Valentziako hondamendia alkate baten hitzetan

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-11-06 02:21

belokijmari@gmail.com 1730856213571

Egoera politikoa jarraitzen eman dudan mende erdi luzean ez dut sekula entzun hain azalpen zorrotza, sistemak dituen goi-karguen hutsak salatzerakoan, herri mailako arduradun baten ezpainetatik. Valentziako Algemesí herriko alkatearen hitzak politiko guztiek arretaz entzun beharko lituzketen hitzak jaurtiki ditu hondamendiaren errudunen aurka, azalpen sentikor bezain argiak emanez.

Lasaitasuna mantentzen saiatzeko mezua da bidaltzen dudana. Amorru uneak dira, etsipen uneak. Oso bakarrik sentitu gara. Oso argi utzi nahi dut. Ez da errudunak bilatzeko unea. Hau hondamendi bat izan da. Euria ezin da kontrolatu. Eta ibaiak gainezka egitea ezin zen ekidin. Baina inork ez zigun jakinarazi urtegiko ura askatuko zutela eta emariak handituko zirela. Hori oso argi utzi nahi dut. Inork ez gintuen jakinaren gainean jarri. Algemesiko udalak, letorkeen “dana” (lehengo “tanta hotza”) baten aurrean AEMETek jo zuen alerta horia tarteko, igandeko goizeko hamaiketan aktibatu zuen udal larrialdi plana, eurite handiak aurreikusten zirelako. Algemesí hiri laua da, eta euri jasa handiekin kaleetan ura pilatu egiten da maiz, estolderia-sistema ez baitago prestatuta eurite bortitzak xurgatzeko.

Gure baliabideekin mobilizatu ginen eta eurite handiak zetozela biztanleak jakinaren gainean jartzen saiatu ginen. Egun batzuk lehenago prestatzen hasi ginen. Inork ezin izan zuen abisatu ibaia gainezka egingo zuela… Inork? Inork ez al zekien? Ezin al gintuzten jakinaren gainean jarri? Eguerdian dei bat jaso nuen, ibaia arretaz ari zirela kontrolatzen eta bilera egiteko asmo zutela esanez, eta bileraren amaieran berriro deituko zidatela ziurtatuz. Oraindik zain nago, dei horren zain. Dei hori Gobernu Ordezkaritzak egin zuen. Orain arte ez dut errua bati edo besteari bota nahi izan, denek baitute beren zatia jaso beharra. Eta ez dut inor defendatuko, ez nireak, ez aurkakoak, inor ez baita gu defendatzera etorri.

Ni alkate arrunta naiz, eta zinegotzi arruntak ditugu. Gure armak egun hauetan nire telefono mugikorra, nire udaltzainak eta udal brigada izan dira. Horiek izan dira gure armak. Ez dut Larrialdietako Unitate Militarrik, ez dut kamioirik, ez dut iraulkirik, ez dut paladun hondeagailurik. Nire polizia-autoak lehen gauean hondatu ziren. Ez dut megafoniarik. Baliabide horiek guztiak falta ditut. Hau udal apala da. Eta eztabaida hauek entzutea, egia esan, gure arduradunak eta bizilagunak erretzen ditu.

Ibaiak gainezka egitea ezin zen saihestu, baina aldez aurretik abisatu zitekeen. Herritarrak arratsaldeko bostetan jarri nituen jakinaren gainean, kaleetan bi hazbeteko euri -ez ibaiak gainezka egin izanaren ondoriozko- nuelako. Enpresaburuei industrialdeak husteko abisatu ahal izan nien, euria gainean nuelako eta ez ibaiaren arazoaren berririk izan nuelako. Abisatu ez banu ez dakit zer gertatuko zatekeen eta zenbat biktima izanen genituzkeen.

Auzo isolatuak izan ditut, komunikaziorik eza izan dut, lau egun igaro ditut telefonorik gabe. Egun hauetan hiriaren punta batetik bestera oinez ibili behar izan dugu polizia-etxera, janari bilketa guneetara eta herritarrak artatzeko lekuetara joateko, baliabiderik ez genuelako. UMEren lehen taldeak hurrengo eguneko gauean iritsi ziren eta lehen soldaduak biharamun goizean. Horiexek dira dauzkagun baliabideak. Orain, hemen jende asko ari da lanean. Baina -jakinaren gainean jarri izan bagintuzte- jendea goiko solairuetara igotzeko abisatu ahal izango geniekeen.

Etsiak jota eta amorru handiz jardun dut. Izan ere, hemen bizilagun arruntak gara. Ni bizilagun bat gehiago naiz. Algemesiko udal taldea bizilagun arruntez osatuta dago. Nire funtzionarioak ere bizilagun arruntak dira. Denok galdu dugu zerbait. Autoak, beheko solairuak, dendak galdu ditugu. Nire udaltzainak lehen unetik hemen dira. Jarraian hiru eta lau txanda egin dituzte, 24 lan-ordu baino gehiago. Nire brigadak lehen unetik hemen dira, etxeetan lo egin gabe, jendea laguntzen. Eta pertsona horiek eta geuk ere etxean familia daukagu. Etxean gure arazoak ditugu, eta alde batera utzi ditugu arazoaren kudeaketa lehenesteko. Eta berriz errepikatuko dut, handiegia da guretzat. Udaletxean ez dut aginte-postu bat muntatu beharrik, horretarako prest dauden goi-mailako administrazioak izanik. Ez dut hori egin beharrik.

joan mari beloki kortexarena

2024-11-05


Utzi iruzkina: