Zuriñe Ojeda eta Bernedo (II)
Neska nerabeek entzuten dute sexualizatu nahi ez badute, eta gauza hauek egin nahi ez badituzte, agian, gizonak direlako izanen dela. Hor hondatzen da adin txikiko askoren bizitza. Eta ez zaie bizitza bakarrik suntsitzen, esterilizatu ere egiten baitira. Adin txikikoen belaunaldi bat antzutzen ari da, batez ere neskak, eta baita beren gorputzarekin nahasmenduren bat duten helduak ere. Betiko antzutzen eta gaixotzen ari dira, eta hori oso larria da. Baina egiten ari da, ustez modu boluntarioan gainera, eta ezker politikoaren zati oso handiaren babesarekin.
Praktika honi feminismoaren etiketa jartzen zaio… eta guztiz kontrakoa da. Estereotipo sexista guztiak indartzen ari dira. Duela urte batzuk, ministerioek Gabonetan egiten zituzten publizitate-kanpainak jostailuen rol sexisten aurkakoak ziren (baloiak eta autoak maite dituzten neskak, eta panpinak gustuko dituzten mutikoak), eta orain, berriz, kontrako mezua: zure neskatoak futbolean aritzea gustuko duena edo Gabonetan baloia nahi duena, agian mutikoa da. Eta hori feminismo gisa saltzen ari zaigu, guztiz kontrakoa delarik. Erabateko matxismoa da.
Gai horri dagokionez, bada hasiera azkarreko genero-disforia deritzon efektua. Horixe ari zaio gertatzen nerabe eta adingabe askori. Inguruak eragiten die, sare sozialetan eta komunikabideetan ikusten dutenak eta orain ikastetxeetan bertan kontatzen dietenak alegia. Zenbat laguni entzun diegu hau txikitan gertatu izan balitzaie, agian hormonatu egin izan zituztela, mutilak zirelakoan, zuhaitzetara igotzea gustatzen zitzaielako, futbolean jolastea, eta abar. Kutsatze sozial bat dago, eta orain AEBetan kontrako efektua ikusten da. Trumpek hauteskundeak irabazi zituenetik programa horiek guztiak eten egin zituen eta hezkuntzaren munduan izugarri gutxitu dira trans adin txikikoen kasuak. Horrek frogatzen du indar handia duen gizarte-kutsadura dagoela.
Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak epai bat eman behar izan du, gizona zer den eta emakumea zer den argituz. Zentzugabekeriak jota gaude. Lurra biribila dela, urak busti egiten duela edo suak erre egiten duela esan beharko balitzaigu bezala. Eskoziako polizia buruak esan du poliziak ez dituela emakumetzat hartuko bortxaketak egin dituzten pertsonak. Gizontzat hartuko dituzte, gertatzen dena gertatzen dela. Poliki-poliki aurrera goaz, erresistentzia handia baitago oraindik.
Problematika hau ezkerreko mugimendu indartsu eta borrokalariak egon diren tokietan errotu da bereziki. Horrek zer pentsatua eman beharko liguke. Jende askok, zenbat eta ezkerrerago jo, orduan eta gehiago bultzatzen ditu korronte hauek.
Erresuma Batuan oso gogorra da emakume eta feminista britainiarren borroka. Ez dira klandestinitatera iritsi, baina ia-ia. Kanadan eta Australian, adibidez, feminismoak ia klandestinoa izan behar du, legez kanpokoa baita emakumeen elkarte batek gizonik ez hartzea. Honek borroka handia darama. Borrokatzen ez badugu, ez zaigu iritsiko AEBetan edo Ingalaterran lortu dituzten aurrerapenak. Horren aurka gogor egin behar da eta konstantea izan behar da, haiek diru guztia, boterea, baliabideak eta armak dauzkatelako.
Gai honetan dena eman zuten Danimarka eta Norvegia herrialde oso aurrerakoietan atzerapausoak ematen hasiak dira, batez ere adin txikikoak hormonatzeari uzteari dagokionez. Izan ere, urteak aurrera joan ahala, praktika horren ondorioak ikusten hasiak baitira. Sakonki kaltetutako eta gaixotutako pertsona asko, lehen hormonatu edo anputatu zituzten adingabeen ehuneko handi bat, orain atzera egiten ari da, damututa. Erresuma Batuan milioi askoko eskariak egin dituzte pertsona horiek Osasun Sistema Nazionalaren aurka. Espainian, gutxienez, pertsona baten eskaera dago.
Espainiako osasun sistema publikoari ere eskaerak eginen dizkiote. Transit eta Garenak txostenek, Nafarroako eta Galiziako egoerari buruz egindako txostenek, salatzen duten bezala, adin txikikoak trantsizio zerbitzura joaten dira eta, elkarrizketa labur baten ondoren, beren gorputzak txikituko dituzten hormonen errezetarekin irteten dira handik, inolako kontrolik gabe. Horrek ondorio legal eta ekonomiko oso garrantzitsuak izanen ditu Estatuarentzat. Hala ere, okerrena ez da hori, adingabe horiek betiko gaixotzen ari garela baizik.
EHUn jazarritako bi irakasleekin orain gertatzen ari dena emakume irakasle askori gertatu zaie urtetan Estatu osoan. Eskratxeak, heriotza mehatxuak, irainak, unibertsitateak berak boikota… beste lan mota batean kaleratuak izanen liratekeen emakumeak. Halaber, liburu aurkezpenetan bonba- eta era guztietako mehatxuak jasan dituzten kazetari lankideak ere. Zerrenda oso luzea da. Gai hau oso konplikatua da, heroismo ariketa bat egin behar delako hori salatzeko. Horregatik dago hainbeste jende hitz egiten ez duena. Arrisku ekonomikoa eta ostrazismo sozial absolutuaren arriskua hain da handia, ezen horrek atzera botatzen baitu, eta isilik mantentzen, pertsona asko.
Zer da mugimendu transgeneristatik nahi ez duguna? Ezkutatuta funtzionatzen dute, legeak eztabaidatu gabe bultzatzen dituzte. Adibidez, aurreko eguneko hitzaldira gurekin eztabaidatzera ez zen inor etorri. Ez dira inoiz eztabaidarako prest egoten, ez baitute argudiorik. Bere lehen kontsigna isildu eta ezkutatzea da eta gero, bigarren kontsigna gisa nahastea, zerbait esan beste erremediorik ez dutenean. Jakina, transfobia da beren arma unibertsala. Kontra duten guztia transfobia da.
Borrokan jarraitzea besterik ez zaigu geratzen, gauzak diren bezala kontatzen jarraitzea, egoerak, datuak, gertaerak aztertuz. Ez dago beste modurik bizitzan gai bati modu serio eta zientifikoan heltzeko: hori egin, ondorioak atera, kontatu eta jendeari bere kabuz pentsatzen lagundu. Beharrezkoa da garuna duten ezkerreko sektore guztietatik, ez bakarrik feminismotik, eta beste sektore askotatik ere, honi buruz aztertzen eta hitz egiten hastea.
Irakaskuntza arloan Dofemco dago - Docentes Feministas por la Coeducación (Hezkidetzaren Aldeko Irakasle Feministak). Urte asko darama serio eta ondo lanean eta Babestu-rekin aritzen da elkarlanean. Erradikalak deitzen garen elkarte feministak ere hor gara, Feministas al Congreso (Feministak Kongresura) alderdi eta abar. Amanda ere hor dago, arazo horiek dituzten adingabeen familien elkartea.
https://www.youtube.com/watch?v=ouJbFYWP8vo
joan mari beloki kortexarena
2025-11-20

Iruzkinak
Utzi iruzkina: