Zer da gerra irabaztea?

Zer da gerra irabaztea? EUSKAL HERRITIK | 2026-10-27 11:57

Zer da gerra irabaztea?

Zer da Errusiak gerra irabaztea? -galdetu zidan Mikel Aranburuk, urriaren 19an, nik aurrez egin nion beste galdera bati erantzunez. Eta, erantzuna aurkitu nahian, jarraian proposamen ezberdinak egin zituen: Donbass eta beste bi eskualdeak Errusia bilakatzea? Ukraina NATOtik kanpo egotera behartzea? Ukraina desnazifikatzea? Ukraina desmilitarizatzea? Trumpen laguntza erostea? Baltikoak, Moldavia, Georgia eta Armenia ere… Errusiak beretzat hartzea? Adrian Zelaiak bere ikuspuntua azaldu dio bideo honetan.

Hau NATOren eta Errusiaren arteko gerra da. 1992an deklaratu zen gerra, eta ordutik hona jarraipena izan duena. Errusiak gerra hau estrategikoki irabazia du 2023az geroztik. Kontutan hartu behar da higadura-gerra batez ari garela.

Gerra irabaztearen benetako esanahia bake-baldintzak ezartzea da. Faktore asko daude gerra nork irabazi edo galdu duen zehazteko. Oro har, gerra irabazten duena da bake-baldintzak ezartzen dituena. Noiz esan dezakegu Errusiak gerra irabazi duela? Edo zer baldintzak bete beharko lirateke Errusiak gerra irabazi duela baieztatzeko?

Ukrainako lurraldearen zati bat Errusiako Federazioaren barruan geratzen dela aitortuko duen akordio bat lortzea eta gainerako lurraldearentzat estatus berri bat ezartzea lirateke Errusiaren garaipenaren oinarrizko zutabeak.

Bestalde, Errusiak gerra hasi aurretik adierazitako helburuei dagokienez, Europa osoaren egonkortasun geopolitikoa oso gai garrantzitsua da, eta gerra honekin konpondu beharko litzateke. Egonkortasun horrek Ukraina berriaren etorkizun instituzionala zehaztuko duen negoziazio bat eskatzen du. Alegia, Errusiarekiko etengabeko etsaitasunean oinarrituko ez den konfigurazio berri batekin. Hau da, Errusiaren aurkako ahari-buru gisa obsesiboki jarduten jarraitzeko NATOren zerbitzura egonen ez dena.

Beraz, gerra negoziazio batekin amaitzea litzateke logikoena, Europan segurtasun-konfigurazio berri bat ezarriko lukeen negoziazio batekin, urte batzuk geroago gatazka berriro piztea eragotziko lukeena. Horrek ondorio ugari izanen luke. Horien artean NATO berehala desagertzea eta, ziurrenik, EB ere.

Hori guztia egungo botere korporatiboaren botere-galerarekin lotuta dago. Galera horren ondorioz, botere horrek hil arte eutsiko dio bere posizioari. Haren ustez, gatazka honek Errusia menderatzeko aukera emanen zien, eta, ondoren, ziurrenik, baita Txina ere. Baina, azkenean, Errusia gatazka honetan garaile aterako dela da aurkitu duten errealitatea eta, ondorioz, Mendebaldeko Europaren eta Errusiaren arteko harremanetarako etorkizuneko baldintzak Errusiak ezarriko dituela.

Oinarri berrietatik eta logikoetatik abiatuko den Europa, ziurrenik, mendearen hasieran esaten zen moduan, Atlantikotik Uraletarainoko edo Lisboatik Vladivostokerainoko Europa izanen da. Bake-testuinguru horretatik abiatuta, hori litzateke Europaren konfigurazio logiko berria.

Zein lirateke Errusiak gerra hau irabazi duela esan ahal izateko gutxieneko baldintzak? Ildo horretan, nahikoa litzateke Donbass barne hartzen duen lurraldearen zati bat Errusian integratzea eta, etorkizunari begira, egonkortasunerako bermeak ezarriko dituen negoziazio bat egitea. Hori nahikoa litzateke Errusiaren garaipenaren oinarrizko baldintzak dagoeneko bete direla esateko.

Kontuan izan behar da, egonkortasuna bermatzeko, beharrezkoa izanen dela Ukrainarentzat etorkizun instituzional berri bat zehaztea. Halaber, segurtasun estrategiko partekatutako esparrua sortuko lukeen EB, Errusia eta Ekialdeko Europaren arteko negoziazio bat egitea ere.

https://www.youtube.com/watch?v=rIANciYrKLg

 

-------------------------------------------------------

EUROPAKO BATASUNAREN GEROAZ

Aurreko bideoan Adrian Zelaiak EB ziur aski desagertu eginen dela esan digunez, Negocios TV-ko Vizner-rek aste honetan esan diguna dakargu, afera horretaz ikusmira zabalagoa izateko.

Negocios TV-ko analistek urteak daramatzate esaten Trump, Xi Jinping eta Putinek mundua banatzea dutela helburu, gero mundua berreraikitzen hasteko. Eta non geratzen da Europa? Munduaren ipurdian, erabateko hondamendian, eta eskuineko alderdiek «EBk ez du ezertarako balio» esaten. AfD-k, Alemaniako alderdi nagusiak, Bruselan bertan aurkeztu du bere proposamena. Duela bi urte Dexit bat nahi zuen. Gaur egun, ordea, ez du Dexit-ik nahi. Gaur egun, barruan sartu eta dena aldatu nahi du.

Eta horretan bat egiten du Marine Le Penekin, Meloniri hurbildu egiten zaio, Orbanekin bat egiten du, Poloniako PiS alderdiarekin ere, Portugalgo Chega-rekin beste hainbeste, eta Espainiako Vox-ekoekin bat egitera gerturatzen da. Bruselak arazo bat du, AfD-k Bruselan aurkeztu duen proposamen hori askok babesten baitute gaur egun.

AfD-k Bruselari boterea kendu nahi dio. AfD-ren helburua Europako Parlamenturako zuzeneko hauteskunderik ez egitea da. Estatu bakoitzeko parlamentuak hautatuko lirateke Bruselara joanen direnak. Goi Kontseilu moduko bat egonen litzateke, baina ez parlamenturik. Kontua da EB barrutik hustea, funtzionatu ez duen guztiari dagokionez eta, batez ere, dirutza kostatzen zaigun guztiari dagokionez. Eta zer itzuliko litzateke? Nazio-estatuak.

Orain, von der Leyenek badaki zer datorren. Dena aldatzea eta orain arteko negozioa desegitea. Eta zein da AfD-ren negoziazio-arma? Dirua. Alemania da Europako Batasunari ekarpen ekonomiko handiena egiten dion herrialdea.

Frantzia krisi sakon batean dago, eta Marine Le Pen ziztu bizian doa presidentetzarako bidean. Jean-Luc Mélenchon ere ez da oso eurozalea. Beraz, bigarren herrialdea, Frantzia, galtzeko arriskua duzu, eta Alemanian AfD inkesten buruan dago.

Zer gertatzen ari da? Europaren gainbehera. Muturretako alderdiek erdigune politikoa irentsi dutelako; erdigune hori hondamendia izan da, kaos politikoa ekarri du, agindu diotena egin du, eta herritarrak nazkatuta daude. Immigrazio gehiago, inflazio gehiago, etxebizitzaren arazoa gero eta handiagoa, bizimodu duin samarra izateko aukerarik eza... engainatu egin gaituzte.

Hasieratik esan ahal ziguten: sakrifizioa. Herritarrei sinetsarazi behar zieten etorkizuna ez zela egun osoa sofan botata egotea, Netflix ikusten eta beste batzuk gure arazoak konpontzera noiz etorriko zain. Txinatarrak hegan zihoazen bitartean, gu sofan jarraitzen genuen, zilborra hazkatuz. Lehiakorrak izatea ahalbidetzen zigun Errusiako energia galtzen ari ginen bitartean, gu zilborra hazkatuz jarraitzen genuen.

Hemen inork ez ditu gauzak behar bezala esaten. Europak ez du etorkizunik europar bakoitzaren sakrifizioa behar dugula pentsatzen hasten ez bagara. Europak ez du etorkizunik Europako Batzordeak enpresen aurkako legeak egiten baditu. Ez da onargarria sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarik ez egotea.

Zuen trantsizio energetikoak europarrok porrotera eraman gaitu. Zuen trantsizio energetikoak milaka eta milaka lanpostu suntsitu ditu. Zuen Europako politikak hondoratu gaitu, baina orain beste modu batean esan behar dizuegu. Eta orain AfD dator, AfD-ri inoiz botoa emanen ez liokeen eta orain «Europako Batzordearekin leporaino nazkatuta nago» dioen jende askoren sentimendua bereganatzen baitu.

Nazkatuta nago plastikozko botilaren tapoi madarikatu horrekin ere; azken bost urteotan asmatu dugun gauzarik handiena hori izan baita. Mundu osoan gutaz barre egiten dute, «Azpigaratuak dirudizue». Pekinera joan eta hau pentsatuko duzu: «Erdi Aroan bizi gara».

Ezin da Europako herrialde batean aurrera egin sortu dugun eskubide kopuru ikaragarriarekin. Eskubideak oso ondo daude, baina denok hondamendira goaz. Hementxe dituzue ereindakoaren emaitzak. Lan egin behar al da? Horixe! Bestela, ez dago dirurik. Herrialdea aurrera ateratzeko, ekintzailetzan aritu behar da, lan egin behar da, hobetzen saiatu behar da, eraginkorragoa eta produktiboagoa izan behar da.

https://www.youtube.com/watch?v=aHLdNRYIoCQ


Utzi iruzkina: