Aterkings "Nun ibili haz?"

Aterkings "Nun ibili haz?" Fucktotum | 2026-11-06 20:12

Aterkings "Nun ibili haz?"

Azken diskoa argitaratu eta hogei urtera, Markina-Xemeindarrak LP berriarekin itzuli dira. Hamairu kantuotan bada gorabeherarik, baina batez ere punk-rock azkarra, Australiako eszenaren lagin bat eta rock and roll gitarra zalea lantzen jarraitzen dute. Ez dago hemen sekretu berezirik, baina beraien soinuari dioten fideltasun horrek arrisku sentsazioa ematen jarraitzen du. Entzulea bero-bero hartzen duen horietakoa da hasiera, Nun ibili haz? eta Marijo direla eta. Sorpresarik handiena zortzi minutuko “Enok txarra” dugu, aurreko kantuen kontrapuntu polita eta abentura berritzailea. Rock bizia nagusi da diskoan hala ere, eta Never is too late, Death by the gun, Fantasmak edota Mille malko festa on bat prestatzeko osagai perfektuak ditugu. Jostagarria da azken kantu hori, baita Beti lez ere, zeinetan gitarra joku polita eta errepika garbia lantzen baitituzten. Amaieran Amaia kantu luze, apur bat astunago eta erakargarria, lan gomendagarri honen epilogo aproposa.


Utzi iruzkina: