Auzia

euskalerriairratia 1456132493097 euskalerriairratia | 2006-05-09 20:31

Irregulartasunez beteriko prozesua

Nafarroako Gobernuak beste behin ere emititzeko lizentziarik gabe utzi du Euskalerria Irratia, Iruñerriko irrati euskaldun bakarra. Erabakia apirilaren 10ean eman zuen ezagutzera. Irregulartasunez beteriko prozesu baten beste episodio ilun bat izan da.

Hasieratik, irizpide politikoak nagusi

Auziak 1998an du sorburua. Orduan, Gobernuak Iruñerrirako bi irrati lizentzia banatzeko lehiaketa egin zuen. Prozesuaren lehen fasean, teknikoek osaturiko epaimahaiak lehen postuan utzi zuen Euskalerria Irratia. Bigarren fasean, berriz, arduradun politikoek, batere oinarririk gabe, puntuaketa irauliz Opus Deiren Unibertsitateari eta Net 21 irratiari eman zizkioten lizentziak.

Epaileek arrazoia eman ziguten

Euskalerria Irratiak erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen. Eta, iragan abenduan, Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion: arduradun politikoek, Jose Ignacio Palacios kontseilariak eta Angel Sanz Barea idazkari nagusiak, ez zuten oinarririk egin zutena egiteko eta lehiaketaren bigarren fasea errepikatu behar zen.

Bigarren fasean bideragarritasun ekonomiko, tekniko eta periodistikoa aztertu behar ziren. Epailearen aginduz, alor horien inguruko azterketa egin zuten hainbat perituk. Azterketa independenteak ziren. Eta Euskalerria Irratia proiekturik onena zela zioten.

Neurrira egindako txostenak

Nafarroako Gobernuak, baina, bazterrean utzi zituen txostenok eta, interes politikoen arabera herritarren sosak xahutuz, azterketa berria eskatu zion Doxa izeneko kontsultoriari. Doxak Gobernuarentzat lan egin ohi du. Eta gauza jakina da bezeroak arrazoia duela beti. Doxaren txostenean oinarriturik, eta Parlamentuak zein epaileek zalantzatan jarritako Angel Sanz Barea mahaiburu mantenduz, Gobernuak lizentziak berriro Opus Deiri eta Net 21ri eman zizkion.

Borroka judiziala ez da amaitu

Joera kezkagarria, Nafarroako Gobernuarena. Izan ere, argi dago interes pertsonal eta alderdikoien arabera erabiltzen ari direla botere publikoa, jakinaren gainean erabaki oker bezain bidegabeak hartuz. Behin eta berriz, gainera. Horrek guztiak badu izenik alor penalean. Eta Euskalerria Irratiaren abokatuak horixe aztertzen ari dira. Oraingoz, ez dugu jaso erabakiaren jakinarazpen ofizialik. Eskuratzen dugularik erabakiko dugu zer bide segitu erabakiaren zein erabakiaren egileen aurka.

Kronologia

1998ko uztailaren 6a: Nafarroako Gobernuak Euskalerria Irratia baimenik gabe utzi zuen, Iruñerrirako irrati lizentzien banaketan.

1999ko otsailaren 2a: Nafarroako Parlamentuak lizentzien banaketa aztertzeko batzordea osatzea erabaki zuen.

1999ko apirilaren 14a: Nafarroako Parlamentuak lizentzien banaketa gaitzetsi eta lehiaketa errepikatzeko eskatu zuen.

2004ko abenduaren 16a: Nafarroako Hizkuntza Politikak diru laguntzarik gabe utzi zuen Euskalerria Irratia, emititzeko baimena ez zuela argudiatuz.

2004ko irailaren 3a: Europako Kontseiluak irratiaren egoera bidegabea nabarmendu zuen, Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politikaren inguruko txostenean.

2005eko abenduaren 24a: Nafarroako Parlamentuak irratiaren aldeko mozioa onartu zuen, irratiaren egoera konpontzeko eskatuz. UPN bakarrik geratu zen.

2005eko abenduaren 30a: Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen 1998ko irrati lizentzien banaketa, eta lehiaketa berriz egiteko agindu zuen.

2006ko otsailaren 1a: 1998ko banaketan lizentzia lortu zuen Net 21 irratiak ateak itxi zituen, arazo ekonomikoak zirela kausa.

2006ko martxoaren 23a: Irratiak 'Entxuferik gabe' irratsaioa zuzenean egin zuen, Nafarroako Antzerki Eskolan. Legeztatzea izan zen festako aldarrikapen nagusia.

2006ko apirilaren 10a: Nafarroako Gobernuak jakitera eman zuen lizentziak berriro ere Opus Deiri eta Net 21ri emanen zizkiela.

2006ko maiatzaren 10a: Hamaika herritarrek manifestaldira deitu zuten, beste behin ere aldarrikatzeko Euskalerria Irratiaren legeztatzea. Hitzordua, maiatzaren 27an, arratsaldeko seietan, Iruñeko Autobus geltokian.


Utzi iruzkina: