Venezuelarako Trumpen bi planak (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-01-06 01:58

belokijmari@gmail.com 1767661240022

Ron Aledo puertoricarra militar estatubatuarra eta CIAko analista izan zen duela urte gutxira arte. Egun, analista independentea dugu eta Venezuelako presidente Nicolas Maduroren bahiketaren inguruan dituen iritziak azaltzen dizkigu. Pascal Lottaz suitzarrak egin dio elkarrizketa.

PL: Konta al diezagukezu zure ibilbidea, jendeak uler dezan zein ikuspegitatik heltzen diozun gai honi?

RA: Bai, AEBetako armadatik erretiratutako ofiziala naiz. Puerto Ricon jaio nintzen eta nire karrera AEBetako armadan egin nuen eta Kolonbian, Alemanian, Texasen eta beste leku batzuetan egon nintzen destinatuta. Armadatik erretiratu ondoren, CIAn eta DIA Defentsaren Inteligentzia Agentzia erakundean analista izan nintzen. Geroago, Pentagonoko Estatu Nagusiko operazioetako eta inteligentziako ofizial bihurtu nintzen. Kolonbian, Afganistanen hainbat aldiz eta Iraken ere jardun nuen 2019ra arte. Orain, azterketa federalean edo gobernu-analisian lan egiten ez dudanez, iturri irekiko analisiak egiten ditut. Geopolitikan, nazioarteko harremanetan, adimenean eta gai militarretan gehienbat.

PL: Nola izan zen posible AEBek Caracasko bi lekutan eta beste bi hiritan bonbardatu eta herrialde horretako presidentea bahitzea lortu izana? Hiltzea posible zela uste nuen, baldin eta presidentearen jauregira bonba nahikoak jaurtitzen badituzu. Baina sartu eta Panaman bezalako harrapaketa bat egin ahal izateak, horrek txundituta utzi ninduen.

RA: Militarki eta inteligentzia mailan, oso operazio arrakastatsua izan zen. Iturri irekien arabera eta elkar josi  behar diren pieza guztietan oinarrituta, badirudi CIAk erraztu zuela operazioa, Maduroren inguruko pertsona asko, batez ere gertukoenak, eta militar asko erosi zutela. Denak hartzen du zentzua duela hilabete batzuk Maduroren saria 15 milioi dolarretatik 50era igo zela gogoratzen duzunean. Ziur nago AEBetako gobernuak 50 milioi baino gehiago inbertitu zuela horretan. Hori izan zen ofizial eta jeneral militarrak erakartzeko lehen mezua. Ziur nago CIAk bildutako iturriek defentsak indargabetu zituztela. Jendea bazter zedin agindu izan zuten lehenik, jarraian aire defentsa guztien eta AEBentzat arriskutsuak izan zitezkeen aktibo militarren bonbardaketa estrategikoak agintzeko. Horrek asko erraztu zuen operazioa.

PL: CIAk esan al dezake besterik gabe: “Salbu egongo zara, zure familia AEBetara etorri ahal izanen da”? Hori CIAk benetan egin dezakeen zerbait al da?

RA: CIAk dozenaka milioi dolar banatu ditzake jendea erosteko. Hori da bere egitekoa. CIA 40ko hamarkadatik dago Venezuelan, mundu osoan dagoen bezala. Mundu osoko informazio-iturriak biltzen ditu. Oso maila altuko agindu bat besterik ez du behar. Gero milioika eta milioika dolar gastatzen ditu jendea erosten informazioa lortzeko.

PL: AEBetako itsas armadaren aire-operazioa izan zen, ezta?

RA: Agentzia asko zeuden inplikatuta. Tartean DIA legoke, egoera militarrez arduratzen baita. Eta, jakina, AEBetako Itsas Armadak Karibeko uretan zituen inteligentzia-baliabide guztiak aktibo egonen ziren. NSA ere, zalantzarik gabe, aktibo egonen zen, telefono mugikorretako datuak, mezu elektronikoak eta testu-mezuak biltzen, momentu horretan jendea non zegoen, norekin hitz egiten zuen, nor zegoen han eta nor ez jakin ahal izateko. Informazioa biltzen dute Delta indarra iritsi aurretik. AEBetako Itsas Armadak eta Aire Armadak elkarrekin egindako operazioa izan da. Helburu estrategikoak, aginte-zentroak eta komunikazio-zentroak modu kirurgikoan bonbardatu zituzten eta, segur aski, Madurorekin leialak ziren militarrak hilen zituzten. Ekipoak ere bonbardatuko zituzten, bereziki helikopteroei eraso ziezaieketen aireko defentsa sistemak. Beraz, alde guztietatik operazio bateratua izan zen.

PL: CIA hainbeste jende erosteko gai izan bazen eta operazio honek argi berdea jaso bazuen, AEBen aldeko gobernu baterako trantsizioa arrakastaz egiteko probabilitateak arriskua justifikatzeko bezain onak zirela pentsatu izan zuten.

RA: Hor korapilatzen da kontua, Maduroren jendeak boterean jarraitzen baitu. Bera herrialdetik kanpo dago, baina bere gobernuak zutik dirau. Delcy Rodríguez presidenteordea gaur atera da esanez presidente ofizial bakarra Maduro jauna dela eta bera gobernuan dagoela gauzez arduratzeko Maduro itzuli arte.

PL: Beraz, Maduroren gobernuak jarraitzen du herrialdearen agintean. Ministroek eta jeneral leialek hor jarraitzen dute. Agian CIArentzat lan egiten duten jeneralek ere hor jarraitzen dute. Delcy Rodríguez bera erosiak izan ziren pertsonetako bat izan zitekeela uste al duzu?

RA: Posible da. Iturriak biltzen dituzunean, edozein pertsona bil dezakezu, baita presidenteordea ere. Trumpek esandakoagatik, badirudi Trumpek A plan bat duela, hau da, Delcy Rodriguez boterean mantentzea presidente txotxongilo baten moduan, beti ere esaten diotena egiten badu. Hala izaten jarraitu ahal izanen du, datozen hilabeteetan behintzat, Venezuelako presidente sinboliko gisa. Rodriguez andreak gogor gaitzetsiko du gertatutakoa eta AEBetako erasoaren aurkako erresistentziaren buru izanen da. Baina berak petrolioarekin zerikusia duten AEBen nahiak negoziatu eta onartuko ditu. Gero pertsona batzuk baztertzen hasiko da, beste batzuk ordezkatu eginen ditu, lege eta dekretu batzuk sinatuko ditu, AEBak sartzea eta petrolioaren eta inbertitzaileen kontrola hartzea baimenduko du... Eta agian sei edo zortzi hilabete barru gobernu berri baterako edo hauteskunde batzuetarako trantsizioa egonen da. Baina ziur nago Trumpek ere baduela B plan bat, hau da, kargutik kentzea, beraientzat lan egiten duten jeneralak erabiliz, haren aurkako kolpe militarra antolatuz.

PL: Beraz, 1989ko Panamako eszenatokiaren antzeko batean gaude (Noriega) edo, horrek huts egiten badu, 1973ko Txilekoarenean (Allende), ezta? Baina oraindik ere zaila egiten zait ulertzea nola izan zitekeen hain erraza jende horri guztia erostea, Madurok "Orain miliziak aktibatzen ari gara, armatuta dauden langile indarrak ditugu” zioen bitartean.

RA: Hori da arriskua. Baliteke biztanleriaren eta gobernuaren sektore batek Trumpekin kolaboratu nahi ez izatea. Trumpek baliabide sendoak erabiliko ditu beldurtzeko. Hori A planaren erdigunean dago. Baina laguntzen ez badute, estatu-kolpea gauzatuko du eta dena B planera pasako da. Bere pentsamoldean oso erradikala, Madurorekin oso leiala, Chávezen ideiekiko oso leiala den biztanleriaren zati batek erresistentzia armatua antola lezake. Mehatxu hori beti dago. AEBek ahal duten guztia eginen dute erresistentzia hori ahalik eta azkarren ezabatzeko.

PL: Zer uste duzu gerta daitekeela A eta B egoera horietako edozeinetan?

RA: Venezuelako gobernu gehiena Trumpekin lerrokatuko dela uste dut. Venezuela ez da Kuba bezalakoa. Diruagatik edo beldurragatik izan, ziur asko kupulan dauden pertsonen %80-85ak Trumpi jarraituz amaituko du, isilean, publikoki adierazi gabe.

https://www.youtube.com/watch?v=7y8CaS8HgC4

joan mari beloki kortexarena

2026-01-06


Utzi iruzkina: