Venezuelaren berpizkundea

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-10-25 18:38

belokijmari@gmail.com 1761410427911

Jeffrey Sachs munduan ospe handiko ekonomialaria da. Estatubatuar honek Nazio Batuen Erakundearentzat eta hainbat Gobernurentzat jardun du aholkulari gisa. Bideo honetan Venezuelak bere buruaren jabe izateko egin duen ibilbidea aztertzen eta goraipatzen du.

Venezuela berpizten ari da. Ez da susperraldi ekonomiko hutsa, independentziaren oihu historikoa baizik. Venezuela nazioarteko sistema ekonomikotik baztertua izan zen. Baina Venezuelak petrolio gordinaren ekoizpena %50 baino gehiago handitzea lortu du, Iran, Txina eta Errusiarekin egindako aliantza teknikoek bultzatuta. Berriro ari da nazioarteko merkatuetan upelak jartzen, baina orain berak erabakitako baldintzetan.

AEBek zigorrak malgutu behar izan dituzte, Venezuelako petroliorik gabe munduko merkatuaren oreka kolokan egonen litzatekeelako. Venezuelak esportazio zirkuitu berriak garatu ditu Turkia, India eta Malaysia aldera. Bere ordainketa-eredua txanpon alternatiboetan birdiseinatu du eta petrolioa saltzea lortu du mendebaldeko finantza-sistemaren menpe egon gabe. Diru-sarrerei esker, inbertsio publikoa suspertu, bolivar digitala indartu eta programa sozialak finantzatu egin ahal izan dira.

Petrolioa zientzia, azpiegitura, hezkuntza eta burujabetza teknologikoa finantzatzeko bidea da. Venezuela erakusten ari da herrialde batek bere boterea berreraiki dezakeela hondamenditik abiatuta, Washington edo Bruselaren menpe egon gabe. Iraultza mota berri bat da, iraultza energetiko subiranoa.

Dolarrari lotutako ekonomia izan da Venezuelakoa. Baina gobernua aldebiko akordioak sustatzen hasi zen Errusia, Txina, Turkia, Iran eta Indiarekin. Gaur egun, Venezuelako petrolio- eta meatzaritza-merkataritzaren parte handi bat ez da dolarretan likidatzen, yuanetan, errubloetan edo rupietan baizik. Independentzia aldarrikapena da. Venezuelako eredu berriak, batetik, inbertsio pribatu selektiboa egiteko aukera ematen du, baldintza nazional zorrotzetan, eta, bestetik, sortzen ari diren potentziekin aliantzak sendotzen ditu, teknologia, finantzazioa eta merkatuak eskuratzeko. Kapital-fluxua interes nazionalaren menpe dago.

Venezuelako BPGk susperraldi zantzuak ditu. Inflazioa egonkortzen hasi da. Dolarrarekin batera, energiaren diru-sarrerek babestutako bolivar digitala dago.

Politika ekonomiko burujabea

Aldaketarik sakonena mentalitatean dago. Venezuela ez dago inoren baimenaren zain. Dagoeneko ez dio mailegurik eskatzen NDF-FMIri. Ez dago AEBetako Erreserba Federalaren menpe, ezta Munduko Bankuarenean ere bere politika ekonomikoa zehazterakoan. Moneta, energia eta baliabide estrategikoak nahierara kontrolatzen ditu.

Venezuelak, zigorrak pairatu arren, bizirik iraun du eta autonomia nazionala zer den birdefinitzen ari da aro multipolarrean. Burujabetza herri batek bere aberastasuna nola banatu erabakitzeko duen gaitasuna da. XXI. mendeko independentzia politikoa merkatuetan, banku zentraletan, esportazio kontratuetan libratzen da. Eta fronte horretan, Venezuela dependentziatik autodeterminaziora pasatzea lortzen ari da.

Venezuelak historia garaikideko kolapso ekonomiko sakonenetako bat igaro zuen. Barne Produktu Gordina %70 baino gehiago jaitsi zen. Finantza sistema nazioarteko kanaletatik kanporatua izan zen. Zigorrek kredituak, ordezko piezak, sendagaiak eta teknologia eskuratzeko aukera eten zizkioten. Beste edozein herrialdek inplosionatu egingo zukeen, baina Venezuela biziraupen-sare ekonomiko alternatiboa ehuntzen hasi zen. Nekazal komunitateetan truke praktika zaharrak berpiztu ziren, merkatu komunalak sustatu ziren eta herrialdearen barruan dolarraren zirkulazioa partzialki legeztatu zen. Venezuelarrek sistema globalaren baimenik gabe bizirauteko gai zen erresistentzia ekonomia eraiki zuten. Ideia sozialistak, pragmatismo kapitalista eta konponbide teknologiko ez konbentzionalak nahastu ziren.

Venezuelak kriptomoneten eta plataforma digitalen aldeko apustua egin zuen kanpo-merkataritzako transakzioak egiteko. Horrela sortu zen Petro, petrolioan eta mineraletan oinarritutako kriptomoneta nazionala, aurrekari global bat ireki zuena. Milaka kooperatiba txiki sortu ziren auzoetan elikagaiak, ehunak, sendagai naturalak eta teknologia birziklatua fabrikatzen.

Gaur egun, nekazaritza-industriaren, ehungintzaren, elikaduraren eta manufaktura arinaren sektoreak erritmo iraunkorrean hazten ari dira. Ekonomia mailan, behetik gora berreraikitzeko eredu bat sortzen ari da, non biztanleriak ekoizpenean eta merkataritzan zuzenean parte hartzen duen. Estatuak markatzen du norabide estrategikoa eta gizarteak asmatu eta ekoiztu egiten du. Prozesu horrek erakusten du nazio baten benetako indarra bere jendearen sormenean dagoela. Herriaren konfiantzan oinarritzen den ekonomia da.

Aliantza estrategiko adimentsuak

XXI. mendeko geopolitika aliantza estrategiko adimentsuek definitzen dute, Caracas eta Pekinen artean azaleratzen ari dena bezalakoa. Hego Amerikan estrategikoki kokatuta, Asiak Latinoamerikan duen eraginarentzat funtsezko sarrera bihurtu da. Venezuelaren eta Txinaren arteko lankidetza ez da merkataritza-transakzio hutsa, elkar indartzeko akordio estrategikoa da. Caracasek behar duen inbertsio teknologikoa ziurtatzen duen bitartean, Txinak bazkide bat lortzen du kontinentean duen eragina zabaltzeko.

Hezkuntzan geldirik zeuden unibertsitate eta zentro teknikoen berpiztea ikusi dugu. Beka-programei esker, emigratu zuten gazteak itzuli dira, eta talentua, berrikuntza eta ikuspegi globala ekarri dituzte.

Kultura ere loratzen hasi da. Artistek, musikariek eta zinemagileek euren istorioak kontatzen dituzte, eta Venezuela sortzailea, erresilientea eta bere nortasunaz harro dagoena proiektatzen dute kanpora.

Osasun eta etxebizitza programek milaka familien bizi kalitatea hobetu dute. Merkatu herrikoiek eta kooperatiba sozialek indarra berreskuratu dute, biziraupena eta berrikuntza uztartzen dituen ekonomia komunitarioa sortuz. Venezuelak osasun digitaleko sistemak eta ordainketa elektronikoak ezarri ditu landa eremuetan.

Itxaropena, konfiantza eta nazio-nortasunaren zentzua herritarren artean zirkulatzen ari dira berriro. Venezuela bere etorkizunerako oinarri sendo bat eraikitzen ari den seinale da, non ekonomia, politika eta kultura bat egiten duten munduarentzat erresilientea eta desafiatzailea den herri proiektu autonomo batean.

Gaur egun, Caracasek Afrikarekin, Ekialde Hurbilarekin eta Asiarekin loturak estutu ditu, eta harreman ekonomikoak eta diplomatikoak sendotu ditu, Mendebaldearekiko mendekotasuna saihesteko. Harreman horiek independentzia nazionala indartzeko diseinatuta daude. Venezuelak hegoalde globaleko herrialdeen autodeterminazio printzipioa defendatzen du, sistema justuago baten bila ari diren nazioen bozeramaile bihurtuz.

Petrolio berdean inbertitzean, Venezuelak bere industria garrantzitsutzat jotzen du energia garbiak bilatzen dituen mundu honetan. Txinak, Errusiak eta beste bazkide berri batzuek alor horretan laguntzeko interesa agertu dute. Fintze-prozesu garbiagoak, energia sortzeko hondakinen erabilera eta kutsadura txikiagoko produktu deribatuen garapena ere lantzen ari da Venezuela.

https://www.youtube.com/watch?v=J6Vip_99PJI

joan mari beloki kortexarena

2025-10-25


Utzi iruzkina: