Vladimir Putinen azken mezu publikoak
Ekainaren 3tik 6ra bitartean San Petersburgoko Nazioarteko Foro Ekonomikoa egin da. Errusiako bigarren hiri jendetsuenak 5,6 milioi biztanle du eta Davos-ko Foroak baino enpresari eta ekonomiaren munduko jende gehiago bildu ohi du. Vladimir Putin presidentea bertan izan da eta azalpen publiko batzuk egin ditu, besteak beste, Volodimir Zelenskik bidali zion gutun publikoaz. Azken hauek jaso ditu gaur eskaintzen dugun bideoak.
Vladimir Putinen adinaz
Gutunaren egileak nire adina aipatu zuen. Nire adinean beste lider politiko askok ere betetzen dituzte beren funtzioak, eta batzuk ni baino zaharragoak dira. Garrantzitsuena ez da adina. Lan egiteko gaitasuna eta eraginkortasuna da garrantzitsuena.
Vladimir Putinen iraunkortasunaz
Hautetsi gisa boterean emandako denborari ere arreta jarri nion. Kontu garrantzitsua da, baina hauteskundeetara aurkeztu behar da. Ez da beldurrik izan behar hauteskundeetara aurkezteko eta funtsezko legearen esparruan jarduteko. Izan ere, botereari Konstituzioaren esparrutik kanpo eusten bazaio, horri boterearen usurpazioa deitzen zaio. Delitu penala da. Are gehiago, Ukrainan hauteskundeak laster izanen zirela esan zuten eta bat-batean isilik geratu ziren.
Hitzarmenen bermatzaileez
Egileak dio ez dela beharrezkoa Anchorage-n lortutako akordioei eustea eta lor daitezkeen hitzarmenen bermatzaileak Europan bilatu behar direla. Ez dut oso ongi ulertzen zergatik ukatzen zaion paper hori AEBetako administrazioari eta Trump presidenteari. Ameriketako Estatu Batuetatik armak jaso nahi dituzte, baina ez dute AEBetako administrazioa eta Trump presidentea bermatzaile gisa ikusi nahi. Arrazoiren bat izanen dute.
Donald Trumpen inplikazioaz
Oro har, eskerrak eman nahi dizkiot Donaldi lan honengatik. Erabilgarria da, dudarik gabe, baina oraindik badago zer landu. Aurrera jarraitu behar da.
Harreman pribatuak publifikatzeaz
Orain, puntu garrantzitsuena. Alderdi ukrainarraren ustez, guztiz posible zen gure harreman pribatuak traizionatzea, eztabaida publikora pasatuz. Nire ustez, hori ez da batere zuzena. Baina inork gutxik ezagutzen dituen gauza batzuei buruz hitz egiteko aukera eta eskubidea ematen dit. Hau serioa da eta ironiak eta txantxak amaitu egin dira.
Zelenskiren enpresari bitartekariaz
Duela hiru aste, gure enpresa-zirkuluetako ordezkari batek, pertsona zintzoa eta nire konfiantza merezi duena, deitu eta galdera bat egin zidan. "Vladimir Vladimirovitx, Kievera gonbidatu naute. Horri buruzko informazioa eman nahi nizun, seguruenik bi herrialdeen arteko harremanekin zerikusia duten gai batzuk jorratuko direlako”. Entzun -erantzun nion-, ezin zaitut deusen ordezkari gisa bidali. Horretaz Errusiako Atzerri Arazoetako Ministerioko, Defentsa Ministerioko eta beste zerbitzu batzuetako pertsona serio eta gaituek arduratu behar dute, Istanbulen egin genituen negoziazioetan egin genuen bezala. Eta ezin dizut ezertarako baimena eman.
Zelenskiren bilera eskaeraz
Enpresaria Kievera joan zen eta gutunaren egilearekin bildu zen. Azkenean etxera itzuli eta berarekin elkartzeko aukera izan nuen. Hitzontzikeria guztiaz gain, garrantzitsuena Zelenski jaunak bilera bat eskatu zuela izan zen. Inoiz ez diodala uko egin esan nion, baina orain elkartzea ura edalontzi huts batetik bestera pasatzea bezala izanen litzatekeela.
Minsk-eko hitzarmenez
Minsken gau oso bat eman genuen “Minskeko Akordioak” idazten. Gero zer gertatu zen? Alemaniako eta Frantziako buruzagi nagusiek hori guztia Ukraina berrarmatzeko denbora irabazteko besterik ez zela izan esan ziguten. Zertarako nahi ditugu, beraz, horrelako akordioak? Ez diot zentzurik ikusten elkartzeari. Ukrainako alderdiarentzat bakarrik zuen zentzua, gure indar armatuen aurrerapena geldiarazteko. Guk behar ditugun akordioak ez dira hiru hilabetetarako, epe luzeko ikuspegi historiko baterako baizik. Aurrez espezialistek irtenbide batzuk landu behar dituzte eta, horren ondoren, bilera egin daiteke, dokumentu batzuen sinaduran presente egon gaitezke edo zerbait sina dezakegu ere.
Starobilsk-en hildako 21 nerabeez
Baina lehenik irtenbide bat aurkitu behar da eta hemen dago garrantzitsuena. Maiatzaren 21ean jaso nuen gutuna. Maiatzaren 22an, Ukrainako tropek eraso terrorista izugarria egin zuten ikasle-egoitza baten aurka, Luhanskeko Herri Errepublikako eskola baten aurka, non haurrak eta nerabeak hil ziren. Hau krimen izugarria da. Han ez zegoen inolako helburu militarrik, ezta ibilgailu militarrik ere inguruan. Goiz hartan Kievera joandako lankide honi deitu nion eta galdetu nion: "Zer esan nahi du honek? Bilera bat eskatu dute eta haurren hilketa bezalako krimen izugarriak egin dituzte. Zer esan nahi du honek?” Ez nuen gehiago berarekin hitz egitea lortu.
Gutunaren tonu zakarraz
Gutun honek zakarkeria batzuk ditu. Bilera pertsonal baterako eta negoziazioetarako baldintzak sortzeko modu bat da ala edozein bilera pertsonal ezinezkoa egiteko giroa sortzeko? Bigarrena dela uste dut. Eta horregatik ez natzaie gutun honen egileei zuzenduko, kontaktu lerroan diren gure borrokalariei baizik. Hau esan nahi diet, “Kamarada soldadu eta marinelak, kamarada ofizialordeak eta guardiamarinak, kamarada ofizialak, almiranteak eta jeneralak, herrialde osoa zuei begira duzue, herrialde osoa harro dago zuekin eta konfiantza osoa du zuengan. Senideok, segi lanean”.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: