Alberto Madrid, MC5, Nashville Pussy, Urtz
. ALBERTO MADRID hil da Madrileko M-40ko infernuan. Bateriajole bikaina, Espainiako rock gogorreko talderik onenetako bateko partaidea zen, Savia madrildar taldekoa. Lehenago Santa Fe eta Sober Stoned/Soberen ibilitakoa. Soberen banaketaren ostean, Carlos Escobedorekin proiektu berri hauxe hasi zuen 2005ean (Savia). Proiektua zena talde sendo bilakatu zenean, bigarren disko bikain bat kaleratu ostean, eta Mägo De Özen telonero gisa audientzia handiak dastatzen hasiak zirenean joan zaigu, zoritxarreko auto istripu hartan. Gogoan dut oraindik 2005eko KALAKORIKOS FESTIVALeko errebelazioa izan zirenean. Taulara irten zirenean oraindik arratsaldea zen, eta eguzkiak gogor jotzen bazuen ere, potentzia handiz ekin zioten, baita jarraitu ere! Ondoren Donostiako FNACen eskaini zuten akustikoa ere ezin ahaztu. Albertoren atabaletatik metro gutxitara, flipatu egin nuen haren teknikarekin, “En tu rincón”en hasierako sarreran adi adi egon nintzen, bere golpe bakoitza, redoble bakoiotza antzeman nahian. Goian bego.
. MC5/DKT. Motor City Five legendario haietatik bizirik jarraitzen duten hiru heroiek, hots: Michael Davis, Wayne Kramer eta Denis Thompsonek, makina sonikoa berpiztu dutenetik poztasun handiak eman dizkigute. Lehengo urtean Barcelonako Razzmatazzen ikusteko aukera izan genituenok, bagenekien zer genuen zain Bilboko Santana 27 aretoan (edota 2004ko AZKENA ROCKen izandakoek). BCNn bezala, ahotsetan The Bellrayseko beltza, hots, Lisa Kekaula izan genuen. The Dictatorseko Handsome Dick Manitoba eta The Sisters of Mercyko Adam Pearsonek (baxua eta ahotsa) laguntza eman zioten taldeari Bilboko zitan. Taldeko partaide historikoei, zaharrak izanagatik, ez zaie rock’n’rolla ahaztu, ez horixe. Gauza batzuk ez dira inoiz aldatzen. Riff rock and rolleroak, kitarra solo eta punteo zitalak, Wayne Krameren haserre aurpegia...Lisaren ahotsak soul estilora jotzen du, eta konbinazio kuriosoa da, 35 urte baino gehiago dituzten abesti hiper gogor haiei ematen dioten puntua. “Looking at you” ez dute 1970ean bezain gogor egiten, eta zertxobait galdu du, baina bertsio polita da, eta orokorrean lan bikaina egin dute. “High school”, “Kick out the jams”, “Ramblin’Rose”, “Back in the USA”, “Let me try”...klasiko guztiak bata bestearen atzetik. Kanta gogorretako batzuk Adam Pearsonsek kantatu zituen: Berak potentzia jartzen zuen, eta Lisak, sentsibilitate beltza. MC5 gabe ezer ez litzake berdina izango. Agurea izaten naizenean, eta nere bilobak “Aitona, zer izan zen rock and rolla?” galdetzen didanean, “biloba, rock and rolla MC5 izan zen” esango diot.
. NASHVILLE PUSSY. La ostia, 8 urte Nashville Pussy ikusi nahian, eta azkenik Bilboko Kafe Antzokixeri esker lortu dut Atlantako banda ikustea. Euskal Herrian etorri ziren aurreko aldietan ezin ikusi izan nituen, eta oraingoan ezin galdu nituen, ba! Corey, ahotik sua botatzen zuen emakume baxujolea, jada ez dago taldean, mordoxka bat urte ezkeroztik, baina neska berri bat hartu dute, eta sua botatzen ez badu ere, rockeatzen badaki. Blaine Cartwright-Ruyter Suys senar emazteek (kitarra/ahotsa eta kitarra solista) tinko jarraitzen dute, hard rock zikin eta azkarrarekin (punkaren influentzia handiarekin). Blainek abestu baino gehiago, buila egiten du; Ruyterrek txispak ateratzen dizkio kitarrari, bateriajole bizarduna itzela da, eta baxua, esan bezala, ederki adaptatu da. Nork ez du maite ostiral arratsalde batean “Go motherfucker go” kantatzea? “I’m the man” ez al da euforia eutsi ezina? Hortxe genuen, inoiz baladarik grabatuko ez duen taldea. Eta “Fried chicken and coffee”rekin Grammy baterako izendatu zituztela pentsatzea ere! Blaine biserarekin irten zen, bizarra eta zima luzeak ikusten zitzaizkion. Bisera kendu zuenean, kasik Constantino Romero bezain burusoila zela ikusi genuen arte. Bateria soloan, bisera berriz kendu eta harekin airean zirkuluak egin zituen, erritmoa jarraituaz. Ea laster bueltatzen zareten Antzokira, eta Ted Nugentekin bada, harik eta hobeto.
. URTZ. Ez naiz, zoritxarrez, Urtzen itzuleraz ari. Soilik faltan botatzen ditudala esateko baizik. Talde asko dira haiek lortu zutena egin nahi dutenak. Inor ez da, ordea, haien mailara iritsi. Donostiarren lehen diska gure musikako debutik onenetako bat izan zen, non melodia bikainak Heavy Metal base potente batekin uztartu zituzten. Rockero “autentiko” askok ez dituzte, agian, asko errespetatuko. Zoritxarrez, jarraitzaile asko eta asko Euskadi Gaztearen kanterakoak ziren, eta nerabeentzako talde bezala ikusiak izan ziren. Neretzat ordea, talde kuttuna izan zen beti, eta 90etan euskal musika haize berritu zuten. Eskua altxa dezala noizbait beraien kantaren bat abestu ez duenak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: