Gomendioa, 'Antzararen bidea' liburua

euskaldunberri 1456132475626 Euskaldunberri naiz | 2013-04-21 19:16



“Erantzunak eman baino, ateak irekitzen dira”


Arrakasta handiko eleberria honek, Antzararen bidea-k, bi gertaera latz kontatzen ditu, Lisaren semea 2003an Saloun hil da bat-bateko eztanda batengatik, berak jarri behar zuen bonba bat prestatuz. Eta bigarren ildo batean, 1936ko gerra garaiara egiten da salto, Nafarroako Erriberara, eta gertatutako gorrien hilketak ezagutzen ditugu irakurleok Jesusen laguntzari esker. Antzararen bidea-rekin irakurleok gonbidapen oso berezi bat jasotzen dugu indarkeria politikoak eragindako minean (Lisaren minean, Jesusenean), horien erruduntasun sentimenduan, zergatien, galderen eta zalantzen tunel beltzean sakontzeko.


Hasteko, eleberri luze hau gertatzen da 1936an, gerra garaian, eta 2003an. Alde batetik, urte horretan, 2003an, Saloun ETAko kide gazte bat hil da eztanda batek eraginda, bonba bat prestatzen ari zen bitartean. Gertaera latza ondoren, bere amak, Lisak, bidaia berezi bat hasi behar du jakiteko nor zen bere semea, zer bilatzen ari zen Saloun. Latza zaio bakardadea, baina are latzagoa ez jakitea. Nor ote zen Igor? Zerk eraman zuen Salouko apartamentu hartara?


Ondorioz, Lisa Donostian naufrago bat da eta gertaera horretatik ihesi, aurrera jarraitzen saiatzen da bere lagun Gigiren laguntzari esker. Agure bat zaintzen hasten da. Baina Jesus izeneko agureak sekretu bat gordetzen du, eta sekretu hori aztertu eta gero, Lisak semearen iragana hobeto ezagutuko du.


Beste aldetik, Jesus dagoeneko agurea da, eta bera da bi istorio hauek lotzen dituen pertsonaia, 1936a eta 2003a, Donostia eta Trilluelos, gatazka bat nahiz bestea harremanetan jartzen dituena. Agureak bizitzaren bidea egin badu ere, esan daiteke Jesus 1936ko gerran Nafarroako ErriberakoTrilluelos herrian “hil” zela.


“Ispiluen jokoa” erabiliz, eleberri historiko honek lotzen ditu 1936a eta 2003a. 1936 urteko gerran Ebro ibaiaren ondoan gertatutakoa mingotsa, tragikoa eta basatia izan zen. Memoriara erakartzeak ere badu meritu literariorik. Aspaldiko liburu batzuetan Gerra Zibilari buruzko joera nagusitzen dela esango nuke, baina kasu honetan oso esku trebez idatzi du istorio tragikoa Jokin Muñozek.


Frankoren aldekoek Nafarroako Erriberan egin zuten sarraskiaren kontakizun gordinari buruz hitz egiten du Jokin Muñozek. Gerra Zibilaren gaineko hainbat pasarte irakur daitezke euskal literaturaren orrialdetan, baina ez Muñozek azaldu bezala. Antzararen bidea-n biltzen dituen pasarte lazgarriak zirrikitu batetik ikusi izan balitu bezala kontatzen ditu, gertutasun izugarri batekin. Irakurleak hotzikarak ere sentituko ditu nobelako pertsonaiek bizi dituzten egoerekin. Horrez gain eta kokapenari begira, Jokin Muñozek azaletik ezagutzen dugun lurraldea barnetik erakusten digu, hau da, Erribera.


Protagonistei dagokienez, Lisaren eta Jesusen pasioak eta gorrotoak agerian geratzen zaizkigu sortzailearen lanari esker. Pertsonaiak oso ondo definituak dira, bakoitza bere izaerarekin, pertsona errealak izan diren sentsazioa ematen du. Biek lortzen dute eleberri historikoa zeharkatzen duen intrigari esker tentsio narratiboa mantentzea, hasieratik bukaeraraino. Horregatik, liburu gogorrak irakurleari atsedenaldi gutxi ematen dio. Intentsitate handiko eleberri honetan garrantzi berezia dute pertsonaiek. Izan ere, naufrago galeria hunkigarria ere bada liburua; hogei urteko naufragoa, berrogei urtekoa, baita laurogeita hamarrekoren bat ere agertzen da.


Are gehiago, jakin-nahiak eramango ditu biak, Lisa eta Jesus, beren istorioetan sakontzera, ageriko gertaeraren atzean dagoena ezagutu nahi izatera. “Agureak jakin nahi du, zuk bezala”, esango dio narrazioaren une batean Gigi lagunak Lisari.


Azpimarratzea gustatuko litzaidake nobelak halako intriga bat gordetzen duela: jakitea nor den agurea zehazki. Lisaren eta bere lagun Gigiren eskutik galdera batzuen erantzunak aurki daitezke, baina amaierak ez du narrazioa erabat itxita uzten, alderantziz, galdera ugari geratzen dira oroimen historikoari buruz, besteak beste. Nire ustez, idazlearen erabaki hori onenetariko bat izan da.


Halaber, oso indartsua da liburuaren hasieran lepoa mozten dioten antzararen irudia (eta liburuaren izenburuarekin lotuta dago): “Aizto tzarra ikusten du Demetrioren eskuan, antzararen lepoa estutuz, moztu ez moztu. Odol marra bat egin dio aiztoaren aho zorrotzarekin lepoko lumaje zurian”, eszena horrekin ekin dio liburuak. “Lasterka bizian atera da gorputz odolusten hasi berria. Zabuka doa, orain ezkerrera, orain eskuinera, eta garai hartan haurra zen Jesusek begiak itxi ditu. Bururik gabe, metro gutxi batzuk aurrera egiten dituenaren irudia”. Irudi indartsua, metafora indartsua, liburua bezalakoa.


Azalean dirudienaren aurka, zorrotza baita Antzararen bidea, erraz irakur daiteke baina irakurleari adi egotea exijituko dio. Horrek guztiak egiten du liburua erabat gomendagarria. Ahaztu gabe egitura narratibo konplexua, pertsonaien borobiltasun psikologikoa.


Idazleari dagokionez, Antzararen bidea euskarazko eleberria da, Jokin Muñoz (Castejon, 1963) idazle nafarrak idatzitakoa eta 2007an argitaratutakoa Alberdaniarekin. Euskadi Saria eskuratu zuen euskarazko kategorian 2008an. Jokin Muñozek bigarren aldiz irabazi du Euskadi Saria, 2004 urtean argitaratutako Bizia lo (Alberdania) narrazio liburuarekin lortu baitzuen. Nire ustez, idazten dituen liburuak euskal literaturan aurki daitezkeen idazlanik hoberenen artean aurkitzen dira. Gainera, 350 orri izanda ere, egun gutxi batzuetan irakurtzen den horietakoa da.


Bukatzeko, Antzararen bidea eleberria, edo antzarak lepoa moztuz gero zenbat metro egiten duen eta nola dabilen, dudarik gabe gomendatuko nuke une entretenigarria eta batez ere hunkigarria pasatu nahi dutenentzat. Hasieratik bukaeraraino idazleak irakurlea harrapatzea lortzen du.


Utzi iruzkina: