Deontologia

Deontologia Eutsi karga astunari | 2008-05-13 11:23

Aukerako ikasgaia badugu ere,  ikasgai hau beharrezkoa ezezik ezinbestekoa ere badela pentsatzen dut. Izan ere,  ni neu oso progresista, kritika eta arduratsua kontsideratzen banintzen ere, ez nintzen egunerokoan hedabideetan ikusi eta entzun daitezkeen zenbait akatsekin konturatzen. Eta ez banintzen konturatzen, argi dago nik neuk ere, dagoeneko egin ez baditut, etorkizunean akats berdinak egingo nituzkeela. 

Nire egoera berdinean asko eta asko egongo direla eta daudela  uste dut. Beraz, deontologia klaseak etorkizuneko komunikatzaile guztiek hartu beharko lituzketela pentsatzen dut. Hare gehiago, jada komunikatzaileak direnek ere, gai hau freskatu behar dutela pentsatzen dut. Gizarte batean aldaketa soziologikoak gertatzen badira, komunikabide eta komunikatzaileetan ere eragina izan behar dute. Komunikatzaileak bizi diren garai eta gizartera egokitu behar dute beraien “estiloa”.  Estilo liburuak beraz beharrezkoak ikusten ditut, “eguneratuta” dauden estilo liburuak noski, eta hauekin batera etengabeko formazioa.

Egunerokoan astakeria handiak ikusi eta entzuten ditugu. Herri honetan biziz gero gehiago entzun behar izaten ditugunaren sentsazioa ere askotan izan dut. Irakurri bestela ondorengo artikulua manipulazioaren gainean.

Baina zoritxarrez astakeria kopuru berdinak entzuten ditugu guztiok. Herri honetan bizi edo ez astakeri berdinak heltzen zaizkigu,  ezberdintasuna, gutako zenbaitek astakeria horiek identifikatzeko gaitasuna dugula baino ez da. Eta astakeriak direna bezala identifikatu eta katalogatzeko gaitasun eza da beldurra ematen didana. Honek sortzen duen ezjakintasunagatik eta segurtasun faltagatik batez ere. Horregatik da hain garrantzitsua deontologia, komunikabideak gizarte ereduen zabaltzaile direlako, herritarren mundu ikuskeran eragina daukatelako, eta honen erabilera interesatu edo arduragabeak ondorio oso arriskutsuak dauzkalako.

Hasteko, eta deontologia klaseak hartu orduko, komunikatzaileei ezezik pertsona guztiei azaldu beharko litzaieke nire ustez  hedabideek duten eragina, boterea azken finean. Azaldu egin beharko ligukete, kazetaritza sarritan aukeraketa bat dela. Zer eta nola adierazi aukeratu egiten dela. Zerbaiti zilegitasun osoa eman orduko, norbaitek aukeraketa hori egin duela gogoratu beharko genuke. Zerbait sinetsi orduko erreflexio txikitxo bat egiten irakatsi beharko ligukete, kritikoak izaten irakatsi beharko ligukete. Manipulazioan ez erortzeko, informazioak aske egin gaitzan eta ez preso. 

Beste neurri batzuk ere hartu beharko lirateke agian. Agian diot, nik neuk ere ez daukadalako oso argi zeintzuk diren neurri horiek. Sarritan aipatu dugu klasean deontologiak ez daukala oinarri juridikorik, eta aspektu horretan ikusten ditut hain zuzen ere zenbait gabezia. Zer eta nola aldatu, ez daukat oso argi, ez baita erraza. Baina hedabideek daukaten botere eta eragina ikusita neurri batzuk hartzea beharrezkoa iruditzen zait. Iritzi eta adierazpen askatasuna funtsezkoak dira bai, baina egiazkotasuna eta errespetua ere oinarrizkoak dira, eta sarritan adierazpen askatasuna medio, oinarri horiek txiki txiki egiten dituzte.    Ez dakit nola, baina kode deontologikoak aintzat hartzera eta kazetaritza kalitatezko eta arduratsu bat egitera behartu behar gaituztela uste dut. Egokiena edo onena norbere kabuz egitea izango litzateke, baina ikusitakoak ikusita beste neurri batzuk hartzea ere beharrezkoa ikusten dut.


Utzi iruzkina: