Zer egin dizute, Siria?

Kevork Almassian kazetari siriarra da eta Siriaren inguruko analisiak egiten aditua. Herrialde horretan AEBen, Turkiaren eta Israelen asmoak zein diren azaltzen dizkigu bideoan. Siriarenak egin duela dio, betiko ez bada bai behintzat bolada luze baterako.
Demokrazia faltagatik izan al zen Siria erasotua? Ez. Autoritarismo politikoa bazegoen ere, Sirian bazeuden askatasun erlijiosoak eta kulturalak. Erregimenaren buruzagiaren aurkako segurtasun mehatxua ez bazinen, ez zitzaizun deus gertatuko. Bestalde, Al-Nusra, Isis, Jihad islamiarra … alternatibek estatu islamikoa ezartzeko asmoa zuten. Hortaz, ez zuten demokraziarik ekarriko eta teokrazia islamikoa inposatuko zuten. Aukera hori okerragoa zen.
Zergatik agertu ziren estatubatuarrak eta britainiarrak erregimen aldaketaren alde? Siriak eskualdean duen jarrera geopolitikoagatik. Baxar al-Assadi Siriaren jarrera geopolitikoa birbideratzea exijitu zioten. Beraz, erresistentziaren ardatza deitzen zutenaren kide izatetik Saudi Arabiarekin, Arabiar Emirerri Batuekin, Egiptorekin eta Israelekin harreman normalizatuak dituen arabiar moderatuen multzora igarotzea. Al-Assadek ezezkoa eman zuen, eta AEBk ezarri zizkion zigor ekonomikoen aurrean, estatubatuar-israeldar hegemoniaren aurka borrokatzen zuten Hezbola, Hamas eta eskualdeko gainerako aktoreei babesa azkartu zien.
2008an, Britainia Handiko atzerri ministroa Frantziakoarekin harremanetan jarri zen eta Sirian laster hastekoa zen erregimen aldaketa operazioan parte har zezan proposatu zion. Horra hor Siria erasotzeko arrazoia. Israelekin harremanak normalizatuak izanen lituzkeen gobernu txotxongilo bat ezartzea.
Baina Israelek estrategia desberdina zuen buruan. Israelentzat ez zen onargarria Siriak berarekin harreman normalizatuak izatea. Israelek Siria zatitu egin nahi zuen. Horregatik israeldarrek eta AEBetako estatu sakonak babestu zituzten jihadista erradikalenak (takfiriak). Bai bazekiten elementu horiek boterera iritsitakoan gobernua, estatu-erakundeak eta herrialdeko egitura sozialak osotara suntsituko zituztela. Estatu-nazioa eta 20 sekta eta etnia ezberdinen artean eraiki zen herrialdearen kontratu soziala guztiz deseginen zituztela. Eta horixe gertatu zen. Al Julani boterera iritsi zelarik estatu-erakundeak suntsituta geratu ziren. Israelek birrinduta utzi zituen Siriako armada eta arma estrategikoak. Gero, gutxiengoen atzetik joan zen Al Julani. Lehenik alauitak, gero xiitak eta orain drusoak, gutxiengo guztiak ari da kolpatzen bortizki. Beraz, dena doa aurrez pentsatutakoaren arabera. Gerra zibila abian da eta ahal bezainbeste luzatuko dute, herrialdea estatu txikitan zatitzeko asmoz.
Erregimen aldaketaren aurretik, jendeak siriartzat hartzen zuen bere burua. Etnia armeniarreko siriarra, siriar musulmana, etab. Orain, gerra sektario hori dela eta, denak hasi dira beren burua beren mikroidentitatearen parte gisa ikusten. Orain alauita, xiita, suni, kurdu… gisa identifikatzen dira, ez siriar gisa. Horixe zen gerra honen helburua. Orain Israelek Siriako lurraldeetan zabaltzen jarraitu ahal izanen du.
Israelek bizilagun ahulak nahi ditu auzoan, bere aurka benetako oposizioa antolatu ezin izanen dutenak. Hori guztiz bat dator estatubatuarren eta turkiarren nahiekin. Erdoganek ez du Israelen aurka deus egin nahi. Turkiak Sirian estatu zentralizatu bat nahiago luke. Baina Turkiak Sirian estatu-nazioa eraiki nahi badu, ezin du Al Julani erabili, Al Julanik Siriako gizartearen aurkako aurreiritzi sektarioak dituelako. Eta zein dira AEBen interesak? Dirudienez, Israeli jarraitzera mugatuko dira.
Al Julani herrialdean gerra zibil sektarioa antolatzeko hautatu zuten eta Siria zatikatzeko. Eta ongi lortu du. Orain Siriako gutxiengoak honela mintzatuko zaizkizu: "Ez dut Al Julaniren erregimenaren menpe egon nahi. Hobeki egonen ginateke, eta babestuago, edozein potentzia erregionalen babespean". Herritarren artean zabaldu duten etsipena adierazten du horrek; nazio siriarraz gain, arima siriarra ere kolapsatu dute. Dagoeneko ez dago elkarbizitzarik Siriako herritarren artean.
Mendebaldearen peoi bihurtzea arriskutsuagoa da Errusia edo Txina bezalako potentziena izatea baino. Hauek subiranotasunean eta nazio-estatuetan sinesten baitute, Mendebalde kolektiboak ez bezala. Honek estatu morroiak nahi ditu, ez bazkideak. Nazioak pozoitu egiten dituzte, manipulatuz, libre direla pentsa dezaten. Siriar asko bezala, kalera atera zirela berez erabateko esklabotza den erregimen aldaketa ospatuz. Askatasuna, demokrazia, burujabetza… kontzeptuak hankaz gora daude gaur egun. Esklabo izan zaitezke eta libre zarela pentsatuz kalera atera ospatzera. Komunikabideak eta propagandarako makina oso boteretsuak dira. Gaur egun jendea bere buruaren etsai bihurtu da. Ez dute ulertzen hain botere handia duten horiek zure herria hondatu, zure armada suntsitu eta bertan inbertitzen dutelarik, horrek esan nahi duela ordurako ez duzula ekonomia nazionalik eta ez subiranotasunik, eta ezin dituzula zeure erabakiak hartu. Korporazio horiek zure herrialdean sartzen direlarik, herrialde osora zabaltzen dira eta portuak, aireportuak, unibertsitateak, autobideak, energia-sektoreak eta abar hartzen dituzte, Sirian egin duten bezala. Orain siriarrek korporazio multinazionalentzat esklabo gisa eginen dute lan eta haiek izanen dira etekinak eramanen dituztenak.
Elite boteretsuek populazio osoak kontrolatu eta manipulatzen dituzten etorkizunerantz goaz. Pertsonak programagarriak dira, iritziak alda litzakete eta konbentzitu eta manipulatu egin daitezke. Gatazka baten inguruan nola pentsatu behar dugun eta gure erabakiak zein izan behar diren esaten digute. Gure ordez erabakitzen dute.
2011n Siria eskualdeko herrialderik seguruenetakoa zen. 7 milioi turista baino gehiago genituen. BPG % 4 baino gehiago hazi zen. Al-Assaden pean ez zuen axola alauita, xiita, druso edo sunita izateak. Erregimenarekin leiala zinen bitartean, ez zitzaizun deus gertatuko. Ez zen erregimen sektarioa. Orain, Al Julaniren aldekoa izanik ere, Assaden aurkakoa izanik ere, okerreko erlijioan jaio bazara, hil eginen zaituzte. Aste honetako adibide latza da komunitate drusoko zientzialari siriar batena. 14 urtez erbesteratu zen Parisen, Al-Assadekin ados ez zegoelako. Orain, erregimen aldaketaren ondoren, bere herrialde libre eta demokratikoa bisitatu nahi zuen, eta familiarekin gozatu. Siriara iritsi zen eta bere anaiarekin eta aitarekin batera hil zuten. Kalean akabatu zituzten, okerreko erlijioan jaio zirelako. Assaden aurkariak ziren, erregimen aldaketa ospatu zuten, Siriara itzuli ziren… eta bere afiliazio erlijiosoagatik hil zituzten. Iraultza atzerakoi eta sektario bati lagundu diogu.
Siriako jendeak hau esaten dit: "Ez gara jada gure gorputzen itzalaz ere fidatzen. Ez gara inorekin fio, ezta gure senideekin ere”. Horrek esan nahi du Siriako herritarren arteko konfiantza galdu egin dela. Orain, jendeak Al Julaniren erregimena aldatu nahiko balu ere, nork ordezkatuko luke? Saudi Arabian erbesteratuta, paper horretarako prestatzen aritu diren Manaf Tlass etorriko balitz ere. Siriak dagoeneko ez du ekonomia nazionalik, ez du armada funtzionalik, ezin izanen du estatu subiranorik eraiki. Siria, herrialde gisa, suntsituta dago.
https://www.youtube.com/watch?v=XiLKOxOTLDo&ab_channel=GlennDiesenEspa%C3%B1ol
joan mari beloki kortexarena
2025-07-29
Iruzkinak
Utzi iruzkina: