Venezuela (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-12-24 01:24

belokijmari@gmail.com 1766535919243

Yanis Varoufakis ekonomialari greziarra da eta egun Texasko Unibertsitatean dihardu irakasle gisa. Hainbat liburu idatzi du ekonomia eta politikaren inguruan. Bideo honetan, Amerikako kontinentean estatubatuarrek izan duten hegemoniaren gainbehera etengabea azaltzen digu.

Bi mendetan zehar, AEBek ziur izan dute Mendebaldeko hemisferioa bere eragin-eremu esklusiboa zela. Ziurtasun horrek izen bat zuen, Monroe doktrina. Eta benetako botereak babesten zuelako funtzionatu zuen. Duela aste batzuk Errusiako gerraontziak Venezuelako kostaldearen aurrean agertu izana ziurtasun horren amaieraren froga izan zen.

Ontzi horiek Kariben zergatik agertu ziren ulertzeko, 1991ra itzuli beharra dago, Washingtonek garaipen bat lege natural batekin nahasi zuen unera. Sobiet Batasuna desegin zelarik, AEB gailur militarrean bakarrik geratu ziren, finantza erakundeen, arkitektura komertzialaren eta kontakizun kulturalaren kontrol osoaren jabe.

AEBek harrezkero ez zegoela etsai estrukturalik eta ez zegoela oreka bat negoziatzeko beharrik interpretatu zuten. Horren ordez beste apustu estrategiko bat egiteko aukera izan zen, garai bateko lehia elkarlan kooperatiboa bihurtzea alegia, baina Errusiaren ahultasuna aukera bezala tratatzea aukeratu zen eta ordurako existitzen ez zen etsai bati eusteko sortutako erakundeak sendotzea erabaki zen. Hamarkada batzuk geroago Kariben gertatu dena hemen hasi zen, estatubatuarren boterea iraunkorra zela pentsatzen hasi zireneko harrokeria horretan.

George Kennan diplomazialari estatubatuarrak NATO ekialderantz bultzatzea akats historikoa izanen zela ohartarazi zuen. Estatuek, beren bizi-espazioa murrizten ari dela sentitzen dutenean, beti egin ohi duten bezala erreakzionatuko zuelako Errusiak ere. Garai horretan Errusia krisi latza pairatzen ari zen. Eta Washingtonek ahulezia hori ondoriorik gabe aurrera egiteko baimen gisa interpretatu zuen. Une erabakigarria 2008an iritsi zen Bukaresten, NATOk Ukraina eta Georgia kide izanen zirela adierazi zuenean.

Washingtonen akats handiena Errusiak ez zuela inoiz erantzunen pentsatzea izan zen. NATO ekialderantz hedatzen zen bitartean, AEBek antzeko logika aplikatu zuten beren hemisferioan. Latinoamerika beti tratatu izan dute espazio administratu gisa. Baina Hugo Chávez 1999an boterera iritsi zenean, Venezuelako petrolioak batez ere venezuelarrei lagundu behar ziela erabaki zuen eta burujabetzaz hitz egiten hasi zen.

Une horretatik aurrera presio ekonomikoa, finantza-murrizketak eta merkatuetarako seinaleak nagusitu ziren. Venezuelak kolapsatu gabe jarraitzen zuela ikusita, 2002an estatu kolpe bat babestu zuten AEBek. Porrot egin zuen, baina Caracasentzat argi geratu zen aurrerantzean Washingtonek arerio gisa jokatuko zuela eta zuzenean esku hartzeko prest zela. 2013an Nicolas Maduro iritsi zenean, AEBetako estrategia basatiagoa bihurtu zen. Zigorrak asfixia sistema integral bihurtu ziren.

Kolapsoa azkarra eta sakona izan zen. Venezuelako ekonomia uzkurtu egin zen, gerrak suntsitutako herrialdeetan baino ikusten ez den moduan. Dozenaka mila pertsona hil ziren botikak inportatu ezinagatik. Milioika lagunek utzi zuten herrialdea, Latinoamerikaren historia hurbileko migrazio krisirik handiena sortuz.

Hala ere, gobernua ez zen erori, estatu aparatua ez zen desegin, indar armatuak ez ziren hautsi. Kanpoko presioak barruko indarrak bizkortu egin zituen, eta ahultasun posizio batetik negoziatzeko edozein pizgarri ezabatu zuen. Orduan hasi zen Venezuela AEBek kontrolatutako sistematik kanpo lan egiteko prest zeuden bazkideen bila.

Moskuk, Venezuela bazkide fidagarrien premiazko beharrarekin zela ikusita, aukera baliatu egin nahi izan zuen. Lehenik petrolio proiektuetan parte hartzen hasi zen. Gero laguntza teknikoa, ingeniariak eta espezialistak etorri ziren. Ondoren, segurtasunaren arloko lankidetza etorri zen, aireko defentsa-sistemak, ekipamendu militarra… epe luzerako konpromisoaren seinale. Ontzigintza izan zen prozesu horren gailur ikusgarriena.

2008tik ontzi errusiarrak Venezuelako kaietan aldizka agertzen ziren. Denborarekin, bisita horiek mezu estrategiko bihurtu ziren. Mezua matematikoa zen, Ekialdeko Europan zabaldutako misil sistema bakoitzeko, fragata errusiar bat Kariben, ekuazioa orekatzeko. Erantzunak proportzionalak ziren, funtsezko kontraesana azaltzeko diseinatutako erantzunak: AEBek beren lurraldetik milaka kilometrotara boterea proiektatzea zilegitzat hartzen badute, ezin die eskubide hori besteei ukatu sinesgarritasuna galdu gabe.

Gaur egun, ekonomia globalak zatitu egin ditu botere-guneak eta, batez ere, AEBek kostu erabakigarriak ezartzeko duten gaitasuna. Haren boterea dagoeneko ez da eztabaidaezina. Ontzi errusiarrak Venezuelako uretara iritsi zirenean, Monroe doktrinak babes materiala galdu zuela frogatu zuten. Mendebaldeko hemisferioa orain ez da espazio itxia. Denbora luzez, ozeanoak horma gaindiezinak balira bezala jokatu zuen Washingtonek. Baina sistema poloanitzean, eragina eraiki eta mantendu egin behar izaten da. Venezuelako kostaldearen aurrean gertatutakoak berretsi du Monroe doktrinak garrantzitsua izateari utzi diola eta geratzen dena botere orekaren errealitatea dela.

Une hau hain argigarri egiten duena AEBen kanpo politikaren kontraesan nagusia da. AEBek 800 base militar inguru ditu 70 herrialdetan banatuta. Eta hori arauetan oinarritutako lidergo arduratsu gisa aurkezten da. Baina Errusiak Karibeko uretan ontzi kopuru mugatu bat zabaltzen duelarik, probokazio onartezintzat jotzen da, eskualdeko egonkortasunerako mehatxua, ia gerra ekintzatzat. Estandar bikoitza agerikoa da.

Washingtonek Venezuelako demokraziaz kezkatzen dela esaten duenean, askok diskurtso ezaguna entzuten dute, sarriegi presioaren aurretik joan dena. Boterea zuzenbidearekin nahasteko jarrera inperiala, presioak ordena orokor bati mugarik gabe eutsi diezaiokeela sinestekoa. Baina presioak erresistentzia sortzen du, eta erresistentziak, lehenago edo beranduago, aliatuak aurkitzen ditu.

Gerra Hotza amaituta, sistema benetan kooperatiboa eraikitzeko aukera historikoa izan zen. Segurtasuna partekatuz, ez inposatuz. Alferrik galdu zen aukera hura. Venezuelaren aurrean dauden ontzi errusiarrak herrialde bakar batek mundua ondoriorik gabe gobernatu zezakeeneko ilusioaren amaiera iragartzen ari zaizkigu.

https://www.youtube.com/watch?v=fS0ZARP6qn0

joan mari beloki kortexarena

2025-12-24


Utzi iruzkina: