Venezuela (eta II)
Zergatik AEBek ez duten inoiz Venezuela inbadituko
Azken bi hamarkadetan AEBek Venezuela nola erabili duten begiratzen dudanean, egun funtzionatzen ez duen eskuliburu zahar bat ikusten dut. Lehenik eta behin, herrialdea ekonomikoki zigor izugarriekin itotzen duzu, eguneroko bizitza ezinezko bihurtzeko. Gero liderra diktadore bezala erretratatzen duzu. Jarraian telebistan saltzen erraza den presidente fotogenikoa aurkezten duzu. Aldi berean, bertako oligarkak pribilegio-promesekin liluratzen dituzu. Eta hori guztia aski ez bada, ezkutuko operazioak, sabotajea, mertzenarioak… Dena demokraziaren eta giza eskubideen hizkuntza ederrean bilduta.
Baina Venezuela, 2000ko hamarkadaren hasieratik, AEBen aurkako defentsa zabala hasi zen planifikatzen. 2002ko kolpe saiakeraz geroztik, Chávezek eta bere zirkuluak Estatua gotorleku bihurtu zuten eta setiatutako estatu mentalitatearekin prestatu ziren. Ez zuten inoiz onartu beren baliabide estrategikoen gaineko kontrol subiranoa bilatzen zuen gobernurik. 2002ko kolpeak denbora eman zion Venezuelari aurre egiten zioten mehatxu mota ulertuko zuten aliatuak bilatzeko. Errusiak, 90eko hamarkadako traumatik atera berritan, argi ikusten zuen. Iranek hamarkadak zeramatzan zigorretatik eta isolamendutik bizirik irauten. Txina epe luzeko segurtasun energetikoan pentsatzen hasia zen. Horientzat guztientzat, Venezuela aukera estrategikoa zen.
Chavismoak kolpea barne konplizitateekin etorri zela ulertu zuen eta Estatu-aparatua egokitzeko prozesu luze eta zorrotza abiarazi zuen. Indar armatuak izan ziren lehen frontea: leialtasun politiko esplizitua exijitu zitzaion, biziraupenerako oinarri gisa. Venezuelak setiozko barne narratiba ere finkatu zuen. Arazoa dela Venezuelan nork agintzen duen, herrialdeak erabaki subiranoak har ditzakeen bere petrolioaz, kanpo-politikaz eta eredu ekonomikoaz. Venezuela zigorrak ezartzeko prestatzen hasi zen, sabotajerako, kolpe saiakeretarako, baita esku-hartze militar baterako ere.
2002tik aurrera, defentsa Estatuaren erabaki garrantzitsu guztiak zeharkatzen zituen galdera bihurtu zen. Ez zuten AEB militarki garaitzea bilatu behar, baizik eta gerra jasanezina eginen zion esku-hartze mingarri, luze eta politikoki toxiko bihurtu.
SU30 ehiza-hegazkinak, S300 aireko defentsa-sistemak, itsasontziak ehunka kilometrotara mehatxatzeko gai diren kostaldeko bateriak, desplazatzen, ezkutatzen eta berragertzen diren sistema mugikorrak, lurpeko azpiegiturak, gerra elektronikoari aurre egiteko komunikazioak, aholkulari errusiarrak, itsasontzien presentziaren kostua handitzeko Iranen ekarpena… Venezuelaren aurkako operazio militarra itsasontziak hondoratu, hegazkinak eraitsi, benetako bajak eragin ditzakeen herrialde baten aurkako kanpaina litzateke. Gaur egungo AEBetako mundu politikoan hori ia pentsaezina da, AEBetako publikoa ez delako 1991n bizi. Esku-hartzea hondamendi politikoa litzateke.
2002an estatu kolpeak 48 ordu baino gutxiago iraun zuen. Edozein analista errealistarentzat hori alarma erraldoia izanen litzateke. Estatua ez zegoen uste bezala hautsita. Aparatu militarra ez zen amildu. Gizarteak ez zuen esker oneko publiko gisa erreakzionatu.
2019an iritsi zen Juan Guaidóren lehendakaritza paraleloa, Mendebaldeko dozenaka gobernuren berehalako aitortzarekin, estaldura mediatiko osoarekin, prentsako hitzaldiekin… Baina presidente legitimoa figura hutsal bihurtuta amaitu zuen.
2020an Gedeón operazioa izan zen. Militar eta erbesteratu talde txiki bat arrantza-ontzietan lehorreratzen. Lurra ukitu aurretik atzeman zituzten eta berehala atxilotu. Mezua argia zen: Venezuelako segurtasun aparatuak ongi funtzionatzen du.
Horren guztiaren benetako arrazoia petrolioa da, finantza-alboko gisa, zorretan eta palanka-efektuan dagoen finantza-sistema global bati eusteko aktiboetako bat den aldetik. Venezuela planetako petrolio-erreserba egiaztatu handienen gailurrean dago, baita Saudi Arabiaren gainetik ere.
Balio hori, Estatu subiranoaren kontrolpean badago, Wall Streeten eta mendebaldeko finantza-zentro handien helmen zuzenetik kanpo geratzen da. Eta hor dago arazoa. Mendebaldeko finantza-sistema zorretik eta kolapsatu gabe hedatzen jarraitzeko benetako albokoa behar duten tresna konplexuetatik bizi da. Petrolioak funtzio hori betetzen du. Venezuelako oposizioko zenbait kidek petrolio sektorea ExxonMobil edo Chevron bezalako korporazioei irekitzea agintzen dutenean, babesa lortzeko baldintza inplizitua aurkezten ari dira.
Petrolioaren kontrola beren esku uzten baduzu, finantza-sistemak berriro onartuko zaitu. Egiten ez baduzu, ito eginen zaitu. Baina Iran gasolina bidaltzen hasi zen. Errusiak finantza kanal paraleloak ireki zituen. Txanpon alternatiboetan petrolio eta merkataritza maileguak egiteko akordioak zabaldu zituen Txinak. Venezuela isolatu behar zuen horrek, azkenean, sakonago integratu zuen gorabidean zegoen bloke multipolarrean.
90eko hamarkadan, Chavezen aurretik, Venezuela zen Washingtonekin lerrokatutako herrialdearen adibide ideala. Petrolioa kopuru izugarrietan zebilen, baina tokiko elite ekonomiko baterantz eta Miamiko, New Yorkeko eta Europako bankuetarantz bideratuta. Zerbitzu publikoak abandonatuta zeuden, pobrezia masiboa zen. Milaka pertsona atera ziren kalera eta ehunka, agian milaka, zibil hil zituzten. Chávezek ez zuen pobrezia hori asmatu, herentzian jaso zuen.
Chavismoak petrolioaren errentaren zati esanguratsu bat ehun sozialean zirkulatzera bideratu zuen. Alfabetatze masiboko programak, landa-klinikak, diruz lagundutako elikagaien sareak, inoiz aukera hori izan ez duen jendearentzako unibertsitate irisgarriak. Horrek politikoki erabakigarria den zerbait sortzen du, sistemak kolapsatzen badu galtzeko zerbait duen oinarri soziala.
Zigorrek ez zioten Estatuari zilegitasuna kendu. Gizartearen zati handi bat erradikalizatu zuten kanpoko erasotzailearen aurka. Blokeoek, sendagai faltak, diru-sarreren kolapsoak eta argi identifikatutako etsai batek erresilientzia soziala sortu zuten, masa handi batek aurreko eredura itzultzea okerragoa izanen zela sentitzen duelako.
Kontraesan nagusia ez da ezkerra eskuinaren aurka, subiranotasuna menpekotasunaren aurkakoa baizik. Berak erabakitzen du aktibo estrategikoei buruz, nork bereganatzen duen errenta. Venezuelak oinarri sozial nahikoa eraiki zuen, estatu aparatu kohesionatua eta bere biziraupenean interes estrategikoa zuten kanpoko babesleak. Hala, Venezuelako kasua Iran, Kuba eta Errusiari gehitu beharreko beste adibide bat bihurtu da. Estatuek ikasi eta eraikitzen dute immunitatea.
Venezuela ez zen politikoki kolapsatu, Washingtonek eskainitako alternatiba ez zelako erresistentzia bezain sinesgarria suertatu. Venezuelako historia zera da, nola 1999tik aurrerako mundua erregimen aldaketa merke, azkar eta ondoriorik gabearen aroa behin betiko ixten ari den.
https://www.youtube.com/watch?v=KiChZkD3BJs
joan mari beloki kortexarena
2025-12-26

Iruzkinak
Utzi iruzkina: