Vladimir Putinen hausnarketak (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-10-09 00:15

belokijmari@gmail.com 1759961991909

2025eko urriaren 2an, Vladimir Putinek Valdaiko Nazioarteko XXII. Eztabaida Foroan parte hartu zuen. Foro horretan mundu osoko intelektualak, politikariak eta adituak biltzen dira mundu mailako ordena eztabaidatzeko. Putinek hiru ordu baino gehiagoz hitz egin zuen, galderei erantzunez eta hainbat herrialdetako akademikoekin eztabaidatuz.

Mundu multipolarra

Putinen arabera, multipolaritatea dagoeneko errealitatea da, eta funtsezko sei ezaugarri ditu:

  1. Espazio politikoaren irekiera eta sormena. Ez dago aurrez ezarritako gidoirik. Herrialde bakoitzak bere bidea egin dezake.
  2. Aldaketaren abiadura. Gertaerak azkar gertatzen ari dira. Ezinezkoa da denetarako prest egotea eta estatuek denbora errealean erreakzionatu behar dute. Ezaugarri hori funtsezkoa da krisi modernoak ulertzeko.
  3. Nazioarteko sistemaren demokratizazioa. Historian inoiz ez da egon benetako eragina izan duen edo eskualdeko prozesuetan eta prozesu globaletan eragin nahi izan duen hainbeste eragile. Hau iraultzailea da. Potentzia handien monopolioa desagertzen ari da.
  4. Kultura- eta zibilizazio-espezifikotasunaren garrantzia. Herrialde bakoitzak bere historia du, bere balioak, bere testuingurua, eta faktore horiek inoiz baino garrantzi handiagoa dute egun. Inork ez du urrutitik ezarritako arauen arabera jokatu nahi.
  5. Mundu multipolarraren aukerak eta arriskuak banaezinak dira. Askatasuna, zalantzarik gabe, ona da, baina zaila da oreka sendoa lortzea. Egoera globala errealitate berria da.

Nazioarteko harremanak aldatzen ari dira. Multipolaritatea hegemonia globalari eusteko ahaleginen ondorio zuzena da. AEBak, Gerra Hotzaren amaieraren ondoren, beraiek buruan zituen sistema hierarkiko bat eraikitzen saiatu ziren. Munduak erreakzionatu egin zuen eta gaur egun ikusten dugun mundu multipolarra sortu zuen. Mundua menderatzen saiatzean, erresistentzia sortu zuen. Ordena polobakarra inposatzean, botere poloanitzaren sorrera eragin zuen. Gerra Hotzaren ondoren, Mendebaldea ez zegoen prest Errusia berdintasunez tratatzeko. Errusia mehatxu gisa mantendu behar zuen bere botere egiturak justifikatzeko. Mendebaldeak ez zion aurre egin botere absolutuaren tentazioari. Horretarako prestakuntza intelektual eta historiko maila ona behar zen eta une horretan erabakiak hartu zituztenek ez zuten halako prestakuntzarik. 90eko hamarkadako mendebaldeko buruzagiek ez zuten ikuspegi estrategikorik munduko ordena egonkorra eraikitzeko.

Gerra Hotza amaitu ondoren, benetako lankidetza-aro baten itxaropena genuen, ez baitzegoen eragozpen ideologikorik gizateriaren arazoak konpontzeko. Baina hori ez zen gertatu. Mendebaldeak mundua bere kasa kudeatu nahi izan zuen, denei zer egin eta nola egin esanez. Baina ez dago mundua gobernatzeko gai den indarrik.

Herrialde asko pozik zeuden AEBei eta beren aliatuei erabaki zailak hartzen utzita. Arauak onartu, sisteman integratu, beren saria jaso eta zoriontsu izatera mugatzen ziren. Baina garai hura amaitu zen. Orain denek nahi dute ahotsa izan eta parte hartu beren herrialdeari eragiten dioten erabakietan. Horrek mundu konplexuagoa sortu zuen, baina baita bidezkoagoa ere.

Europako politikariek egun ere nahiago dute boteretsuen jokoa jarraitu, arazoak negoziatzerakoan otzanak izanik eta trukean sari txikiren bat jasota. Horren ondorioz, Europak bere subiranotasuna galdu du eta Washingtonen jarraibideak betetzera mugatzen da.

Ukraina

Ukrainako lidergoak egoeraren kontrola galdu du. Irailean 11.000 lagunen defizita izan zuen. Baina estatistikarik txundigarriena da 2025eko urtarriletik abuztura 150.000 desertore izan zirela Ukrainako armadan. Jendea bere borondatearen kontra harrapatzen ari dira kaleetan eta ihes egiten saiatzen dira. Oso zaila zaie frontean errenditzea, armadako beren kideek hil egiten baitituzte norbait horretan saiatzen ari dela ikustean. Errusiako soldaduak, berriz, boluntarioak dira. Alde hori erabakigarria da moralari eta gerrako ahaleginaren iraunkortasunari dagokienez. Errusiar armada da gaur egun munduko indartsuena.

Tomahawk misilak ez du inondik inora gerraren noranzkoa aldatuko. Langilerik ez badago, ez baitago norekin borrokatu.

OMB ekidin zitekeen Biden administrazioak NATO Errusiako mugaraino eraman nahi izan ez balu eta Ukrainak bere independentzia eta subiranotasuna mantendu izan balitu. Europa eta Biden administrazioa Donbassko genozidioa urtetan pasiboki ikustera mugatu ziren eta, ondorioz, Ukrainako estatu kolpe odoltsuaren ondoren 2014an hasi zen Errusiako lurralde historikoetan errusiarren suntsitzea. Liskarrak gelditzeko porrotaren erantzukizuna Europari dagokio nagusiki, gatazka etengabe hauspotzen ari baita.

Harremana Estatu Batuekin

“Alaskan Ukrainako krisia konpontzeko bideei buruz bakarrik hitz egin genuen. Entzuten dakien pertsona da Trump, solaskide erosoa”. Putinek nahiago du Trumpen argitasuna, zakarra edo probokatzailea bada ere, anbiguotasunez beteriko diplomazia tradizionala baino. Benetako negoziazioaz hitz egin zuten, xehetasun zehatzak eztabaidatuz, zailtasunak aitortuz, aukerak arakatuz. Hau da, egiazko diplomazia. Mendebaldeko beste buruzagi batzuk, aldiz, errusiarrekin hitz egiterakoan, beren ustetan Errusiak zer egin beharko lukeen esatera mugatzen ziren. Putinek harremanak normalizatu egin nahi ditu AEBekin.

Europa eta NATO

"Europar Batasunean agintzen duten eliteek histeria elikatzen jarraitzen dute", dio Putinek. "Ezin dute sinetsi Errusiak NATOri eraso eginen dionik. Ezinezkoa da hori sinestea. Gainerakoan, duten ardurarako ez dute gaitasunik, ezinezkoa baita ergelkeria horretan sinestea. Edo ez dira zintzoak, beraiek ere sinetsi gabe beren herritarrak horretaz konbentzitzen saiatzen direlako".

Putinek mezu bat igorri dio Europari. Begira zer gertatzen den Europako kaleetan, zer gertatzen den Europako ekonomiarekin, industriarekin, kulturarekin eta identitatearekin, zor izugarriekin eta gizarte-segurantzako sistemen krisi gero eta handiagoarekin, kontroletik kanpoko migrazioarekin, indarkeriaren hazkundearekin... Europak arazo horiei aurre egiten aritu beharko luke, kanpoko mehatxuak asmatzen aritu beharrean.

Putin bereziki kritikoa da NATO Finlandiara eta Suediara hedatu izanarekin. Beren lurraldean arma nuklearrik ez dutela baimenduko diote. Baina, nork galdetuko die? Jarriko dituzte eta kito. Herrialde txikienek ez dute aliantzaren erabaki estrategikoen gaineko kontrolik. NATOn sartzearekin Finlandiaren edo Suediaren segurtasunak gora egin du? Ez. Bi herrialdeek estatus neutralaren abantaila galdu dute, trukean benetako segurtasunik irabazi gabe.

Errusiak Europara ustez bidaltzen dituen droneei buruz, histeria hori guztia defentsan gastua handitzeko giroa errazteko asmoz ulertzen du Putinek. Europako Batasuna, gaur egun, desagertzeko zorian dagoen elkartea da.

Putinek kontrolik gabeko migrazioari garrantzi handia ematen dio. Kontrolik gabeko migrazioa Europa barrutik hondatzen duen faktore suntsitzailea da. Europa zibilizazio bat da. Eta zibilizazio hori zenbait baliok, tradiziok, kultura-nortasunek definitzen dute. Elementu horiek desagertzen direnean, Europak Europa izateari uzten dio.

Subiranotasuna galduz gero, arazoak datoz ekonomian. Zergatik hornitu daitezke uranioz AEBak eta Europa gasez eta petrolioz ez? Burujabetza galtzeak kolapsora darama, dena hankaz gora jartzen da. Putinek itxaropena du nazio ikuspuntutik bideratutako indar politikoen sorreran. Hungariako Victor Orban aipatzen du. Nazio-identitateari uko egitea Bruselako aurpegirik gabeko burokrata bilakatzea da. Nazio ikuspuntutik ari diren indarrek bultzada irabazten jarraitzen badute, Europa berpiztu eginen da.

(jarraituko du)

https://www.youtube.com/watch?v=UeKGVv660Qo

joan mari beloki kortexarena

2025-10-09


Utzi iruzkina: