Venezuelarako Trumpen bi planak (eta II)
Pascal Lottaz eta Ron Aledo CIAko agente ohiaren arteko elkarrizketaren bi garren atala
PL: Beraz, Trumpentzat eszenatokirik onena A plana izanen litzateke. Mundu guztia beldurtuta dagoenez, gauzek bere asmoen arabera funtzionatzen jarraituko lukete. Trumpek petrolioa lortuko luke, jende honek diru pixka bat lortuko luke eta bakea zuen esku-hartzeari esker aurkeztuko litzateke.
RA: Trump bultzatzen ari den A plana hori dela esanen nuke. Trantsizio mantsoa egiten saiatuko da, taularen piezak pixkanaka aldatzen joanen da, jendea pixkanaka ordezkatzen eta dena prest eta kontrolpean dagoenean, agian 6 hilabete barru, hauteskunde berriak egonen dira edo agian Delcy Rodríguezek berak uko eginen dio karguari. Beste pertsona bat sartuko litzateke eta agian Maria Corina Machado bihurtuko liteke presidente txotxongilo berria.
PL: Donald Trumpek prentsaren aurrean egindako adierazpenean esan zuen AEBek inplikatuta jarraituko dutela eta armadak paper bat izanen duela. AEBek kontrol militarren bat ezarriko al dute Venezuelan?
RA: Ez dut uste AEBek etengabe tropak jarriko dituztenik. Estatubatuarren bajak eragin litzake, eta erresistentzia taldeak eraso egitera bultzatu. Trumpek Venezuelaren aurpegia eman nahi dio gobernuari, eta Delcy Rodriguez da han mantendu nahi duen Venezuelaren aurpegi egokia.
PL: Baina, ez al luke Venezuela ezinezko egoera batean jarriko, non Delcy Rodriguezek estatubatuarren aurkakoa eta Maduroren aldekoa izatearen plantak egin behar dituen, Trumpek esaten diona egiten duen bitartean? Izan ere, Maduro AEBetan dagoen bitartean Venezuelako diplomatikoek ahal duten guztia egin behar dute bueltan ekarria izateko, ezta? Egoera eskandalagarria da. Venezuelako diplomaziak kasu bat aurkeztu beharko du Nazioarteko Justizia Gortean eta Nazio Batuen Erakundean. Orduan, nola mantendu dezake Rodriguezek oreka hori?
RA: Bai, oso egoera zaila du. Kontu handiz ibili beharko du bere adierazpen eta ekintzekin. Agian bata oso zaratatsua eta bestea oso isila. Eta trantsizio geldoa, oso geldoa.
PL: Kontua ez da petrolioa eta bere balioa bakarrik, AEBetako dolarretan merkataritza guztia kontrolatzea baizik.
RA: Errusiak eta Txinak urteak daramatzate BRICS delakoak bultzatu nahian dolar estatubatuarra yuan txinatarragatik pixkanaka ordezkatua izateko, horrek independentzia eta botere handiagoak ematen baitizkie. Horrek gehiago babesten ditu AEBetako zigorren aurrean. Baina Trumpek Venezuelako petrolio erreserben kontrola hartzean, botere handiagoa lortuko luke dolarra bultzatzeko munduko petrolio merkataritzan moneta nagusi gisa. Hori da operazio honen helburu estrategikoa.
PL: Chavismoak amaitu behar duen seinale oso argia bidali duzue. Biztanleriak, oro har, hori onartuko du ala ehunka mila lagun izanen ditugu armak hartzea nahiago izanen dutenak?
RA: Beno, giza izaerak bizirauteko moduan jokatzen du batzuetan –historiak askotan erakutsi du hori–, jende gehiena ohartzen denean bere etorkizun ekonomikoa gobernu berriari laguntzearen mende dagoela. Chavismoaren buruak desagertzen hasten direnean, jendeak gobernu berriari ematen dion babesa aldatuz joanen da. Hala ere, beti dago aukera oso ideologizatuta dauden pertsonen talde txiki batek ez laguntzeko eta erresistentzia armatua antolatzeko.
PL: Beraz, Venezuelarentzako eszenatokirik onena Trumpen administrazioa, funtsean, eliteen artean eta pixka bat herriaren artean dirua banatzen hastea eta dena kontrolpean edukitzea izanen litzateke, erregimen neokolonial baten menpe geratu arren.
RA: Ez naiz esaten ari erresistentziarik egonen ez denik. Kubatarrek han jarraitzen dute. Kubatarrak erregimenaren oinarri sendoa dira, aholkulari direlako. Babes moral eta ideologikoa ematen dute. Maduro defendatzen hil ziren pertsonetako batzuk kubatarrak ziren. Beraz, presioa eginen dute.
PL: Nola uste duzu erreakzionatuko duela eskualdeko gainerako herrialdeak?
RA: Disuasio-efektua izaten ari da. Latinoamerikaren independentziari eta duintasunari egindako irain gisa ikusiko dute askok. Baina gehienek tentuz ikusiko dute, tentu handiz, oso mezu indartsua eta beldurgarria baita.
PL: Hilabete luzez Venezuelaren parean aparkatuta egon diren aktibo militarren hedapena eta operazio honetarako erabilitako baliabideak kontuan hartuta, zer prezio jarriko zenioke erregimena aldatzeko kontu honi guztiari? Erregimen aldaketa nahiko garestia izan da, ezta?
RA: Batez ere baliabide militarrak lekuz aldatu eta bertan mantentzea zen helburua, eremu horretan indar aktiboa eta itsas indarra mantentzeak dakartzan gastu guztiekin batera. Agian 1000 edo 2000 milioi. Ez da hain garestia Errusiaren aurkako gerra bizirik mantentzeko Ukrainan gastatzen ari garen ehunka mila milioiekin konparatzen badugu, hau ez da ezer. Trumpek Venezuelako petrolio azpiegiturako milaka milioi dolarrei buruz esandakoa gehitu behar da, beste inbertsio handi bat izanen dena.
PL: Operazio hau nola burutu zen ulertzeko besterik?
RA: Bai, garrantzitsua da ulertzea pertsona bat justiziaren aurrera eramateko kontu hau guztia pantaila bat baino ez dela. Horrek guztiak zerikusia du erregimen aldaketarekin eta petrolioaren munduko merkataritzan dolarra moneta nagusi gisa defendatzearekin. Baina defentsa legala ere bada. Trumpek bere burua eta bere administrazioa defenda ditzake modu horretan. Horrek nolabaiteko immunitate legala ematen dio ekintza judizialen aurrean, norbaitek legez kanpokotzat jotzen badu.
PL: 2019an, Tulsi Gabbard-ek publikoki adierazi zuen AEBak Venezuelatik kanpo mantendu behar zirela. Gaur egun Tulsi Gabbard inteligentzia agentzien burua da, beraz, CIA bere agintepean dago. Operazioaren jakinaren gainean zegoela uste al duzu?
RA: Noski, berak jakin behar du, baina ez du laguntza publikorik eman. Inteligentzia nazionaleko zuzendariaren bulegoak benetako koordinazio-boterea du, baina ez du botere operatiborik. Benetako botere eragilea CIArena da. Bere lanari eutsi nahi diolako geratu da isilik. Ez du nahi kamerek hau babesten grabatu dezaten.
PL: Beraz, Trumpen administrazio barruko fakzio neokontserbadorea nagusitu dela baiezta dezakegu. Eta JD Vance presidenteordea eta Tulsi Gabbard baztertuta daudela, etorkizuneko karreren onerako nola edo hala biziraun nahian.
RA: Vance-k politika isolazionistetarantz jotzen du. Askotan esan du, "Ez zait inporta Ukrainan zer gertatzen den, inporta zait Ohion, Wisconsinen, Pennsylvanian zer gertatzen den, hori baita nire jendea, benetan inporta zaidana”. Eta Rubiok 2028rako presidenteorde izan nahi duenez, protagonismo handia bilatuko du ekintza horietan.
PL: Imajina al dezakezu konexioren bat non lehenik Venezuelari eraso egiten zaion eta gero zuzenean Iranera igaroko den? Netanyahu Washingtonen izan zen duela 4 egun.
RA: Ez dut uste lotura zuzenik dagoenik, baina bai uste dut AEBak oso goiz prestatuko direla Iranen aurkako erasotzeko. Netanyahuk erregimen aldaketa nahi du Iranen. Sharen semea bueltan ekarri nahi du AEBen laguntzarekin. Baina aurreko gatazkan Irango erregimenak bizirik iraun zuen eta gobernua eraistea zein zaila den erakutsi zuen. Netanyahuk berriro presioa eginen dio Trumpi, Iranen aurkako beste eraso olde bat babestu eta erregimena aldatzen saia dadin, protesta hauekin orain saiatzen ari diren bezala. Gainera, hauteskunde urtea da, eta Trumpek ezin du Israel babestu gabe utzita arriskatu. Beraz, Netanyahuk hala eskatzen badu, Trumpek bonbardaketa gehiago eginen du Iranen.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: