Anestesia + Bellum. Orioko Gaztetxea 2024-7-6
ERRETIRORIK EZ
“Fenix” izeneko bira pandemiak eta osasun arazoek zapuztu zuten arren, 2023 hasieran taldea berpizteko ahalegina etorri zen berriz ere. Imanol Beloki betiko bateria joleak taldea utzi zuenean, ordea, Anestesia berriz kolokan jarri zen. Hala ere, Jon Albizu bateria jolea fitxatu eta “Azken heriotza” bira txikiari egin zioten, aurreko biran egin gabe geratu ziren kontzertuak osatzeko. Gauzak horrela, eta bira ekainaren 8an amaitu bazen ere, larunbatean Orioko gaztetxean bizi genuena estra moduko bat izan zen. Ordu eta laurdeneko deskarga zapaltzaile hau ikusi eta gero, aldiz, gauza bakarra daukagu buruan: erakutsitako maila ikusita, ezin dute erretiratu!
Telonero lanetan, Getariako Bellum hirukote gaztea izan genuen. Oraindik diskorik atera ez duten arren, kantu propio zein bertsioekin ateratzen duten burrunba deigarria da oso. Momentu batzuetan laukote edo boskotea dirudite, kontzertu osoan abiada bizia eta oldarkeria maila altuenetan mantendu baitzituzten. Post-punka lantzen dutela irakurri dugu, baina gehiago iruditu zitzaigun hard core basatia. Amaieran Zaramaren Iñaki, ze urrun dagoen Kamerun-en bertsio harrigarria egin zuten, deabruzko abiaduran, baina kantuaren baliabide melodiko guztiak ezin hobeto aprobetxatuta. Gertutik jarraitzeko moduko taldea.
Eta gaueko hamaika t’erdiak aldera Anestesia taularatu zen azkenik. Gaztetxe dotorea ia beteta, hurrengo minutuetan erruki askorik gabeko oldarraldia eskaini ziguten, kasik espero baino oraindik handiagoa. Mikel Kazalis oholtza gainean ikustea, gitarrari sua atereaz eta zima luzeak airean, energiaz beteta eta irribarrea ezpainetan, morala igotzen duen gertakizun horietakoa da. Eta Dani Aizpurua, beti oholtzaren beste aldean, pasio hutsez eta teknika harrigarriz kantuen oinarriak behin eta berriz eraiki eta deseraikitzen. Zer esan Ibon Esteibar abeslariari buruz? Gisa honetako errepertorio bati aurre egitea ez da erraza, erraza ez denez. Grabeak eta guturalak egiteko modu basati hori emanaldi osoan horrela mantentzea ikusgarria da, eta kantuei ematen dien oldarkortasuna indarkeria hutsa da. Benetan aparta.
Horrela, Zure txanda bezalako kanta zuzen, bizkor eta motzetan erasoaren etekina guztiz biderkatzailea da. Korapiloak pultsazio bortitzez eskaini ziguten. Anestesiaren kantu guztiek ez daukate errepika garbirik, baina kantu hau eta beste zenbaitetan teknika hori ondo menderatzen dutela erakutsi zuten. Aurrekoa motza dela esan dugu, bada azken hau zein beste batzuk nekez pasatzen dira minututik. Badaude motzagoak, hala ere. Eutanafrika ere errepika moduko baten jabe da, eta lehen urteetan erabiltzen zuten atabal kolpe motaren adierazlea ere bada: kaxa oso biziki zigortu eta bonboari ere etengabe egurra ematen dion horietakoa.
Badugu, bide batez, bateria jole berriari buruz hitz egiteko garaia: Jon Albizu zarauztarrak ere animaleko kolpea dauka eta bortizki erasotzen du errepertorio osoa; ez nioke ihes egiten utziko inola ere. Kantu astunetan ere ez dira batere atzean gelditzen. Beraz, eta abiada hiltzailez armatutako oldarrei kontrastea egiteko, Kontraesanak eta Erantzun bezalako piezak eskergarriak dira oso. Bi kantarik berrienak (Fenix, 2022koa, zitala, eta Azken heriotza, aurtengoa, astuna) ere ez ziren falta izan, eta ikuslegoak ondo baino hobeto ezagutzen zituela argi geratu zen. Lehen lerroetako anabasa ikusgarria izan zen, bafleak eta argiak ere kolokan jarri zituena, baina ez zen zorionez momentu benetan arriskutsurik bizitu. Azken diskoko bortizkeriak ere ez ziren faltan izan: Maite zaitut, hil nazazu astakeria edota 36 segunduko Zaborra gara zigortzailea.
Ez gara askoz ere gehiago luzatuko, baina R.I.P. taldearen Brigada criminal gaueko hunkigarrienetako bat izan zen (oker ez bagaude, taldeak 1990ko maketan ere grabatu zuen kanta hau). Ultra-komunikatzen, taldearen onenetakoan ere, sekulako oldarraldia sentitu genuen lehen lerroetan. Zaborra gara eta gero deskantsu txiki bat hartu zuten, ia ezinezkoa baita erritmo horri eustea. Gatibutasunean-ekin agurtu gintuzten, bisetan ohiko urrezko tetralogiarekin amaitzeko: S.T. instrumentala, Begi bat klasikoa, Gu (minutu erdiko hurakana) eta akaso ezagunena, Agur eternala. Etxeluze gaztetxean ikusitakoaren ondoren, lau musikariek elkar hartzeko duten modua, indarra eta bultzada kontuan hartuta... zer nahi duzue esatea, bada? Erretiroa orain hartzea ia ezinezkoa iruditzen zaigu. Oraina beraiena da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: