Historia
Hemezortzi urteko irrati heldua
Euskalerria Irratiak 1988ko azaroaren zazpian aireratu zuen lehen saioa. Iruñerriko lehen irrati euskalduna zen. Da. Aurreko urteetan, hainbat irratik euskarazko saioak egin zituzten, baina egoera politikoaren ondorioz, emanaldiok emeki-emeki desagertu egin ziren.
Berrogei euskaltzalek sortu zuten irratia. Bakoitzak 100.000 pezeta jarri zituen eta kapital horrekin Iruñeko Komunikabideak izeneko enpresa sortu zuten. Haren oinarrietan, zehaztu zuten haiena komunikabide independentea izanen zela idologikoki, politikoki zein ekonomikoki.
Hasieratik, bazkideak oinarri
Halaber, Euskalerria Irratia Elkartea eratu zuten. Ehunka bazkide lortu zituzten, eta haiek ordainduriko kuotak sostengu ezinbestekoa izan ziren irratiaren lehen urratsetan. Egun ere, makulu garrantzitsuak dira.
Lehendabiziko urteak gogorrak izan ziren. Baina emeki-emeki irratiak entzule, iragarle, bazkide talde mardula lortu zuen. Egun proiektu sendoa da. Irratiak 12 langile ditu, eta kazetaritzari zein alor komertzialari doakionez azken urteetan, traba guztien gainetik, etengabeko hazkundean ari da.
Egunero, zortzi ordu
Egun, Euskalerria Irratiak astelehenetik ostiralera zortzi orduz emititzen du. Goiz, eguerdi eta bazkalondoko albistegiak erreferentzialak dira programazioan. Goiz zein arratsaldez, bi orduko magazinak egiten ditugu: Karrikoluzio eta Arratsalde.on, hurrenez hurren. Gauean, musika saioak izaten dira. Eta azken urteotan asteburuko programazioa ere zabaltzen ari da, Asteroidea saioarekin eta Osasunaren futbol partiden kontakizunarekin.
Finean, gurea heldutasunera iritsi den 18 urteko irratia da. Hainbat traba pairatu duena. Hainbat sostengu jaso duena. Profesionala. Herrikoia. Independentea. Bizia.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: