ahotsen tratamenduari dagokionez zirraragarria. Patxi eta Jojok lan bikaina egin zuten.
“Kuia lilien erromeria”, Errobiren jatorrizko diskoan jostagarria eta dantzagarria bada, Atzar Hadik zuzenean egiten duen bertsioa harrigarria ere bada. Indartsua, kantuak berez daukan sakontasun beltza eta indarra ezin hobeki probestu zituzten. Berriz ere, Xabiren gitarra riffak karga berezi bat ekarri zuen, akaso apur bat ezberdina, eta orokorrean, taldekideen bultzada gehituz gero, pieza biziki mardula eta gogorra egin zuten. Berriro ere folk kutsuko pasarteak etorri zitzaizkigun “Emazte” prestu eta borobilean. Bi ahotsen arteko jokua, berriz ere, dotorea izan zen. “Lantegiko hamar mandamenduak” ere zinez gomendagarria izan zen, jostagarria eta rockeroa. Amaierako mezuak, gainera, duela 50 urteko kontzeptuak bere horretan jarraitzen duela gogorarazi zigun: “Langileek... pottota ta ipurdi nagusiarendako”. Orobat, interpretazio oso profesional eta txukuna izan zen, dibertsioa alde batera utzi gabe.
Itxura ederra hartzen ari zen kontzertua, baina aparteko beste euri jasa batek bertan behera gelditzeko arriskuan jarri zuen dena. Hori zen ikuslegoaren sentsazioa, bederen. Plaza berriz hutsik, hau da, zortzi-hamar pertsona egotetik HUTSIK egotera pasa zen beste behin ere. Pena hartu genuen, orduantxe iritsi baitzen “Telebista” mitikoaren momentua. “Xileko langileria” hobeto gozatuko genuke gertuago egongo bagina, baita “Bakea”-ren melodia goxoak ere. “Nagusiaren nigarrak” plazaren erdira itzultzeko momentua izan zen, eta taldeak kantuaren beraren jostagarritasuna musikariak aurkezteko aprobetxatu zuen. “Gure lekukotasuna” diskoa amaitu zuten, beraz, baina azken agurra “Nora Goaz?” kantuarekin, kontzertuaren lehen zatian jo zuten berarekin, egin zuten, beharbada proiektuari izena ematen dion hitzak dauzkalako (Atzar hadi). Ez zen, beraz, Crosby, Stills & Nash-en “Find the cost of freedom” kantuarentzako lekurik egon.
Eguraldiaren erruz, ez genuen guk espero genuen emanaldiaz ehuneko ehunean gozatu. Soinua ere nahiko justu egon zen momentu askotan, baina egoera orokorra ikusirik, eta bertan behera ez uzteko erabakia ausarta (ausartegia?) izan zela onartuta ere, zeuzkaten baliabideekin aurrera atera zutela onartu behar dugu. Benetan azken kontzertua izan bada, pena handia sentitzen dugu proiektuak berak daukan balioagatik, batetik, eta areto batean baldintza hobeagoetan entzun gabe gelditu garelako, bestetik. Errobik omenaldi bat behar bazuen, taldearen beraren itzulera eta Adarra Saria alde batera utzita noski, hau zeharo aproposa izan da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: