Zuriñe Ojeda eta Bernedo (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-11-20 01:08

belokijmari@gmail.com 1763597552018

Zuriñe Ojedak “feminista, gorri eta lotsagabe” gisa aurkezten du bere burua. Feministas al Congreso alderdiaren presidenteordea da eta El Común aldizkariaren editorea. Bideo honetan Ekai Centerko lehendakari Adrian Zelaiarekin egin duen elkarrizketa jarraitzeko aukera duzu. Bernedon gertatua izan dute abiapuntu. Zuriñeren hitzaldia oso mamitsua izan denez, bi ataletan eskainiko dugu berak esana.

Administrazio publikoetan, egoera estatikoa da, behin salaketak aurkeztuta prozesu judizialak denbora bat baitarama. Hasieran, adierazpen asko egin zen, Gasteizko Legebiltzarrean osoko bilkura bat ere egin zen ikerketa-batzorde bat osatu nahian, baina ez zen aurrera atera. Aldundiek ama salatzaile batzuekin harremanak izan zituzten, baina ondoren dena gelditu zen. Badirudi gai honi erabateko isiltasuna aplikatzeko kontsigna egon dela. Ez da hitz egiten, ez da deus esaten. Maila politikoan ez da ukitu ere egin nahi. Eta norbaitek gai honi buruz hitz egin nahi badu, ohiko bateria ateratzen diote, transfobia, euskarafobia eta imajina daitezkeen fobia guztiak aipatuz.

Azpimarratzekoa da Bilboko Udalaren jarrera. Deustuko Bidarte gizarte-etxean gai honi buruzko hitzaldi bat egiteko lekua ukatu zigun, kasu honetan zentzurik ez duen neutraltasuna argudiatuz, beste aldea ere gonbidatua izan zelako, nahiz ez zuen parte hartu nahi izan. Erokeria da ordezkari politikoak horrelako gauzak egiten ikustea, adingabeekin ustez delituzkoak diren jarduera batzuk babesten ari direlako. Hori oso argi izan behar dute. Dena transfobiaren nahierara jokatzen dute. Ez dakit trans gaiaren mesedetan sakrifikatzea aukeratu duten mendi tontorra ote den, baina oso gaizki aukeratua dago.

Bernedo Euskadin, Katalunian eta Estatuko zati handi batean irakaskuntzan duela urte batzuk ematen den teoria baten praktika da. Ezker abertzalea zein Podemos eta Sumar, azken hauek ditugun legeak ekarri dituztenak, dira transgenerismoaren gaiarekin gehien inplikatutako alderdiak. Ikastetxeetan sartu dute, irakaskuntzan, eta hortik dator Bernedon gertatu dena.

Administrazioan, hau guztia estaltzen saiatu izanaz duten aurrekariarekin, kontu handiagoa izanen dute aurrerantzean. Bereziki arduratsuak izateko beharra dutela suposatzen da. Une honetan 21 salaketa formal daude. Aurreko urteetan jende askok gauza asko esan du, baina ez salaketa formal moduan. Kexak izan dira, bai udalekuei beraiei, bai Arartekoari eta baita aldundiei ere. Baina familiek isiltasun eta axolagabetasunezko harresi batekin egin dute topo. Oraingoan, 21 familia daude prest aurrera jarraitzeko. Gainera, kanpalekuei babesa ematen ari zaien neska baten testigantza ere bada, familiek Ertzaintzari salatu dioten guztiak irekiko duen prozesu judiziala puntuz puntu berresten duena. Bildutako testigantza guztiak oso koherenteak dira. Lekukoak hiru lurraldeetako adin txikikoak dira, ez dute elkar ezagutzen, adin desberdinetakoak dira eta, gainera, beste garai batzuetan hau dena bizi izan duten pertsonek zein begiraleek beraiek berresten dituzte azaldutako guztia. Begiraleek, ez dute adin txikikoek salatu dutena ukatu, dutxetan neska-mutilak batera dutxatzera behartuta zeudela salbu. Baina, ukatu arren, behartu egin zituzten.

Aurreko urteetan hainbat gurasok begiraleekin hitz egin zuten beren seme-alaben kezkak azalduz. Nirekin harremanetan jarri zen lehenengo ama udalekuko antolatzaileekin harremanetan jarri zen bere alabak azaldu ziona eta berari gaitzesgarria iruditu zitzaiona azaltzeko. Erantzun gisa, kanpalekua transfeminista zela eta dena behar bezala egina zela jaso zuen. Barkamena aurrez informatu ez izanagatik eskatzera mugatu zen, etorkizunean akatsa zuzenduko zutela hitzemanez. Argitu behar da publizitatean ez zutela inoiz transfeminismoa aipatu. Horren aurrean, guraso askok galdetzen zioten bere buruari kasu nork eginen ote zien, moderno hauek aurka izanik.

Bernedoren praktikak pornografiarekin bat datoz. Transaktibismoarekin batera iritsi zen hona, adin txikikoengana ere iristen den doako pornografia mugikorretan eta hedabide digital guztietan zabaltzearekin batera.

Haiek nudismoa gorputzak desexualizatzeko bide gisa aipatzen dute, baina egin zuten guztiak konnotazio sexual pornografiko izugarriak zituen. Haiek biluztasuna desexualizatzeaz hitz egiten dute, baina egin zituzten jarduera asko eta asko erabat sexualak eta adingabeekin sexualizatuak ziren.

Transaktibismoak egiten duen beste gauza bat, pornografiarekin sakon lotuta egoteaz gain, pederastiarekin erabat inplikatuta egotea da. Adinaren gaia lausotu nahi dute eta horregatik behin eta berriz aipatu izan dute baimenaren kontua. Adingabeen kasuan, ez dago baimenik. Adingabeek ezin dute helduek bezala, bere eskubideak jakinda eta erabili ahal izanda, baimenik eman.

Eskoletan 8-9 urteko umeei eta adin txikiagokoei ematen ari zaien informazioa sexuala baino gehiago pornografikoa da. Ematen duten informazioa ez dator bat haien adinarekin eta prestakuntza-beharrekin. Pornografiaren abanikoaren gaietan sartzen dira. Hori da MAP izeneko mugimendu askok nahi dutena. Mugimendu transgenerista horiek pederastia sexu-orientazio gisa hartua izatea nahi dute eta adingabeak beren sexualitatea gauzatzeko eskubide osoko subjektu gisa. Pederastiaren, eta berez adingabeen abusua denaren, kontakizuna ukatu nahi da.

Trans gaiaz hitz egiten den bakoitzean, munduko pertsonarik zapalduenak direla esaten dizute. Eta kuriosoa da, ordu oro telebista saioetan ateratzea lortu dutelako, telesailetan, filmetan, munduko plataforma garrantzitsu guztietan, alde guztietan gai honi buruz etengabe hitz egitea, pertsonaia politiko eta ekonomiko ezagunenen artean azaltzea… eta hori guztia feminismoak 300 urte borrokan daramala ia inon entzunak izan gaitezen lortzen ez dugularik. Eta hauek, urte gutxi batzuetan, nonahi azaltzea lortu dute. Horretara iristeko, oso interes handiak eta diru asko behar da atzetik bultzatzen.

Guzti honen atzean izugarrizko interes ekonomikoak daude. Bizitza osorako pertsonak gaixotzeak izugarrizko onura ekonomikoa dakar. Zuk pertsona osasuntsu bat hartu eta hormonatzen baduzu, operatzen baduzu eta gorputza txikitzen badiozu, bizitza osorako medikatu eta tratatu beharrean geratuko da. Hau sekulako negozioa da zirujauentzat eta, oro har, sistema kliniko eta medikuntza-sistemarentzat. Hortaz gain, bada beste interes bat, ekonomiko hutsetik harago, era guztietako mugimendu sozialak suntsitzekoa.

Feminismoa une gorenean zegoen duela urte batzuk eta bat-batean dena transfeminismo bihurtu zen. Hori mugimendu sozial guztiekin gertatuko da. Hau indibidualismoaren gorazarrea da, zu berezia zara, zu ez zara besteak bezalakoa eta ez duzu besteekin zerikusirik. Zu nahi duzuna izan zaitezke, hori bai, zirujiarekin eta diruarekin eta, ezin baduzu, diru kopuru izugarriak gastatzen dituen Estatuak ordainduko dizu. Horrek edozein gizarte-kohesio, gizarte-mugimendu, ekintzarako batasun eta abar suntsitzen du. Muturrera eramandako indibidualismoa da, interes ekonomiko gordin hutsarekin nahastuta.

(bihar jarraituko du)

https://www.youtube.com/watch?v=ouJbFYWP8vo

joan mari beloki kortexarena

2025-11-20


Utzi iruzkina: