Yulia Mendel, ukrainarren ahotsa

Yulia Mendel, ukrainarren ahotsa EUSKAL HERRITIK | 2026-10-10 21:43

Yulia Mendel, ukrainarren ahotsa

Yulia Vladimirovna Mendel (1.986) kazetari ukrainarra da eta Ukrainako presidentearen prentsa idazkaria izan zen (2.019-21). Kieveko Unibertsitatean graduatu zen eta The New York Times egunkarirako eta Munduko Bankurako lanean jardun zuen geroztik. 2019an estatuburuaren prentsa idazkari izendatu zuten, lau mila hautagai baino gehiagoren artean lehiaketa irabazi ondoren.

Gerra hau 2014tik jarraitu dut. Kazetari gisa eta Zelenski presidentearen prentsa idazkari ohi gisa egin dut jarraipena. Gobernuan lan egin izan dut eta gertatzen ari diren gauza asko barrutik ezagutu ditut. Gure herrialdearentzat oso ondorio larriak izan dituzten akats asko egin dugu,. Gaur egun, Ukraina salbatzeko modu bakarra arma gehiago ez ematea da, gerra geldiarazten saiatzea eta herritarrak salbatzea. Horren ordez, Zelenskiren erretorika gerrazalea eta etengabeko eskalada ditugu, ukrainarren egoera gero eta gehiago okertzen ari den estrategia.

Ukrainan ustelkeriak erakundeak ahuldu ditu. Pobrezia gero eta handiagoa da. Ukrainarren %42 pobrezian bizi da. Munduko Bankuaren arabera, bizi-mailak okerrera egin du. Biltegien eta energia-azpiegituren %90 baino gehiago suntsituta dago. Giza eskubideen urraketa izugarriak egiten dira. Ukrainarren bizia etengabe ari da okertzen.

Ez da soilik gerragatik, baita estatuak bere herritarrei ematen dien tratuagatik ere. Errusiaren aurka borrokatzeko motibazioa inoizko mailarik baxuenean dago. Jendeak bizirik iraun besterik ez du nahi. Eta horrela ez da gerra bat irabazten. Dirua lortzeko dugun modu bakarra eskean ibiltzea da. Zelenskiren gobernuak proposatzen duen politikak baldintza horiek gero eta gehiago okertzen ditu.

Zertarako balio dio ukrainarrei estatuburuek hona etorri eta zientzia-fikziotik ateratako gauza horiek guztiak esateak? Ukrainarrak oso nekatuta daude, gerra geldiarazteko ezer garrantzitsurik egiten ez duten bitartean, hitzekin ausartak direla erakusten saiatzen diren politikariez. Kazetari bat Liz Truss Britainia Handiko Atzerri ministroarekin bildu zen, eta hark esan zion Britainia Handiaren helburua gerra ahalik eta denbora gehienean jarraitzea zela, errusiarrak higatzeko. Oso iraingarria da hori Ukrainako herritarrentzat, ordaindu beharreko prezioa Ukraina bera delako. Mendebaldeko edozein herrialde Ukrainaren egoeran egonen balitz, ez lioke inoiz estrategia horri eutsiko.

1991n 52 milioi biztanle ginen, eta orain 20 milioi inguru gara. Lau heriotza dugu jaiotza bakoitzeko. Krisi demografikoa handia da, eta jendeak giza eskubideak urratzen zaizkion herrialdetik ihes egiten du; kalean harrapatu eta gerrara eraman dezakete, eta bertan hil.

Oso aspertuta Ukrainaren ustezko defendatzaileez

Estrategiaren helburua Errusia zigorren bidez geldiaraztea zen, baina ez zuen funtzionatu. Errusiak ezkutuko merkataritza-harremanak ditu Europako Batasunarekin. EBk ehunka mila milioi ordaindu dizkio Errusiari azken urteotan, eta Ukrainak mailegu bat bestearen atzetik ari da jasotzen. Gure kanpo-zorra handitzen ari da, gure jendea hiltzen ari da, gure enpresak desagertzen ari dira, dena hondatuta dago, eta Ukrainaren ustezko egungo defendatzaileek, Merzek edo britainiar politikariek esaterako, esan dezaketen gauza bakarra da Ukraina erabateko kolapsoa eragiten ari den estrategia berarekin jarraitu behar dugula.

Gerra honekin jarraitzen badugu, estatu basailu bihurtzeko aukera handiagoa izanen dugu, bakea lortzeko baldintza errealistak aurkituko bagenu baino. Gaur egun, ustezko Ukrainaren aldeko eremuan —nahiz eta ez nagoen ziur hala den—, Ukrainaren egoera larriari eta Zelenskiren inguruko zirkuluaren ustelkeriari buruzko egia ezkutatzea Ukrainarentzat ona dela uste da. Herrialdea egoera kritikoan dago, ez dauka herritarrari eskaintzeko deus, eta negu hondagarri baterantz goaz.

Gaur egun ustelkeria-eskandaluak ditugu egunero. Azken inkestek erakutsi zuten ustelkeriak gerrak berak baino gehiago kezkatzen dituela ukrainarrak, forma nazkagarriak hartu dituelako. Ustelkeriaren mekanismoetako bat da Ukrainako estatuak kalean gizonak atzeman eta frontera eramateko egiten duen jazarpenaren ondorioz, %2 eta %3 artean baino ez direla benetan frontera iristen. Pertsona horietako gehienek beren askatasuna erosi egiten dute, 30.000 dolar bitarte ordainduz. Ustelkeria urtean gutxienez 5.000 milioi dolarrera iristen dela esan dezakegu. Halako diru-kopuruek esan nahi dute ustelkeria goitik babestuta dagoela. Ez dakit zergatik ez duten hedabideek horretaz hitz egiten, nik nonahi ikusten baitut.

Haserre handia dago. Atzo bakearen aldeko protesta bat izan zen Kieveko erdialdean. Ez zen jende asko joan, oso arriskutsua delako. Parlamentuko kide batzuk ere zerbait proposatzen saiatzen ari dira. Baina norbaitek bake-proposamenen bat egiten duenean, Zelenskiren gobernua berehala agertzen da pertsona horiek gaitzesteko, eta errusiarren aldeko edo ustel gisa aurkezten ditu. Jende askok uste du herrialdeak ez duela etorkizunik gerra honek jarraitzen badu.

Zelenskik ongi ulertzen du egia arriskutsua dela. Beraz, norbaitek egia mahai gainean jartzen badu, hitz egitea debekatzen saiatzen da. Horrelako pertsona asko dago erbestean, errefuxiatu politiko gisa, edo kartzelan. Irailaren 16an Europako Parlamentuan hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduten, Ukrainak zergatik behar duen bakea azaltzeko. Zelenskik berak eskatu zion Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteari niri Europako Parlamentuan sartzea debekatzea.

NATOren ideia hil egin da Ukrainan

Zentsura hau goitik dator. Bakeaz hitz egitea debekatzen digute; ez dugula hil nahi esatea debekatzen digute; ez garela suntsiezinak esatea debekatzen digute. Oso ahulak gara eta desagertzeko zorian gaude. NATO jendea babesteko sortu zen. Jendea NATOrekin bat egiteagatik hiltzera behartzen bada, horrek esan nahi du NATOk ez duela Ukrainarentzat funtzionatzen. NATOk Ukraina babestu beharko luke. NATOk ez liguke ideia horren alde hiltzeko eskatu behar. Neutraltasuna gutxiesten ari da. Ukraina herrialde neutrala izan liteke, hil gaitzakeen inolako ideiarik gabe. NATOren ideia hil egin da Ukrainan.

Gero eta ukrainar gutxiagok uste du gerra bide militarretik irabaz daitekeenik. Gehienez, 4 milioi gizon ditugu errekrutatzeko adinean, eta Errusiak 40 milioi inguru. Oro har, Ukrainan 8-10 milioi pertsona inguru daude lan egiteko adinean; Errusian, berriz, 100 milioi. Ukrainak ez du baliabiderik higadura-gerra honekin jarraitzeko. Lurraldeak bide militarretik berreskuratzeaz hitz egiten dugu, baina lurraldeak galtzen jarraitzen dugu eta, garrantzitsuena, gure jendea galtzen jarraitzen dugu.

Ekainean, Zelenskik Errusiako lurraldeari sakonean erasotzeko gure bazkideak konbentzitzea lortu zuen. Horren ondoren, Errusiak eskalada areagotu eta gure gasolindegiak, biltegiak eta energia-azpiegiturak suntsitu zituen. Errusiak gerra okertu du, baina okertzearen arrazoia Zelenskik bere bazkideak gerra honen irtenbidea eskalatzea zela konbentzitu zituela izan da.

Zelenskiren erretorikak erakusten du ez duela gerra amaitu nahi. Bere eskakizun maximalistak gerra luzatzeko justifikazioak dira. Bere ospea gainbehera doa. Gaur egun ukrainarren %50ek baino gehiagok esan du ez duela Zelenskik bigarren agintaldi baterako aurkeztea nahi. Ukrainarrek Zelenski nahi ez badute, ez dut ulertzen zergatik nahi duzuen zuek. Politikari txarra da, erabat porrot egin duen liderra, bere nazioa hiltzen ari delako eta bera horretaz baliatzen ari delako. Ukraina oso bide arriskutsua hartzen ari da militarizazioari eta erradikalizazioari dagokienez, eta prozesu hori 2014an hasi zen. Orduan patriotismoa zirudien, baina orain Zelenskik oso maila arriskutsura eraman du, gizartearen existentziarentzat arriskutsua dena baita bake-garaian ere.

Borondate politikoa balego, Ukrainak zerbait egin lezake gerra geldiarazteko. Horregatik hitz egiten dut eta arriskuan jartzen dut nire bizitza, gerra hau gelditzea nahi dudalako. Ukrainarrak salbatzea nahi dut. Nire herrialdeak etorkizuna izatea nahi dut.

https://www.youtube.com/watch?v=WuRZbupg5_8

joan mari beloki kortexarena

2026-10-10


Utzi iruzkina: