Witkoff-Kushner bikoa Moskun eta Kieven
CIA eta AEBetako Inteligentzia gainerako zerbitzuen nondik norakoak oso ongi ezagutzen dituen Scott Ritter militar ohia dakargu gaur hona, Trumpen mezularien bi bidaia hauen helburuak zeintzu ote diren hobeki ulertzeko. Azalpen argigarria eskaini digu.
Glenn Diesen: Witkoffek eta Kushnerrek amaitu dute Moskura eta Kievera egindako diplomazia-ekimen berria. Nola interpretatzen duzu ekimen hau?
Scott Ritter: Donald Trumpen pean dauden Amerikako Estatu Batuez ari gara; beraz, ezin dugu “serio” hitza erabili. Gogora dezagun bisita honen aurretik Trumpek CIAko zuzendaria den John Ratcliffe bidali zuela Moskura. Bakeari bidea zabaltzeko? Gizon hori, Errusiari dagokionez, bere lehen misioa errusiarrak hiltzea duen agentzia baten burua da. CIA errusiarrak hiltzeaz arduratzen da. CIA Ukrainak egiten dituen ekintza klandestino guztien atzean dago. Beraz, zenbateraino hartzen du serio Trumpen administrazioak Errusiarekiko bakea?
Bi gauza egiten dutenean sinetsiko dut benetan serio ari dela. Lehenik, publikoki amaitzea CIAk Ukrainaren alde egiten dituen operazioak. Bigarrenik, europarrei esatea Ukrainaren aldeko jarrera hartzen duen hurrengo herrialdeak AEBen babesaren %100 galduko duela.
AEBek bakean sinesten badute, zergatik laguntzen dute Europak Errusiarekiko gerrarako daraman bidea? Bide hori berehala geldiaraz lezakete, baina ez dute egiten.
Eta hor dago ere Trumpek proposamen horretan sartzen duen pakete ekonomikoa. 1990eko hamarkadan Errusiari saldu zioten zabor berbera da. Helburua AEBek Errusiaren eragin ekonomikorako dituen mekanismoak kontrolatzea da. Errusiako gobernuaren aurrean ez, baizik eta AEBen aurrean erantzunen duen oligarka klase bat indartzea da helburua.
Vladimir Putinek azken 26 urteetan ezarri dituen erreforma ekonomiko guztiak desegitea da asmoa. Orduan, hau bakeari buruzko elkarrizketa serioa al da? Ez. Hamarkadetan indarrean egon diren helburu politiko berberak berriro aurkezteko modu bat baino ez da: Errusia AEBen menpe jartzea. Kontua da Errusiak belauniko jarri eta AEBei erregutu diezaien, aita batek etxetik alde egindako bere semea hartzen duen bezala har dezan. Ergelkeria hutsa da.
Prozesu hau ez da batere serioa. Errusia gerra irabazten ari delako gertatzen ari da. Gerra irabazten ari da eta inoiz baino sendoago dago barnealdean. Ez dago arrakalarik Errusiako makinerian. Vladimir Putinen ahaleginen aldeko babes erabatekoa dago, eta politikoki, ekonomikoki eta militarki irabazten ari dira.
Eta Trumpen administrazioak ulertzen du, hau oztoporik gabe aurrera egiten uzten badute, Ukrainako esperimentu osoa eroriko dela eta kolapsoa erabatekoa izanen dela. Dagoeneko, kolapsoa gertatzen ari da. Alemanian ikusten da, AfDk emaitza bikaina lortu baitu, Alemaniako gobernuak hura ahultzeko egin duen guztiaren gainetik.
Marine Le Pen Frantzian aurrera egiten ari dela ere ikusten da, eta Macronek boterea utziko du. Bost hamarkada baino gehiagoz indarrean egon den Europako sistema erabat erortzen ari dela ikusten ari gara. Hori ez da ona AEBentzat, ez baitute kolapsoa nahi; Europa ahuldu bat ziurtatu nahi dute, kontrolatu ahal izateko.
Trumpek ez du deus serio hartzen. AEBen etsipen-ekintza da bi bidaia hauen ekimena. Anchorage-ko akordioei buruz, Marco Rubiok esan zuen ez zela inolako akordiorik egin. Putinek gezurti deitu zion. Lavrovek gezurti deitu zion. Putinek esan zuen AEB ez direla akordioak betetzeko gai. Zer aldatu da, ba, orain, AEB akordioak betetzeko gai izan daitezen? Hau barregarria da.
Glenn Diesen: Zein izanen dela uste duzu Errusiaren erantzuna, zentzu zabalean?
Scott Ritter: bart 23 Iskander Kieven aurka. Hori da erantzuna. Errusia bost urtez prestatu da une honetara iristeko, nahi duen guztia lortzeko gai izan dadin. Dena prest dauka. Ez dago hura geldiaraz dezakeen deus. Ukraina erortzen denean, EB ere eroriko da. Eta EBko egungo elite politiko eta ekonomikoak ere haiekin batera eroriko dira.
Ezin da bakerik egon gaur egun dagoen Ukraina bezalako Ukrainarekin. Hamarkadetan eskoletan errusiarrak gorrotatzeko hezi dituzte. Beraz, irtenbide bakarra gorroto hori existitzea ahalbidetzen duen entitatea suntsitzea da. Trumpek esan du aldaketa konstituzionalak egin beharko direla Errusiaren lurralde-eskurapenen izaera iraunkorra aitortzeko. Horretarako, Trumpek hauteskundeak egiteko beharra aipatzen du.
https://www.youtube.com/watch?v=XuZhW0ay6kk
joan mari beloki kortexarena
2026-09-14

Iruzkinak
Utzi iruzkina: