VLADIMIR, PEDRO ETA PABLO
Aspaldi, baina bereziki azken urte eta erdi honetan, Europako komunikabide indartsuenak Putinen irudi zakarra saldu nahian ari zaizkigu, infernuko deabruen pareko norbait edo zerbait balitz bezala. Aurrez Saddam Hussein, Muamar el Gadafi edota Osama bin Ladenekin egin zuten modu berean. Bere ardura izan omen zen Nord Stream hodien leherketa, berak agindu ei zituen Zaporizhiako zentral nuklearraren bonbardaketak, bere erruz hiltzen ari dira nonbait milaka ukrainar eta errusiar inguru hartako gudan… Irudia zakartu lehenik eta gerra eman gero. Haientzat, antza denez, ez du garrantzirik azken hogeita lau urteotan bera izan dela Errusiako presidentea lehenik eta Errusiar Federaziokoa ondoren. Hango hauteskundeak hemengoak bezain demokratikoak izan arren.
Horiek esan eta gero, oso interesgarria izanen litzateke, Palestinako egungo genozidioa dela eta, munduko presidenteek egoera hobetzeko zehatz-mehatz egin dutena jakitea. Batzuek, gutxienek zorionez, genoziden alde egin dute. Gehienek publikoki beren jarrera argitzera mugatu dira, inplikazio aktiborik gabe. Putinek, ordea,Hamaseko ordezkaritza bat Errusiara deitu eta haiekin negoziatu du bahituen askatasuna. Errusiarrena behintzat. Urrats eraginkorra, ikusten denez, Israelen haserre bizia ikusita.
Pedro Sánchez Espainiako presidenteak badu bere nazionalitate bera duen bahitu bat Polonian duela hogei hilabete. Pablo González du izena, euskal jatorriko kazetaria da, eta dagoeneko urte eta erdi luzea preso daraman arren oraindik ez diote akusazio zehatzik egin. Espainiako presidenteak ez du behatzik mugitu haren askatasuna eskatzeko.
Ez naiz nor Putin epaitzeko une honetan. Baina bahitu errusiarren askatasuna lortzeko pausoak eman ditu. Une hauetan Europako Batasuneko presidentea den Sánchezek ez du Pablorenganako enpatia txikiena ere erakutsi.
joan mari beloki kortexarena
2023-10-25
Iruzkinak
Utzi iruzkina: